Iñaki Egiguren.
Jai-Aliveko presidenteaEnpresak bost urteko bidea egin du, eta baikorra da. Zesta-puntak etorkizuna dela dio, kultur ondarea delako, betiere behar bezala saltzen badute, eta Ipar Euskal Herria da eredua.
«Apustua ezin da izan oinarria; etorkizuna ikuskizuna da, telebista...»
Imanol Magro.
DonostiaBost urte bete dira Jai-Alive sortu eta zesta-punta profesionalean sartu zenetik. Erokeria zirudien, eta enpresaren izena bera hitz joko bat da. Egiguren I.a, baina, ez da damutu apustuaz, eta baikorra da. «Zesta-puntak badu etorkizuna», errepikatu du maiz, eta hurrengo urteak garrantzitsuak izango direla uste du: «Plan estrategiko bat behar dugu, etorkizuneko zestaren oinarriak jarri behar direlako». Enpresaria Donostiako Karmelo Balda pilotalekuko harmailetatik mintzo da.
Zer moduz doa denboraldia?
Balorazioa ona da. Bi enpresen arteko lehiak ikusmin berezia sortu du. Iragan astea ona izan zen, Miarritzeko finalean enpresek elkarren aurka jokatu genuen, frontoia lepo zegoela; guk irabazi genuen partida bikain batean. Zesta-puntak irabazi zuen gehien. Buruz burukoan ere zaleen eta hedabideen bultzada sumatu genuen.
Jai-Aliveren izena hitz joko bat da. Apustu arriskutsu zenak bizirik dirau.
Edozein enpresak du arrisku zati bat. Bost urte hauetan zerbait ikasi dugu. Zalearen, erakundeen eta toki bakoitzeko berezitasunetara egokitu gara, eta zesta-puntak etorkizuna duela ikusten dut. Oinarriak jartzen ari gara, eta agian orain ez dira ikusten, baina hor daude, eta urteak beharko dira modalitatea berpizteko.
Frontoi industrialaren eredua amaitzen ari da, eta zuek hasieratik aldendu zineten. Kutsu berritzaileari eusten diozue oraindik?
Gure eginkizuna da betiko zaleari partida eta lehia ona ematea. Baina horretaz gain, ikusle potentzial berri bat dago hor: gazteak, turistak... Donostiako edo Bilboko gazteek ez dute erremontea eta zesta-pusta bereizten, eta hemengo kirolak dira. Erakutsi egin behar zaizkie, baina.
Zestak badu erakarpen indar hori?
Bai. Ikusle berriak etortzen direnean harrituta gelditzen direla sumatzen dugu: abiadarekin, jokoaren estetikarekin... Denbora behar dugu, laguntza, dirua... Gipuzkoak Federazioarekin elkarlanean gabiltza oinarria lantzeko. Garrantzitsuena da erakartze lana egitea, saio batzuk egin ikastoletan, material merkeekin... eta gazte horiek betirako badakite zer den xistera. Aurten halako saio asko egingo ditugu, oinarria, erakarpena, oso desegituratuta dagoelako. Gero gazte horiek agian ez dute jokatuko, baina xistera betirako ezagutuko dute.
Ba al da tokirik Euskal Herrian bi zesta-punta enpresarentzat?
Noski. Galdera ez da tokia dagoen ala ez, bi enpresa egon behar dute, eta hortik eraiki behar dugu. Hala merkatua handiagoa da, lehia hobea sal daiteke, konbinazio ikusgarriagoak... Egitasmo bat saltzeko testuinguru erakargarriagoa da, telebistei, udalei... Erakargarriagoa da dena.
Enpresek bakea egin duzue, txapelketetan eta plaza batzuetan batera zabiltzate... Baina ez da aski.
Une garrantzitsua da zesta eraikitzeko. Helburua bost urterako egitasmo bat, plan estrategiko bat, eratzea da: hurrengo urteko txapelketak diseinatzen hastea, babesleak bilatu, ETB nola sartuko den zehaztu, nola Jaurlaritza... Hori pentsatu behar dugu. Aurtengo Urrezko Xistera arrakasta izan da, bai, baina hurrengo urtean pentsatu behar dugu, Hego Euskal Herrian bereziki.
Lapurdin zestak bikain funtzionatzen du, jaialdietan 1.500 ikusletik gora elkartuz. Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, jende oso gutxi batzen da. Zergatik?
Miarritzen eta Donibane Lohizunen 40 urte daramatzate halako txapelketak antolatzen. Han klubak ondo dabiltza, eta jende asko dute antolakuntzan: gurasoak, pilotariak... Eta batez ere Udalek laguntza asko ematen diete. Askotan dirua zuzenean, edota Donibane Lohizunen bezala, turismo bulegoekin elkarlanean eta marketin lan handia eginez. Urte osoan egoten dira lanean horri begira, Donostian Zinemaldia edo Jazzaldia zaintzen den bezala. Eurengandik hori ikasi behar dugu, nola eramaten duten jendea frontoira. Hego Euskal Herrian ez gara konturatu zesta-punta ondo sal daitekeen zerbait dela. Jendea frontoira eraman daiteke, turismo 'paketeetan' sartuta, turismo bulegoetan zesta-punta erakutsiz... Hondarribian hasi gara, eta ari gara kanpoko jendea eramaten, baina urteak beharko ditugu.
Urte osoan puri-purian egon da bi enpresen arteko telebistaren auzia.
Alde batera utzi behar den auzi bat da. Etorkizun laburrerako oinarriak jarrita daude, Lehiarako Auzitegiak jarri ditu, bai txapelketetarako, eta bai ETBren inguruan. Argi dago zehaztuta etorkizuneko telebista kontratuetan enpresek eta ETBk zer egin behar duten, eta zer ez. Orain, etorkizunerako telebistarako eskaintza negoziatzeko garaia iritsi da, eta ez dugu oso garbi zein akordio mota izango dugun ETBrekin, han ere aldaketa unea delako.
Eskuaren eredua ona da? Babesle asko, telebista... Duela 25 urte zesta egun dagoen bezala zegoen eskua.
Bai. Telebista da gakoa, jarraitutasuna ematen dizu, eta eskaintzeko produktu ona babesleei. Astero zesta partida bat ematen baduzu, 50 saio dituzu urtean; banku edo telefono enpresa batentzat erakargarria da. Jendeari zure kirolaren zati bat ematen diozu, ikuslea 'lotzen' duzu. Telebistak ez du jendea aldentzen frontoitik; guztiz kontrakoa, pilotariak ezagunak badira jende gehiago erakar dezakete. Egun zesta punta da kirol maila onena duen pilota modalitatea, baina telebistarik gabe ez zara existitzen.
Apustua agortuta dago? Erreminta beti egon da apustuarekin lotuta.
Gizartea aldatu egin da, eta apustua jada ezin da zesta-puntaren oinarria izan. Apustu elektronikoak laguntza bat izan daitezke, baina apustua ez da etorkizuna. Etorkizuna telebista da, babesleak, txapelketa erakargarriak, ikuskizuna... Errazena da astean hirutan Donostian partidak jartzea eta 200 apustu zale elkartzea, baina zesta ezin da izan apustua egiteko aitzakia bat; bestela, hemen ere AEBetan gertatu zena pasatuko zaigu.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
