2010-12-29
Selekzioa. Venezuelaren kontrako partida
Hemen da berriz ere
Euskal Selekzioak, hiru urteko hutsunearen ondoren, Gabonetako neurketa jokatuko du gaur, Venezuelaren aurka, San Mamesen
Zaragozak ez dio Herrerari jokatzen utzi, eta Labakak San Jose ordezkatuko du
Jon Eskudero Donostia
Mikel Aranburu ariketa egiten, atzo, Lezaman, Euskal Selekzioaren entrenamenduan, gainontzeko taldekideak begira dituela. / RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Hiru urte tunelean ezkutatuta egon ondoren, badator berriz ere trena. Txuri, gorri eta berde koloredun trena. Azken aldiz 2007ko abenduan ikusi zen martxan, eta kosta zaio itzultzen, baina badator. Nonbait, gidaria eta langileak ez dira abiatzeko adostasun batera iritsi hiru urteotan, eta horregatik egon dira tunelean sartuta. Trenaren izena erabakitzen bat egin dute azkenean, baina izenak ez, izanak sortu dizkie komeria gehien. Denbora luze zihoan, ordea, eta ohartu dira argitara irteteko unea ere badela. Hori bai, inongo geltokitan geratzeko asmorik gabe datoz, etenik gabe aurrera jarraitzeko helburuarekin.
Helburu hori, baina, argiago dute Euskal Selekzioko jokalariek, alegia, langileek, Euskadiko Futbol Federazioak, gidariak baino. Azken aldiz orain hiru urte jokatu zuen Euskal Selekzioak, orduan Euskal Herria izenarekin, eta bana berdindu zuen Kataluniaren aurka. Ordutik tira-bira bat baino gehiago izan dute jokalariek eta federazioak, izena, izaera... direla medio, baina, azkenean, iritsi da benetako eguna. Batik bat, jokalarien borondateari esker. Eta behin hori lortuta, katea inoiz ez moztea espero dute.
Bada, kate horretako lehen aurkaria Venezuela izango da. Egia da lagun arteko partida besterik ez dela San Mamesekoa, baina horrek ez du esan nahi jokalariek daukaten guztia emango ez dutenik jokaldi bakoitzean. Hego amerikarren aurkako norgehiagoka prestatzeko atzo egin zuen lan saio bakarra Euskal Selekzioak, Lezaman, eta uste baino berritasun gehiago izango dira gaur, hutsune batzuk tarteko.
Hasieratik jakina zen min hartuta dauden F. Llorente eta Iraola ez zirela deialdian izango, ez eta Ingalaterrako Ligan aritzen diren Almunia eta Arteta ere. Adurizi, berriz, Valentziak ez jokatzeko agindu zion. Azken egunotan, baina, aldaketa gehiago gertatu dira. Adurizen kasu berdina jasan dute Ruffier Monakoko atezainak eta Herrera Zaragozako jokalariak. Euren taldeetako entrenatzaileak min hartuko duten beldur dira, nonbait. Riesgok eta Zurutuzak beteko dituzte euren lekuak, hurrenez hurren. Eta azkenik, San Josek ere ezingo du jokatu, gaixorik dagoelako. Labakak ordezkatuko du.
Hutsuneak hutsune, Euskal Selekzioak talde sendoa eta ona daukala esan zuen J. Llorentek atzoko lan saioaren ostean: «Sekulako taldea daukagu, eta edonori aurre egiteko gai gara. Oso lagungarria izango zaigu zaleen babesa». Jose Angel Iribarrek ere gauza bera aipatu zuen, baina arerioaren oso ona dela gogorarazita: «Venezuela munduko aurkaririk onena balitz bezala hartuko dugu. Mundu mailan presentzia du, eta talde ona da». Hori bai, Euskal Selekzioak bezala Venezuelak ere hutsune garrantzitsuak ditu: Rondon, Miku eta Arango, besteak beste.
Errebantxa kutsua
Sekulako ikusmina piztu du gaurko partidak, sarrerak ere jarri ahala amaitu baitira. Euskal futbolzaleak selekzioa ikusteko gogotsu daude, eta San Mames bete egingo da. 40.000 eztarrik, gainera, ofizialtasuna aldarrikatuko dute aho batez, eta Llorentek momentu hori hunkigarria izango dela esan zuen: «Hemen gaude ofizialak izan nahi dugulako, eta gure selekzioarekin jokatu nahi dugulako. Horixe aldarrikatu behar dugu». Iribarrek ere mezu bera nabarmendu zuen: «Ofizialtasuna lortzeko jokatzea da onena, bestela ez gaituzte aintzat hartuko». Zalantzarik gabe, euskal futbolaren urteko gaua biziko da gaur, partidak ere ona izateko osagai guztiak baitauzka.
Euskal Selekzioak eta Venezuelak elkarren aurka jokatuko duten lehen aldia ez da. Izan ere, 2007ko ekainaren 20an Hego Amerikan jokatu zuten bi taldeek. Euskal Selekzioak 3-4 irabazi zuen, partida bikaina jokatuta, eta gaurkoa, itzulerakoa ez ezik, errebantxa modukoa ere izango dela diote askok.
Bestalde, Joseba Etxeberriak omenaldia jasoko du, eta berak egingo du ohorezko sakea. Izan ere, elgoibartarra da Euskal Selekzioarekin partida gehien jokatu dituen jokalaria: 11 guztira.
EUSKAL SEL.-VENEZUELA
Euskal Selekzioa. Iraizoz, Riesgo, Amorebieta, Labaka, Koikili, Mikel Gonzalez, Ansotegi, Oier, Gabilondo, Gurpegi, J. Martinez, Susaeta, Xabi Alonso, Aranburu, Xabi Prieto, Zurutuza, Sirieix, Toquero, Muniain, Joseba Llorente eta Agirretxe.
Venezuela. Sanhouse, Eduardo Lima, Chancellor, Villarroel, Romero, Rivero, Perozo, Gonzalez, Granados, Fuenmayor, Agnel Flores, Di Giorgi, Francisco Flores, Hernandez, Alejandro Guerra, Orozco, Peraza, Lugo, Chourio, Febles, Arizmendi eta Del Valle.
Epailea. Iturralde Gonzalez.
Lekua. San Mames (40.000 ik.)
Ordua. 20:45 (ETB1)
ESAITek manifestazio nazionala antolatu du ofizialtasunaren alde
Euskal Selekzioen ofizialtasunaren aldarriak BIlboko kaleak hartuko ditu gaur, ESAITek antolaturiko manifestazio nazionalarekin. 'Nazioa gara, ofizialtasuna. Lortu behar dugu, lortuko dugu!' lelopean, Areatzatik irtengo da 18:30ean, eta San Mameserainoko ibilbidea beteko du. Hainbat eragile politiko eta sindikalek parte hartzeko deia egin dute, besteak beste, ELAk, LABek, EAk, Aralarrek eta ezker abertzaleak. Independentistak sareak, bestalde, partidara berdez jantzita joateko deia egin du. Era berean, partidarako sarrerarik lortu ez duenak, ESAITEk Areatzan izango duen gunean jarriko duen pantaila erraldoian ikusteko aukera izango du. Gunean animazioa egongo da egun guztian, eta hainbat kirol ekitaldi eta kontzertu antolatu dituzte.






