2012-02-08
Athletic 6. Mirandes 2
Olatuaren gainean, finalera
Futbol erakustaldia eman du Athleticek, eta lehen zatian erabakita utzi du kanporaketa; 36. aldiz sailkatu da Kopako finalerako
Zuri-gorriek gaur jakingo dute nor izango duten aurkaria: Bartzelona edo Valentzia
Jon Eskudero
Athletic. Iraizoz; Iraola, Javi Martinez, Amorebieta, Aurtenetxe; De Marcos, Iturraspe (San Jose, 57. min.), Ander Herrera (Iņigo Perez, 73. min.); Susaeta, Llorente eta Muniain (David Lopez, 77. min.).
Mirandes. Nauzet; Garmendia, Cesar, Aitor Blanco, Raul Garcia; Martins (Garro, 69. min.), Iribas (Borrell, 55. min.), Mujika, Infante; Lambarri eta Alain (Muneta, 46. min.).
Golak. 1-0. Muniainek (11. min.); 2-0. Susaetak (14. min.). 3-0. Aurtenetxek (22.min.). 3-1. Aitor Blancok (58. min.); 4-1. Llorentek (71. min.). 5-1. Llorentek (75. min.). 5-2. Aitor Blanco (85. min.). 6-2. Canedak bere atean (88. min.).
Epailea. Undiano Mallenco. Txartel horiak: Athleticeko Amorebietari ; eta Mirandeseko Iribasi.
Bestelakoak. San Mames leporaino beteta: 42.000 ikusle.
Ametsa egia bihurtu da. Kito. Hurrengo hiru hilabeteetan izango du zer pentsatua eta zer amestua Athleticeko zale orok. Edota igogailuan hitz egiteko aitzakia. Talde zuri-gorria Espainiako Kopako finalera sailkatu da. Harrotasunez esan daiteke. Harrotasunez oihuka daiteke. Baina harrotasun horren atzean, umiltasuna dago. Marcelo Bielsaren eta bere jokalarien umiltasuna, hain zuzen ere. Lana da sekretua. Lana eta ilusioa. Eta guztia batuta, final preziaturako txartela lortu du Bilboko taldeak. Merezita. Mirandes baino askoz gehiago izan baitzen atzo, San Mamesen.
Carlos Pouso Mirandeseko entrenatzailearen kapritxoa zera izan zen, bere taldeak elastiko berdearekin jokatzea. Elastiko berde dotorearekin. Ez zuen erabaki horren arrazoirik eman. Baina jakina dena zera da, esperantzaren kolorea dela berdea. Bada, akabo itxaropenak eta ustekabekoak. Lehen Mailako hiru talde kanporatu arren, Athletic nagusitasunez gailendu zaio finalerdietan, eta historiako 36. finala jokatuko du, Kopari dagokionez, betiere.
Bielsaren filosofia zein den argi azal daiteke: zertarako utzi gerorako orain egin daitekeena? Horixe egin zuen Athleticek. Lehen hogeita bi minutuetan kanporaketa erabakita utzi, eta punto. Gailurrean dabilen talde baten eta Bigarren B Mailako baten artean aldea egon beharko lukeela garbi dago, baina ez fiatzea hobe zen, batez ere. Zelaian erakutsi behar da nor den hobea. Eta argi eta garbi ikusi zen. Hasiera bikaina eginda azkar aurreratu ziren zuri-gorriak, eta kontrolpean izan zuten norgehiagoka. Munduko talderik onenaren inbidia gutxi izan zuen Athleticek tarte horretan, joko ezin hobea egin baitzuen.
Partidako estreinako aukera Mirandesek izan zuen, 30. segundoan. Kale edo bale egitera irten zen, eta susto pare bat eman zituen. Ordea, Athletic Athletic da. Eta Kopan gehiago. Eta San Mamesen askoz gehiago. Ez zuen denbora asko iraun aurkariaren atera hurbiltzen, eta lehenengo gola 11. minutuan heldu zen, Munainen eskutik. Eskuin hegaletik jokaldi ona egin zuten Iraolak eta De Marcosek, eta Txantreakoak sareetara bidali zuen baloia. Maisuki. Ate aurrean asmatzea falta zaio jokalari perfektua izateko. Bada, atzo pefekziotik gertu aritu zen.
Aurrenekoa eginda ondorengoak ziur iristen omen dira. Bai horixe. Arrazoi zuen hori esan zuenak. Mirandesek ongi egin zuen presioa goian, Iturrasperi jokatzen ez utziz. Baina talde handietan asko dira jokalari onak. Eta hortxe azaldu ziren De Marcos zein Herrera. Aginte makila hartu eta taldea ongi bideratu zuten erasoan. Bigarren golean ere eskuinetik heldu zen jokaldia, eta kasu horretan Susaeta izan zen errematatzailea.
Kanporaketa erabakita egon arren, erritmo berean jokatzen jarraitu zuen Bilboko taldeak. Errepikatuta ikusteko moduko jokaldia egin zuten hirugarren golean. Ukitu, ukitu, eta hunkitu. Horixe egin zuten. Eskuin ezker baloia mugitu, eta azkenean Aurtenetxek buruz barrura.
Llorente, festara gehituta
Bigarren zatiari lasaixeago ekin zion etxeko taldeak. Baina festak ezin zuen bukatu Llorenteren golik gabe. Eta noski, hortxe azaldu zen. Hori bai, lehenik Mirandesek 3-1ekoa lortu zuen. Une txar samarra igaro zuen talde zuri-gorriak, baina arnasa lasai hartzeko gola egin zuen aurrelariak, 71. minutuan. Eta hortik laura, beste bat. Partida eromena bihurtu zen, eta azken txanpan talde bakoitzak egin zuen gol bana. Lehia festa bihurtu zen.
Athleticen aurkaria nor izango den gaur ezagutuko da, Valentzia edo Bartzelona. Joanekoa 1-1 amaitu zen. Hain zuzen ere, Guardiolaren taldea da zuri-gorriek baino Kopa gehiago dituena: 25. Athleticek 23 ditu. Ea garaikur batera ipintzeko aukerarik duen.






