Onenak irabaz dezala
Gaur hasiko da San Miguel liga, Bilbon, eta hamabi traineru ariko dira lehiaketa preziatua irabazteko borrokan
Hemeretzi estropada jokatuko dituzte arraunlariek, gaurtik irailaren 19ra bitartean
Aitor Manterola.
Betiko esaldi leloa da onenak irabaz dezala opatzen duen hori. Baina bete-betean datorkio San Miguel ligari. Faborito argirik ez dagoelako. Faboritoak bat, bi eta hiru baino gehiago direlako. Aurrez garailea nor izan daitekeen esatea abentura handia delako.
Gaur hasiko da traineruen arteko lehiaketa erregularrik preziatuena. Bilbon (17:00), erlojuaren aurka, hiru txandatan banatuta, hamabi oilarrek elkarri desafioka ekingo diote lehiari. Luze joko du demak, hemeretzi estropadez bete baitute egutegia. Azkena, irailaren 19an izango da, Portugaleten (Bizkaia).
Aurrenekotik azkenera arte izango da lehia ederrik. Ikuskizuna ere bai, batzuetan ikusgarriagoa besteetan baino. Kale zozketak eragindako gorabeherak. Eguraldi aldaketek erabakitako garaileak. Estropadak ibaian, estropadak itsasoan. Arraunlariak ahalegin betean, neguan egindako lan gogorra bezain isila zaleei erakusten. Elastiko gorriak, berdeak, horiak, arrosak, urdinak, beltzak, zuriak. Zaleak bere ontzi kutunari emango dizkio animoak, baina batek bakarrik irabaziko du liga. Edozein lehiaketa hastear dela, ohikoa izaten da halako eta bestelako faboritoak direla esatea. Arrauna ez da salbuespena. Badaude faboritoak. Eta ez faboritoak. Bakoitzak daki zein helburu bete behar duen, eta horrela aterako dira, daukaten guztia emateko prest.
Denen ahotan izen bat dabil: Urdaibai. Gehien indartu da neguan, baina fitxaketa nagusia tostetatik kanpo egin du. Jose Manuel Francisco entrenatzaile galiziarra entzun, eta garaipenak burura etortzea bat izaten da. Azken urteetako Urdaibai onena izaten bada, ez da inor harrituko. Iazko garailea ere aipatu egin behar da. Castro beti da Castro. Eta Castro beti ibiltzen da goian. Iazkoa baino talde ahulxeagoa dauka, baina asmatzen badu, liga irabazteko hautagaien artean egon behar du.
Arrauneko solasaldietan, bada ia denak batzen dituen beste iritzi bat: Oriorekin kontuz eta argi. Zerbait bada, eta zarata hutsa ez da izango. Aurreko urtean baino hobeto ibiltzeko asmoz daude, eta horrek esan nahi du hiruzpalau bandera irabazteko gai direla. Pedreñaren izena ere bolo-bolo dabil. Gorantz aritu da azken bi urteetan, eta errematea eman nahi dio lanari. Azken jauzia jotzeko gogoz daude. Taldea badute, eta hitzez esandakoa arraunean eginez gauzatzeko gai badira, faboritoen zerrendan sartu behar dira.
Hondarribia ere betiko izena da. Iaz baino apalagoa ote duen taldea. Hori esaten dute falta diren izenek, baina zerbait bada, erregularra da, eta hor izango da, besteen hutsak baliatzeko prest. Indartsuenen zerrenda osatzeko Kaiku dago. Iaz arazoak izan zituen talderik indartsuena ateratzeko, arraunlari propioen muga tarteko. Aurten, arazoa txikitu egin zaio, eta banderen lehian izateko kontuan hartu beharko da.
Beste multzo batean daude igo berriak. Ez dira edozein, eta aurreko urteetan ez bezala, maila ez galtzeko baino helburu handiagoak dituzte igo berriek: San Juanek eta Astillerok. Faboritoek asmatzen ez duten egunetan, muturra sartzeko hautagaiak dira. Azkenik, mailari eusteko helburua daukate Zumaiak, San Pedrok eta Zarautzek. Tiran, ohi bezala, galdera ikurrez jantzita dator.
Aldaketa araudian
Liga hasi aurretik beti aipatzen da, eta aurtengoa ez da salbuespena. Hautagai asko daude liga irabazteko, baita banderak irabazteko ere. Gainera, ez du ematen iaz Castrok egin zuena inork egingo duenik. Gauzak berdintze aldera, eta ustez ikuskizunaren mesedetan, aldaketa izan da araudian. Igandeetako estropadetako txandak larunbateko emaitzen arabera zehaztuko dituzte, Zarauzko Ikurriña jokatu artean.
San Miguel ligako datuak
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
