Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 05:39

kirola;2009-07-28;Nire txopatik. Konfiantza

Konfiantza

Nire txopatik

Gaizka Garmendia. - San Pedroko patroia

Emaitzez haratago, orain ere bada saltsa arraunean, irakurle. Komunikabideetan bolo-bolo dabil San Pedrok eta Zarautzek Euskadiko Txapelketari uko egin izana. Batzuentzat ulergaitza da euskaldunek Euskadiko Txapelketari uko egitea; guretzat ulergaitza da 48 orduko tartean hiru estropada jokatzea. Zergatik eta botere nahiagatik eta ados jartzeko borondate ezagatik.

Arraunean beti izan dira federazioen arteko eta elkarteen arteko pikeak, eta orain ere bai. Hain zaila al da ligak astebete lehenago hasi eta bi asteburu txapelketentzat gordetzea? Ados jartzeko hitz egin beharra dago, eta hitz egin behar dutenak ados jarriko diren konfiantza handirik ez dut.

Konfiantza eza aipatuta, duela bi aste galdera bera askotan egin zidaten kazetariek: «Galiziako eremuak fidagarriak al dira?». Bada oraindik ere galiziarrengan fede gutxi duen jendea. Ba nik zera diotsut, irakurle: nahiago izan ditut Galiziako hiru eremuak asteburuko biak baino. Bai, hala da!

Pedreñan eta Plentzian ibai bana daude eremuaren alboan, eta ibaiak dauden tokian, itsasgorak eta itsasbeherek eragindako ur korronteak, noski! Korronteok txanden eta kaleen artean aldeak eragiten dituzte. Hor ibili ginen patroiak hara eta hona, ahal zenean korronteak aprobetxatuz, eta ezin zenean kalterik txikiena jasateko ahaleginean. Ez dakit estropada orduak nork jartzen dituen, baina itsasaldiak noiz diren begiratzea ere ez da ba zaila! TKEk soldatapean dituen teknikariek konponbiderik jartzen ez badute, ezin konfiantza handirik izan haiengan.

Eta zer esan estropadetan itsasontziak erakusten dituztenetaz? Galizian, Espainian eta Euskal Herrian daude. Ez zait berehala ahaztuko Pedreñan Oriorena zuzen zihoan domingeroa. Itsasoan ere badela alkohol proba egiteko premia!

Konfiantza handiz Castro dabil. Hasieratik aurrea hartu ez arren, beren martxa jarraituz bi estropada hauetan atera dituzte orain arteko alderik handienak. Cavendishen antza dute. Guk ere badugu konfiantza. Atzeko pelotoi estuan aurrena sartzen ari gara, eta sariak ekarriko dizkigu horrek; galdetu Hushovdi bestela.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia