Lagun Aroko arima eta bihotza dira Ricardo Uriz eta David Doblas. ACB ligari eusten lagundu diote taldeari, hirugarren urtez. Haien arteko harremana, ordea, orain dela hamahiru urte hasi zen, Baskonian. Euren bideak banatutakoan, postaz izaten zuten elkarren berri, ez zelako sortu Internet.
Lagunak, lankideak
A. Urbistondo.
DonostiaBi milagarren urtea zen. Algecirasen (Espainia) jokatzen ari zen Ricardo Uriz, LEB ligan. Gutun bat jaso zuen etxean. Galiziatik zetorren, eta David Doblasek bidali zuen. Doblas Urizengandik mila kilometrora bizi zen, Santiagoko Rosalia taldean jokatzen ari baitzen. Hamar lerro labur, bizitzak ondo tratatzen zuen jakiteko. Gutuna? «Jendeak denboraren nozioa galtzen du. 2000. urtean ez zegoen Internet sarerik, eta lagunekin harremana izateko modurik merkeena posta zen». Harreman hori urte batzuk lehenago ernatu zen, Gasteizen, Baskonian. Horren guztiaren berri eman diote BERRIAri, Donostiako Antigua auzoko taberna batean, euri eta haize erauntsiaren babesean.
«16-17 urte nituen. Baskoniaren lan saioetan parte hartzen nuen, eta deialdiren batean sartzen nintzen, jokalari asko min hartuta bazeuden». Harrobiko jokalaria zen Doblas, baina Uriz fitxatu egin zuten. Nafarrak etorkizun oparoa zuen gaztetan. «Elkarrekin bizi ginen etxebizitza batean, Jose Manuel Calderon eta Iban Otegirekin. Ondoren, Miguel Angel Pichardo dominikarra ere pisukide izan genuen». Gosaldu, bazkaldu, afaldu, dena egiten zuten elkarrekin. Parrandak eta gaiztakeriak ere bai. «Ni bihurri samarra nintzen», esan du Doblasek; «17-18 urterekin kontzientzia gutxi izaten duzu. Elurra egiten zuenean elur bolak botatzen genizkien paseatzen ari zirenei, seigarren solairutik. Handi samarrak egiten genizkion elkarri ere. Calderon zen denetan txintxoena».
Biek Gasteizen ekin zioten jokalari profesionalen jardunari. Uriz 1998-1999 denboraldian Espainiako Kopa irabazi zuen taldeko kidea zen: «Iruñetik, etxetik atera nintzen lehen aldia izan zen, eta goizetik gauera Elmer Bennett, Juan Alberto Espil, Stefano Rusconi eta halako jokalariekin jokatzen ari nintzen». Doblasek Euroligan egin zuen debuta: «Bi edo hiru minutu jokatzen nuen, asko jota, baina niretzat sekulakoa zen Greziara edo beste herrialderen batera bidaiatzea, edo Dejan Bodirogaren aurka jokatzea. Gainera, lehen taldearekin bidaia egiten banuen, 5.000 pezetako dieta ematen zidaten. Pentsa, gustura joaten ote nintzen!».
Gasteiztik Algecirasera jo zuen Urizek. Valladolidera handik (Espainia), eta errepidean jarraitu zuen Donostiara iritsi aurretik: Zaragoza (Espainia) eta Bilbon barrena. Doblas ere hara eta hona ibili zen, Donostian egonkortu arte: Melilla (Espainia), Santiago (Galizia), Granada, Algeciras (Espainia), Donostia, Menorca (Herrialde Katalanak), eta Donostiara berriro. 2005eko apirilean iritsi zen Uriz Donostiara, LEB 2 ligan jokatzeko. LEB ligara igo zen taldea aurrena, eta ACB ligara ondoren. Doblas taldeko pibota zen ordurako. Biek Donostiatik urrun LEB ligan lortutako eskarmentua goraipatu dute: «Igoera faseak, jaitsiera saihesteko kanporaketak, denetarik jokatu dugu, eta halako une kritikoetan asko ikasten da». Bruesan erabili zuten, ondoren, eskarmentu hori.
Bost urte Donostian
Bosgarren urtea betetzen ari dira Donostian, eta kontent daude egin duten bidearekin. «Jendearen errespetua dudala uste dut», dio Urizek. «Ez naiz Ricky Rubio, baina dagoeneko bost urte eman ditut Donostian, eta nire kirol ibilbidea bukatzen denean, Donostia nire bigarren etxea izango da». Uriz taldearen urrezko historiako parte sentitzen da, Gipuzkoa Basketek ACB ligan egin dituen hiru urteetan taldeko jokalari izan delako. «Tarteka, kalean, jendeak agurtu egiten nau, eta pozgarria da hori».
Doblasi oroitzapen onak eta txarrak etorri zaizkio gogora: «ACB ligako lehen urtean maila galtzea oso gogorra izan zen, kolpe handia. Hor egon naiz, egon gara, une onetan eta txarretan, eta egon izana polita da. Urteekin gogoratuko gaituzten? Baietz espero dut, baina kirol profesionalak iragan txikia du. ACB ligara igo ginen lehen urtean genituen taldekideak ez daude gurekin egun, eta zaleak haiekin gogoratuko ote diren zalantza daukat. Toki eta talde guztietan gertatzen da. Messi eta Raul ere ahaztu egingo dituzte, gu lehenago».
Hamahiru urte lehenago banatu ziren Urizen eta Doblasen bideak. Bost urte dira berriro elkartu zirela. Betiko? 29 urte ditu Urizek, bat gutxiago Doblasek. Nafarrak kontratua dauka hurrengo denboraldirako. Doblasek ez, urtebeteko lotura adostea erabaki baitzuen. Biek Donostian ikusten dute beren etorkizuna. «Jakina, ACB ligan, proiektua sendotzen, urtez urte gero eta gehiago urruntzen delako jaisteko mamua».
David Doblas.
Lagun Aro GBCko jokalaria«Min egin zigun zazpi partidako bolada txarrak»
A. U.
DonostiaRicardo Uriz.
Lagun Aro GBCko jokalaria«Ezin dut jendearen ilusioa kritikatu»
A. U.
DonostiaAlbisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
