Berria.info

Osteguna, 2014ko apirilak 17 - 14:30

2012-02-14

Txapeldunen Liga da Bartzelonaren heldulekua orain

Pep Guardiolaren taldeak atzean utzi nahi du Espainiako Ligan daraman bide gorabeheratsua

Erredakzioa Donostia

Aspaldi amaitu zen ligaxka Txapeldunen Ligan. Kanporaketen txanda da orain. Hamasei talde geratzen dira lehian, baina bi hilabete eta erdi barru bi besterik ez dira geldituko, final-zortzirenak, final-laurdenak eta finalerdiak jarraian jokatuko baitira gaurtik aurrera, ia atsedenik gabe. Galbahe horrek bi taldera murriztuko du lehia, eta bi taldeok jokatuko dute finala, maiatzaren 19an, Municheko Allianz Arena estadioan (Alemania).

Finalera iristeko, hala ere, hiru kanporaketa gainditu behar dira. Lehena gaur hasi eta martxoaren 14an amaituko da. Lehen lau joanekoak gaur eta bihar jokatuko dira, eta tartean izango da txapelduna. Bartzelona ia aukerarik gabe geratu da Espainiako Liga irabazteko, Real Madrilek jada hamar puntu ateratzen baitizkio. Hala, Txapeldunen Ligari heldu nahi dio orain —Kopako finala ere jokatuko du—. Ez dirudi Bayer Leverkusen oztopo handia izango denik. Hori bai, kataluniarrak pattal dabiltza sasoi honetan etxetik at, eta gaur presio horrekin ariko dira Alemanian, behingoz Bartzelonatik urrun maila emateko beharrarekin.

Olympique Lyonek eta Apoel Nicosiak jokatuko dute eguneko beste partida, Frantzian. Olympique Lyon talde klasikoa da Txapeldunen Ligako kanporaketetan —bederatzigarren aldiz jarraian ari da—. Ziprekoa, ordea, lehen aldiz sailkatu da final-zortzirenetarako. Beraz, eskarmentua eta ilusioa izango dira aurrez aurre.



 

Final-zortzirenak

Gaur (20:45)

Bayer Leverkusen-Bartzelona

O.Lyon-Apoel Nicosia

Bihar

Zenit-Benfica (18:00) Milan-Arsenal (20:45)

Otsailak 21

CSKA Mosku-Real Madril (18:00)

Napoli-Chelsea (20:45)

Otsailak 22 (20:45)

Basilea-Bayern Munich

O. Marseilla-Inter Milan



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia