Sua pizteko astirik ere ez
Alemaniak sekulako astindua eman dio Argentinari, lotsaz gorritu du, eta finalerdietan ariko da erakustaldia emanda
Enekoitz Telleria
Horrelako garaipen zerrenda oparoa duten bi taldeen arteko partidetan beti izaten da itzali gabeko su baten txinparta. Berehalakoan piztu eta lehertzen dena. Partidari berotasuna, jokalariei sua eta jokoari garra ematen dion txinparta historiko moduko bat. Horren epelean egin eta idatzi dira bezperan analisiak, egin eta idatzi dira hausnarketak, eta egin, esan eta idatzi dira adierazpen arranditsu eta tokiz kanpokoak. Atzo, ordea, surik gabeko kea baino ez zen izan dena. Sua pizterako itzali zen. Pizterako itzaldu zuen Alemaniak Argentina.
Alemania beste maila batean dago. Orain badakigu. Ez du Argentinak txapelketa guztian estutuko duenik inor topatu. Ez du tamainako kontrariorik izan. Haren defentsa ez du inork ganoraz eraso. Haren zelai erdiaren gabeziak ez ditu inork agerian utzi. Haren entrenatzailearen jardunak ez du inork kolokan jarri. Partidarik galdu gabe ari zelako ari zen ustez ondo. Horregatik zen Munduko Kopa irabazteko hautagaia. Baina pareko kontrarioarekin topo egin duen garaian irten dira Argentinaren trapu zaharrak airera. Biluzi egin du Alemaniak, eta lotsaz gorritu. Ez zen horren ona. Orain badakigu.
Alemania beti da Alemania, eta Alemania hau orain arte izan ez den bezalako Alemania eder bat da. Jokatzea gustatzen zaion Alemania. Presarik gabe, patxadaz eta aukera onenaren bila aritzen den Alemania. Atzean sendoa den Alemania, erdialdean sortzailea den Alemania, eta aurrealdean erabakigarria den Alemania. Baliabide anitzeko Alemania, eta jokalari anitzeko Alemania. Hori da Loew entrenatzai- leak landu eta sustatu duena. Eta Alemania berri bat asmatu du: erabat indarrean beharrean, indarrean bai, baina talentua ere uztartzen den taldea. Oezil, Khedira, Muller eta Podolskiren sormena eta freskotasuna nahastu ditu Martesacker, Friedrich, Lahm eta Kloseren izaera alemaniar gotorrarekin. Eta ederra da emaitza. Taldeak biltzen ditu ezaugarri horiek guztiak, baina bada jokalari bat ezaugarri horiek guztiak biltzen dituena ere: Schweinsteiger.
Hura izan zen jaun eta jabe zelaian lehen zatian, eta bigarrenaren puska eder batean. Hark egindako falta jaurtiketa bat bidali zuen sareetara Mullerrek hirugarren minuturako eta hankaz gora jarri Argentina. Apurtu egin zen Argentina, eta espero zen tokitik apurtu: zelai erditik. Mascheranori ezin zaio eskatu kontrarioaren jokoa desegitea, eta bere taldearena sortzea. Bakarrik aritu zen atzo, eta bere taldeko onenetako bat izan zen, hala ere. Maxi Rodriguezek ez du antolaketarako ahalmenik, Di Maria gehiago da alboetatik eraso egiteko, Tevez eta Messi gehiago dira toki txikian atzetik aurrera egin eta kontrarioa apurtzeko. Egia da arrisku uneren bat sortu zutela, baina sekula ez alemaniarrei tokia erabat galarazteko adinakoa. Ekimena hartzen saiatu zirenetan ez zuten lortu eta hartu zuten apurretan ez zuten aurrean asmatu. Aldagelara gol gehiago jasota joan ez zirenean konforme.
Egoeraz ohartuta Maradonak bigarren zatirako aldaketaren bat egingo zuela zirudien, baina ez zuen ezer aldatu. Guztia alde zuela aritu da orain arte Maradona. Bere aurrelarien sasoian eta eraginkortasunean konfiantza erabatekoa izan du, eta emaitzak lortu ditu. Hori egia da. Baina Nigeria, Hego Korea, Grezia eta Mexiko ziren kontrarioak. Atzokoa Alemania zen. Alemaniaren kontra ezin da argudio horiekin eta gertatu daitekeenarekin bakarrik jokatu. Behar da jakituria gehiago partidaren joana aldatu, eskemak irauli eta sistemak malgutzeko. Eta gabezian handi samarra erakutsi zuen horretan atzo Maradonak.
Egia da beste ganora batekin abiatu zuela Argentinak bigarren zatia , eta emaitzarekin jokatu nahian hasi zela Alemania, baina ongi eutsi zion hegoamerikarren erauntsi ahaleginari, jarri zen berriro ongi zelaian, eta modurik onenean egin zion kontrarioari aurre: bigarren gola sartuta. Mullerrek lurretik pasea Podolskiri, atzelari argentinarrak oso geldo, eta Podolskiren pasea sareetara lasai Klosek. Zaila erraz egiteko ahaleginari emandako saria, inondik ere.
Orduan erabaki zuen Maradonak aldaketa egitea eta Pastore joko-sortzailea ateratzea. Apurtuta zegoen ordurako Argentina. Bigarren gola kolpe handia izan zen eta erreakzionatu ezinda ari zela jaso zuen hirugarrena. Schweinsteiger sartu zen ezkerretik barrura, Pastore utzi zuen atzera erraz, Higuain errazago, eta Friedrichi utzi zion golaren saria.
Klose, errekorretik hurbil
Ikustekoa zen ordurako Argentinako jokalarien eta entrenatzailearen aldartea. Edozein jokaldi nahasitan sua piztuko zela zirudien, saiatu zen Heinze horretan Trotxowski sartu berriari besoaren aurpegian laztan ederra emanda, baina horretarako surik ere ez zuen topatu. Itzalduta zegoen han dena. Ke bihurtuta sua. Saiatu zen Aguero, saiatu zen Messi, baina alferrik. Nabarmentzekoa munduko jokalaririk onenaren jarduna. Jardunik eza, alegia. Erantzukizunaren zamak azpian harrapatuta atzo. Munduko Kopan atera jaurtiketa gehien egin dituena izan eta golik sartu gabe doa. Bere jokoari batere mesederik egiten ez dion sistemak itota doa.
Triskantza amaituta zegoela zirudienean sartu zuen Alemaniak laugarrena, kontraerasoan Klosek sartu zuena. Partidako bigarrena da aurrelari alemaniar finarentzat, eta gol bakarrera du orain Munduko Kopako inoizko golegile onenaren errekorra -Ronaldorena da marka, hamabost golekin-. Hori da albiste Alemanian. Hori eta Mullerrek ezingo duela finalerdietako partida jokatu atzo txartel horia atera ziotelako. Hori eta sekulako itxura ematen duen taldea dela, Oezilek atzo piperrik jokatu gabe ere Argentinari lau gol sartu zizkiolako. Kontuz Alemaniarekin.
Partidako giltzak
Erreakzioak
«Talde honek erakutsi du munduko txapeldun izan nahi duela»
Joachim Loew
Alemaniako hautatzailea
«Hau da sekula bizitzea tokatu zaidan unerik gogorrena»
Diego A. Maradona
Argentinako hautatzailea
«Sekulakoa izan da Argentinari irabaztea; orain Espainia nahi dut»
Bastian Schweinsteiger
Alemaniako jokalaria
«Gauzak ongi egin ditugu, ez dago inori ezer aurpegiratu beharrik»
Carlos Tevez
Argentinako jokalaria
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
