Andoni Iraola.
Athleticeko jokalariaAnderlecht aurkari «gogorra» dela aitortu arren, baikor da Andoni Iraola. Hala ere, taldeak dena emanez gero galtzea ez litzatekeela porrota izango uste du jokalari usurbildarrak.
«Lehiakorra izatea ondo jokatzea da»
Haritz Gallastegi.
BilboGozatzen ari da Andoni Iraola (Usurbil, Gipuzkoa, 1982). Athletic lan ona egiten ari da, eta bera asko ari da jokatzen. Ordezkaezina da Joaquin Caparrosentzat. Oraingoz ez dagoela «nekatuta» dio, baina, era berean, lesiorik ez izateko ere hartu beharreko neurri «guztiak» ari dela hartzen. Irrikaz dago Anderlechten kontra jokatzeko.
Prest dago taldea Bruselan jokatu behar duen hil edo biziko partidarako?
Gogo ikaragarria daukagu. Gaitza izango da aurrera egitea, baina ez da ezinezkoa. Athleticek aukera izango duela uste dut. Horregatik, konfiantza izan behar dugu. Denboraldi hasieran jokatu genituen kanporaketak ere gainditu genituen. Zergatik ez dugu, bada, oraingoa ere gaindituko?
Orain badakizue nola jokatzen duen Anderlechtek. Zure ustez, zer egin behar da Belgikako taldea mendean hartzeko?
Athleticekin antzekotasun handia duen taldea da. Talde sendoa eta indartsua da. Fisikoki oso talde gogorra da. Kanporaketa parekatua dago, eta beraz, xehetasun txikiek zehaztuko dute nork gaindituko duen kanporaketa.
Zuek uste baino maila hobea eman zuen Anderlechtek San Mamesen?
Ez. Aurrez bideotan ikusitakoaren berri eman zuen zelaian. Maila oneko taldea dela erakutsi zuen. Belgikako Ligan eroso ari da. Eta kontuan hartu behar da Europako Ligan Brujasek eta Standard Liejak irabazi egin zituztela euren neurketak. Horrek guztiak erakusten du Anderletcht talde ona dela.
Lukakuk 16 urte dituela sinesten duzu?
(Kar-kar). Ez dakit. Hala izango da. Oso indartsua da. Gogorra oso.
Final-hamaseirenak ez gainditzea porrota da Athleticentzat?
Ez litzateke porrota izango. Guk lehiakorrak izan behar dugu, eta barruan daukagun dena eman. Hori egin eta aurkaria hobea bada, ezin dugu ezer egin. Bietako batek izan behar du galtzaile. Barruan dugun guztia ematea da kontua.
Europako Ligan gehiago egin da berba zaleen arteko istiluez Athleticen lorpenez baino. Zer diozu?
Zoritxarrez horrela izan da. Ez da inoren gustukoa istiluen gainean berba egitea. Bruselan futbol partida bat baino ez da jokatuko, eta hortaz hitz egin behar dugu, besterik ez. Beste kontuen inguruan ezer ez aipatzea litzateke onena guztiontzat.
Jokalarien familiartekoak eta lagunak joango dira Bruselarsa neurketa ikustera. Horrek sor dezakeen ardurak eragina izan dezake zuen jokoan?
Arduratuta gaude. Argi dago zaleek kontu handiz ibili beharko dutela.
Ligan zazpigarren sailkatua da Athletic. Ezin zaizue eskatu emaitza hoberik.
Lan txukuna egiten ari gara. Txapelketa guztian zehar hamar onenen artean egon gara, baina urrats txiki bat egitea falta zaigu. Europako postuetara eramango gaituen pausoa ematea falta zaigu. Hurrengo jardunaldietan ematea da gure helburua.
Taldearen emaitzak balekoak izan arren, jokoa ez dela ona entzuten duzunean zer pentsatzen duzu?
Argi dut futbolean emaitzek balio dutela. Emaitzak lagun diren bitartean jarraitzaileak pozik egongo dira. Emaitzak lortzeko ondo jokatu behar da, eta beharbada hori da zailena. Ez ditugu partida borobilak egiten, baina lehiakorrak gara. Hori ondo jokatzea da.
Ez da ohikoa entrenatzailearen etorkizunaren gainean galdetuta jokalari batek bere iritzia ematea. Zuk eman zenuen. Caparrosek jarraitzearen alde agertu zinen.
Logikoena da. Emaitzak hor daude. Futbola nola dagoen ikusita ez da erraza talde berean hiru denboraldi jarraian entrenatzea. Orain arte egin duen lana ona da.
Bestalde, jokatzen ari direnetatik Yeste falta da kontratua luzatzeko. Basauritarrak aldekoak eta kontrakoak ditu zaleen artean, baina taldean asko baloratzen duzue haren ekarpena.
Yeste sekulako jokalaria da. Askotan erakutsi du zer emateko gai den. Horregatik gura dut nik Franek [Yestek] Athleticen jarraitzea. Jokalariak berekoiak gara, eta onenak gura izaten ditugu ondoan.
Javi Martinezen eta Llorenteren gainean ere kontu asko ari gara entzuten. Klubak bietako bat salduz gero, zer pentsatuko luke eskaintzak izan eta Athleticen jarraitzea erabaki duen jokalari batek?
Aipatu dituzun jokalariek zer pentsatzen duten jakitea da garrantzitsuena. Pozik daude Athleticen, eta eurak dira azken erabakia hartuko dutenak. Ez dut uste Athletic utziko dutenik. Dena dela, guk ezin dugu ezer egin. Duela sasoi bi Aritz Adurizek utzi zuen taldea, eta lehiatzen jarraitu dugu.
Hegoafrikan jokatuko den Munduko Kopa ere ate-joka dago. Espainiarekin jokatzeko aukera daukazu. Jokalari baten kirol ibilbidean garrantzitsua izan behar da oso onenak lehiatzen diren txapelketa batean parte hartzea.
Bai. Munduko Kopa bat jokatzeak oso polita izan behar du. Baina ni ez nago itsututa. Taldean lan ona egitea da nire lehentasuna. Horrez gain, faktore asko hartu beharko dira kontuan nik lehiaketa horretara joateko aukera dudan ala ez jakiteko. Lehia handia dago. Norbera bere lanarekin gustura egotea da garrantzitsuena.
Athleticeko kapitainetako bat zara ere. Hasi zara, beraz, ardurak hartzen. Alde horretatik, zu zara euskal jokalariek aukeratutako ordezkarietako bat Euskadiko Federazioarekin negoziatzeko. Filtrazio larregi aukeran?
Kontu hauetan denok egin behar dugu lan egoera zuzentzeko. Filtrazioek ez dute asko laguntzen.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
