Rallyetan dabiltzala uste dute
Guadalupetik
Juanma Garate. - Rabobankeko txirrindularia
Oso triste gaude taldean. Oso triste. Ia inork ez du ikusi, baina Robert Gesink ere erori egin da Amets Txurruka erori den bihurgune berean. Ondoren Kevin Seeldrayers ere hortxe erori dela uste dut, eta horrek badauka zergati bat. Lasterketaren aurretik ibiltzen diren autoak ziztu bizian joaten dira, bidegurutze guztiak itxita egoten direla baliatuta. Bihurguneetan ero moduan joaten dira, rallyetan ibiliko balira bezala, eta errepide bazterreko hartxintxar guztia bide erdian uzten dute. Aiako jaitsierako bihurgune guztiak artxintxarrez beteta zeuden. Astean zehar bide horietatik pasaz gero, dena garbi egoten da, baina lasterketetan ez. Eta aurreko autoengatik da hori.
Normala den bezala, izugarrizko pena hartu dugu, Gesink oso indartsu zegoelako. Aurrekoak baino 50 segundo eta minutu bat geroago hasi da igotzen Aia bigarren aldiz, eta oso azkar igo da. Oso azkar. Baina kaltea eginda zegoen. Atzo aipatu nizuen igoera arriskutsua zela, bost bat kilometroan ez genuelako autoen laguntzarik izango eta edozein arazo tekniko arriskutsua izan zitekeelako. Bada, bihurguneetakoa da beste arazoetako bat. Taldeak oso-oso lan ona egin duela uste dut, eta pena da aste osoko lana bihurgune batean galtzea. Espainiako Vueltan ere antzekoa gertatu zitzaigun azken etapan.
Erorketa hori ahaztuta, bitxia iruditu zait Euskaltel-Euskadiren jarrera. Bi txirrindulari zihoazen aurreko taldean, etapa irabazteko bi hautagai argi, eta atzean lanean hasi dira. Inork ez zuen ulertzen zergatik ari ziren hori egiten. Are gehiago, Euskaltel-Euskadiko txirrindulari bati galdetu diot zergatik ari ziren atzean lanean, eta ez zekiela esan dit. Harrigarria. Batzuetan uste dut talde batzuek kornerra atera eta errematatu egin nahi dutela. Ez da kritika bat, bakoitzak erabakitzen du zer egin, baina inork ez du ulertu haien jarrera.
Eta erlojupekoari begira, badaukat etapa irabazteko faborito bat: Marco Pinotti.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
