Inflexio puntua
Futbola eta gehiago
Jose Mari Amorrortu
Espainiako selekzioaren historiari errepaso bat eginez gero, 60 urte dago atzera egin beharra horrelako abantaila egoera batekin topo egiteko. Maracana eder hartan, Ramallets handiaren taldeak, Piru Gainza eta Telmo Zarra gure lehoienak, zeresana eman zuen, eta txapeldunen fasean aritzeko txartela lortu zuen Ingalaterraren kontrako partida gogoangarri hartan. Matias Pratsen ahotsa gogoan dut oraindik, Pitxitxiren gol handi haren berri eman zuenean.
Etsipen egunak iritsi ziren gerora. Jokalari onak bai, baina partida garrantzitsuei eusten asmatzen ez zutenak, presio mediatikoak benetan zituzten aukeren aurretik jartzen zituelako beti. Espainiak berak antolatu zuen txapelketan hartu zuen kolperik handiena.
Gaur, ordea, bestelako jokalari taldea ikusten dut nik. Zertara ari den dakiena, nazioartean eskarmentua duena, eta gazteen mailan jokatutako Munduko Kopetan bere indarraren berri eman duena. Moralez gainezka datoz Eurokopa irabazi ostean, eta taldearen oinarria inoiz futbolaren erreinuan izan den talderik onenak jarri du, Bartzelonak.
Harrobia izan da aldaketaren motorra. Lan sistema berritzaileen eta denboraren irakurketa egokiaren fruitua izan da guztia. Eta horretan guztian, euskal futbola ongi ordezkatua dago. Nortasuna duten mutilekin, konfiantza ematen dutenekin, alde guztietatik. Gaur da eguna; bidea ongi marraztua dago.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
