Aldaketak Baionan
Christian Gajan entrenatzailea fitxatuko du Lapurdiko errugbi taldeak, mailari eusteko lanean laguntzeko
Eneritz Zabaleta.
BaionaBaionaren denboraldi gorabeheratsuak beste atal bat hasi du aste honetan. Richard Dourthe kirol zuzendari kargutik kendu eta Laurent Pardo aholkulari izateko fitxatu ondoren, Francis Salagoiti Baionako presidenteak beste aldaketa bat eginen du baionarren entrenatzaile postuetan. Klubarekin harremanetan jarri nahi izan arren, klubak isiltasuna gordetzea erabaki du, baina Christian Gajan entrenatzailea Baionara etorriko dela gauza ia segurua da. Klubean ez du inork ezer esan, baina orotariko hedabideek zabaldua dute berria. Batzuek galdera ikurrarekin aipatu dute Gajanen etorrera (L'Equipe kirol kazetak eta Sud Ouest kazetak, besteak beste). Beste batzuek, berriz, segurutzat daukate Gajanen etorrera (Midi Olympique errugbi kazetak batik bat). Galdera ikurrarekin edo gabe, denek albiste beraren berri eman dute.
Aturri eta Errobi bitarteko taldeak Top14ari eustea izanen da Gajanen eginbeharra. Esperientzia handiko entrenatzailea da. Tolosako Stade handian hasi zuen entrenatzaile ibilbidea, Guy Noves oraingo managerraren laguntzaile gisa. Ondoren, Castresen aritu da entrenatzaile nagusi gisa. Ondoren, hainbat herritan ibili da: Italian -Treviso entrenatzen-, Txekiako selekzioko hautatzaile ere izan da, eta Japonian Fukuoka zuzendu du. Gajanek berak ez du berria baieztatu, eta honakoa bakarrik esan du: «Postuan dauden entrenatzaileei buruz erabaki ofizialik ez da hartu oraindik. Beraz, ez dut ezer esateko oraingoz».
Mentieres eta Coyola, kolokan
Gajanen etorrerak Thierry Mentieres eta Jean Phillippe Coyolaren postua kolokan ezarri du. Bi aste eta erdi ditu Baionak Top14ko hurrengo partida prestatzeko; Miarritzeren aurkako derbia, hain zuzen ere. Garai aproposa da entrenatzailea aldatzeko. Mentieresek eta Coyolak ere beren burua arriskuan ikusten dute: «Honek ez du itxura onik», adierazi zuen Coyolak herenegun. «Kanporatzeko arriskuarekin lan egiten dut egunero», erran zuen, berriz, Mentieresek.
Alta, nahasmena handia da Baionan. Atzoko entrenamendu saioa Mentieresek eta Coyolak zuzendu zuten, beti bezala, eta inolako berririk ez zutela jaso ere erantsi zuten. Bi entrenatzaileen kanporatzeak Salagoitiren hitzari balio guztia kenduko lioke. Izan ere, Dourthe kirol zuzendari postutik kendu zuenetik, Baionako presidenteak behin eta berriz esan du entrenatzaileek kontratua bururaino beteko zutela -ekainean bukatuko zaie biei kontratua-. Orain sei egun, Racingen aurka galdu ondoren, berriz erran zuen entrenatzaile postuan ez zela izango aldaketarik. Baina Salagoitirekin horrelako kontraerranak ohiko bihurtzen ari dira azkenaldian, eta dena itxaron daiteke berarengandik.
Azken zalantza postuen banatzearen inguruan dago. Nor izanen da kirol arloko burua: Gajan? Pardo? Nork zuzenduko ditu aitzinekoak? Pardo eta Gajan gibeleko lerroak zuzentzen ohituak daude, eta aitzinekoak espezialista gabe geldi daitezke, Mentieres kanporatua baldin bada. Galdera anitz, beraz, eta Salagoitik isilik egotea hautatu du oraingoz. Baionak Top14an segitzeko, ordea, erantzunak ekarri beharko dizkie jokalariei, entrenatzaileei eta zaleei. Egoera ez da, ez, batere samurra.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
