2009-10-28
Javier Ruiz de Larrinaga
. Spiukeko txirrindulariaAtzo egin zuen 2009-2010 denboraldiaren aurkezpena Javier Ruiz de Larrinagak, Murgian (Araba). Aitzineko denboraldi borobilaren ondotik, oraingoa ere hura bezain arrakastatsua izaten saiatuko da.
«Nazioarteko probetan maila hobetzea da nire helburu nagusia»
Mikel Rodriguez.
Autoan doala harrapatu du BERRIAk Javier Ruiz de Larrinaga (Ametzaga, Araba, 1979). Galderei erantzuteko beta izan du, hala ere.
Iragan denboraldiko lorpenak berdintzea duzu helburu nagusia. Zer lortu zenuen ikusita, lan zaila dirudi.
Bai. Egia errateko, zaila izanen da lehengo urtean lortutakoa berdintzea, baina helburu berberak paratu dizkiot neure buruari: alde batetik, Espainiako Txapelketan, Euskadiko Txapelketan, Espainiako Kopan eta Euskal Herriko Torneoan garaipena lortzea. Bertzaldetik, nazioarteko lasterketetan hobeki ibili nahi dut eta horretara paratuko naiz gehienbat.
Noiz ekin diozu buru-belarri denboraldia prestatzeari?
Ziklo-kroserako entrenamendu bereziarekin abuztuan hasi nintzen. Gimnasioko ariketak zirkuituetan egindako entrenamendu teknikoekin uztartu ditut. Baina maiatzean bertan ordu asko egin nituen errepidean entrenatzen. Hala ere, gure kirolak urte guztian arreta horretan jartzea eskatzen du.
Euskal Herriko eta Espainiako probetan zein izanen dituzu aurkari nagusiak?
Betikoak hor egonen direla espero dut: Isaac Suarez, Egoitz Murgoitio, David Seco... Jose Antonio Hermida ere beti agertu ohi da denboraldi bukaeran. Ondo ibiltzen da. Gerta liteke, iragan denboraldian bezala, Murgoitio agertu zen gisara, lanak emanen dizkigun norbait agertzea. Oro har, joan den urteko maila onari jarraiki, bertze txirrindulariak hagitz mentalizatuta ikusten ditut, eta lehiakortasuna igo egin dela erran liteke.
Helburu nagusia, hala ere, nazioarteko probetan hobetzea duzu.
Bai, hala da. Iragan denboraldian ohartu nintzen ez nuela eman nezakeen onena eman nazioartean, eta, alde horretatik, lortutako postuak hobetu nahi ditut. Atzerrian lasterketa gehiagotan lehiatu nahi dut, ea horrela hobetu dezakedan
Nazioartean lehiatzeari begira, zerbait aldatu duzu prestaketan?
Ez bereziki. Udan, afizionatuekin errepideko lasterketetan aritzeko aukera gehiago izan dut, eta horrekin iragan denboraldi amaierako maila gainditzea espero dut.
Betiko galdera: zer dute berezia Herbehereetako eta Belgikako txirrindulariek? Lasterketen erritmoa? Prestaketa? Baliabideak?
Baliabideetan alde nabaria dago, dudarik gabe. Txirrindulari asko, gazte-gaztetatik, ziklo-krosera bideratzen dira zuzenean. Hori gurean ezinezkoa da ia. Hemen, errepidean profesionaletara ailegatzea da erronka. Nire kasuan, adibidez, profesionaletan talderik gabe gelditu nintzenean sartu nintzen ziklo-krosean. Han, gaztetatik zuzenean ziklo-krosera bideratzeko egiten duten lan hori hemen ez dugu egiten. Horretaz gain, hango txirrindulariek urte guztian errepidean lehiatzen diren talde profesionalak dituzte, eta hori hagitz garrantzitsua da ongi ibiltzeko.
Eta Euskal Herrian nola ikusten duzu egoera?
Azken urteetan parte-hartzeak goiti egin du, eta horrek, nik uste, maila hobetzea ekarriko du. Euskadiko Federazioa ere inplikatuta dago; gazteak Belgikara eramaten hasi da, adibidez. Ziklo-krosaren berpiztea gertatu dela erran liteke, eta ea horrela jarraituz gero, Euskal Herrian garai batean izan zuen parte-hartze eta oro har hedapenera hurbiltzen den.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
