Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 05:41

kirola;2009-10-14;Bete du ametsa. Adriano de Souza brasildarra nagusitu da Billabong Pro Mundaka proban, finalean Chris Davidsoni irabazita

Bete du ametsa

Adriano de Souza brasildarra nagusitu da Billabong Pro Mundaka proban, finalean Chris Davidsoni irabazita

Julen Etxeberria.

Donostia

Ernegatzen hasita zegoen Adriano de Souza (Guaruja, Brasil, 1987), ASP Zirkuituko lehen garaipena noiz lortuko zain. Oso gertu zebilen -bigarren Australiako Quicksilver Pro Gold Coast proban, bigarren Brasilgo Hang Loose Pro proban-, baina ezin. Beti atarian, eta sartu ezinik. Atzo arte. Atzo barruraino sartu zen, eta Billabong Pro Mundaka proba irabazi zuen. Chris Davidson australiarra gainditu zuen finalean, aise, dotore, eguneko puntuaziorik altuena lortuta: 16.40. Davidson txukun aritu zen (11.83 puntu lortu zituen), baina atzo ikusgarri aritu beharra zegoen, De Souza bezala.

Brasildarraren erakustaldia ez zen finalera bakarrik mugatu. Hasi eta bukatu aritu zen iritsiezin, Atxabiribil Sopelako hondartzara oina jarri zuenetik Mundakan txapeldunaren saria jaso zuen arte -Sopelan jokatu zen jardunaldia, Mundakan ez baitzegoen olaturik-. Tyler Knox estatubatuarra izan zen De Souzak makurrarazi zuen lehen aurkaria. Nagusitasunez irabazi zion hirugarren kanporaketan: 14.16 puntu lortu zituen brasildarrak, eta 11.44 puntu estatubatuarrak. Nagusitasun handiagoarekin kanporatu zuen Fredrick Patacchia hawaiiarra finak-laurdenetan. 16.33 puntu lortu zituen De Souzak eta 10.67 puntu Patacchiak.

Bi kontrario, bi oztopo falta zitzaizkion bakarrik gainditzeko De Souzari garaipena lortzeko. Lehena, ez nolanahikoa: Kelly Slater estatubatuarra, bederatzi aldiz munduko txapeldun izandakoa. Kanporaketa ikusgarria izan zen, txapelketako onena, zalantzarik gabe. Ikusgarria uretan, eta ezin parekatuagoa puntuazioetan. Azken emaitza horren erakusle: De Souzak hamasei puntu lortu zituen, eta Slaterrek 15.93.Beraz, garaipena eta finalerako txartela De Souzarentzat. Brasildarrak mendekua hartu zuen, Slater izan baitzen sasoi honetako ASP Zirkuituko laugarren proban, Santa Catarinan (Brasil), etxekoen aurrean, De Souzari garaipena lapurtu ziona. Pozik brasildarra, eta atsekabetuta estatubatuarra. Slaterrek 2003an irabazi zuen azken aldiz Billabong Pro Mundaka proba, baina ordutik ezinean dabil, koska gorenera igo ezinda.

Konfiantzaz gainezka

Slater lehiaketatik kanpo utzi izanak De Souzaren konfiantza handitu besterik ez zuen egin. Gehiago oraindik. Brasildarrak, hala ere, tentuz ibili beharra zuen, Davidson, finaleko aurkaria, Bobby Martinez eta C.J. Hobgood estatubatuarrak, Mundakako probako azken bi txapeldunak bidean utzita iritsi baitzen azken saiora. Ez zen ez aurkezpen txartel eskasa.

Baina atzo De Souzaren eguna zen. Ez zegoen hura gaindituko zuenik. Eta hori agerian geratu zen finala hasi eta berehala. Olatu onena non, brasildarra han. Horrela bata bestearen atzetik. Davidson saiatu zen erauntsiari eusten, baina alferrik. Erakustaldia uretan, eta festa hondarrean, De Souzak saioa amaitu zuenean. Bere jarraitzaileen bizkarrean egin zituen lehorreko aurreneko metroak, Brasilgo bandera eta ikurrina eskuetan zituela. Pozez kabitu ezinik zegoen. Azkenean, bete zuen ametsa, orain hiru urte surf zirkuitu nagusira jauzi egin zuenetik zuen ametsa.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia