Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 05:38

kirola;2009-07-12;Nire txokoa. Oso haserre nago

Oso haserre nago

Nire txokoa

Mikel Astarloza. - Euskaltel-Euskadiko txirrindularia

Amorru handiarekin nago, oso haserre, eta nahiko triste. Egia da taldeak eta nik lasterketa oso polita egin genuela, ihesaldi guztietan egon ginela, baina, azkenean, ez genuen helburua lortu. Betiko kontua da. Zintzo diot ihesaldian oso indartsu ikusten nuela neure burua. Ongi nengoen, erorikoetatik ondo errekuperatuta, eta etapa irabazteko aukera asko nituela ikusten nuen.

Esprintean txarra izanda bakarrik iritsi behar nuen etapa irabazteko. Sanchezek eta Casarrek, berriz, azkarrak izanda, esprinta nahi zuten, eta bai Efimkinek eta bai nik urrundik bilatu behar genuen etapa. Inork ez zuen erasoa jotzen, eta ni saiatu nintzen, multzoa mugitu nahi nuelako. Berehala irten ziren nire atzetik, eta Efimkinek jo zuenean ez zen inor atera. Metro batzuk hartu zituen, eta hiruok egin behar izan genuen lan harrapatzeko. Lehenbailehen harrapatu nahi nuen, bildu eta berriz ere saiatzeko, baina Casarrek eta Sanchezek azken zuzengunea nahi zuten, esprinta bideratzeko.

Nik ahal izan nuen guztia egin nuen, baina ez nau lasaitzen. Normalean horrekin lasaitzen naiz, baina atzo ez. Amorru handia daukat, berriz diot, aukera polita izan eta ez baliatzeagatik. Betikoa da, ondo nago, hor nabil... baina asko kostatzen zait irabaztea. Etapa ona egin arren, taldean denak burumakur gaude. Batetik, ni ez nintzen irabazteko gai izan; bestetik, helburua zen Egoi Martinezek mendiko elastikoa hartzea, eta ez genuen lortu, eta, denetan okerrena, Koldo Fernandez de Larrea denboraz kanpo iritsi zela, eta etxera joan behar izan zuen. Hiru gauza horiek kontuan hartuta, atzo burumakur gentozen denok autobusean, hitzik egin gabe.

Inork ez du zalantzan jartzen ondo gaudela, ausartak garela, taldea badabilela... baina lan hori ez da sailkapenean islatzen. Gu ezin gara horrekin konformatu, fruitua falta da, eta garaipen bat behar dugu. Haserre nago, ez neure buruarekin, ahal izan dudan guztia egin nuelako. Munduarekin egongo naiz haserre.

Bukatzeko, sakelakoa sutan nuen, 100 mezutik gora jasoko nituen. Lagun guztiek zoriondu ninduten, eta ezagutzen nauen jendeak badaki burumakur nagoela, ez nuelako helburua bete. Animoak baino ez nituen jaso, eta badakit jendea pozik dagoela ausartak garelako, baina ez da nahikoa. Ni animatu nahi izan ninduen orori eskerrak eman nahi dizkiot, baina gehiagoren bila joan behar dugu. Gaurkoa guretzat berezia izango da, eta ziur nago Euskaltel ihesaldian egongo dela. Ni izatea zaila izango da, nahiko denbora errekuperatu nuelako, baina ikusi behar, ea talde handiak mugitzen diren.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia