Berria.info

Astelehena, 2013ko maiatzak 20 - 18:47

KIROLA;2009-03-01;Bezperan, abstentzioa. Athleticeko ordezkoek ezin izan dute ezer egin Sevillako titularren aurka, eta erraz nagusitu dira kanpotarrak San Mamesen Caparrosek atseden eman die jokalari askori asteazkeneko Kopako partidari begira

Bezperan, abstentzioa

Athleticeko ordezkoek ezin izan dute ezer egin Sevillako titularren aurka, eta erraz nagusitu dira kanpotarrak San Mamesen

Caparrosek atseden eman die jokalari askori asteazkeneko Kopako partidari begira

Aitor Manterola.

Gaur dira Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarra osatzeko hauteskundeak, eta atzo hausnarketa egiteko eguna zen. Athleticek aspaldi egin zuen baina liga eta Espainiako Koparen arteko hautua. Kopa lehenetsi zuen, eta atzo liga zeukan. Ondorioz, abstentzioa egin zuen atzo, eta Sevillak aise menderatu zuen Joaquin Caparrosen taldea. Atzoko aurkari bera izango du aurrean asteazkenean Kopako finalerdietan, baina espainiarrak ez ziren abstenitu.

Ondorioa agerikoa izan zen. Athleticek ordezkoz betetako hamaikakoa zelairatu zuen. Sevillak onenak atera zituen. Alde handia zegoen bi taldeen artean, eta emaitzak ederki islatu zuen tarte hori. Partidaren bilakaerak ere ondo baino hobeto azaltzen du talde bakarra izan zela San Mameseko zelaian. Etxekoek noizbehinka soilik estutu zituzten kanpotarrak, eta ez ziren Bilbon ikustera ohituta dauden ohiko indar eta grina erakustaldiak. Borondatea bai, baina ez gehiago.

Partida hasi orduko nagusitu zen Sevilla. Baloiaren bidez. Athleticek ia zelai-erdi osoa eman zion nahi zuena egin zezan, eta Kanouteren atzetik jokatzen ari ziren Romaric, Perotti eta Capel aski ziren zuri-gorrien lerroak erabat desorekatu eta hausteko. Baina azken metroetan ez zuten asmatzen. Ezta aukerak sortzen ere. Athletic, aldiz, ohiko jokoa egiten ari zen. Egin nahian, hobeto esanda. Joko zuzenaren aldeko apustua egin zuen Caparrosek, baina joko mota horri ere norabide jakin bat ematea komeni izaten da. Ez dela baloia edozein moduz luze jotzea. Bada, horixe egin zuten atzo atzelari zuri-gorriek. Baloia oinetan sentitu orduko, astindu egiten zuten, baina edozein lekutara. Velez eta Toquero bi aurrelariak non, baloia beste aldean.

Horrelaxe igaro ziren lehen hogeita bost minutuak. Batek baloia oinetan zuela baina arriskurik egin gabe, eta bestea jo luze eta jo luze. Baina ezustean, Sevillak partida kontrolpean zuenean, Athleticek gola sartu zuen. Korner batean izan zen, bigarren jokaldian. Espainiarrek ez zuten asmatu baloia urruntzen, eta Gabilondori oinean jarri zioten jaurtiketa egiteko aukera. Ezkerrez zartakoa, eta Palopen besapetik barrura. Hogeita seigarren minutua zen. Orduan esnatu zen San Mameseko jendea ere. Ordura arte ikusitakoak ikusita, bazekiten zer-nolako partida ikusi behar zuten, baina golak garaipena lortzeko argia ikusarazi zien. Jokalariak ere piztu egin ziren, eta une batez, denek ahaztu zuten asteazkeneko hitzordua. Baina une batez soilik, handik gutxira Sevillak baloiaren jabetza hartu zuelako berriro ere.

Aurreneko minutuen antza zuen berriz partidak. Baina bazen ezberdintasunik. Sevillak presioa egiten zuen baloia galtzen zuen lekuan, gehienetan Athleticeko atzelarien lerroan. Zuri-gorriek erabaki okerrak hartu zituzten, gainera. Orduan zen luze jotzeko garaia, baina motzean saiatzen ziren jokatzen. Bizpahiru baloi galdu zituzten leku txarretan, eta haietako batean berdindu zuen Sevillak. Balentziagak galdu zuen baloia, Mosquerak erdiratu eta Kanoutek gola. Sei minutu falta ziren atsedenaldirako.

Toquero ez da Kanoute

Bigarren zatiaren hasiera ere ez zen oso egokia izan Athleticentzat. Sevilla nagusi zen. Kanoutek ia sartu zuen bigarrena berrogeita hamalaugarren minutuan, bote lasterrean zartako latza jo eta gero. Armandok urrundu zion baloia. Handik lau minutura ez zuen barkatu. Kontrol ederra egin, eta jaurtikta zehatza zutoinaren ondora. Erabaki beharrekoak erabakita zeudela ematen zuen, baina azken-aurreko minutuan, Toquerok sekulako aukera huts egin zuen. Palopen oinak urrundu zuen gaizki egindako jaurtiketa. Toquero ez baita Kanoute. Ordezkoak ez baitira titularrak. Horra Athleticen eta Sevillaren arteko aldea atzokoan. Ikusi egin beharko da nor den hobea datorren asteazkenean, bi taldeak titularrekin zelairatzen direnean.

 


Athletic 1

Sevilla 2

Athletic. Armando; Ustaritz, Etxeita, Amorebieta, Balentziaga; Susaeta, Gurpegi, Muñoz (Iturraspe, 55. min.), Gabilondo (Garmendia, 80. min.); Velez (Iñigo, 58. min.) eta Toquero.

Sevilla. Palop; Mosquera, Drago, Squillaci, Fernando Navarro; Duscher, Fazio (Renato, 53. min.); Perotti, Romaric, Capel (Konko, 74. min.); eta Kanoute (Acosta, 65. min.).

Golak. 1-0. Gabilondok (26. min.);. 1-1. Kanoutek (39. min.); 2-1. Kanoutek (58. min. )

Epailea. Mateu Lahoz. Txartel horiak Athleticeko Ustaritz, Amorebietari, Muñoz, Gurpegi eta Armandori, eta Sevillako Mosquera eta Acostari.

Bestelakoak. 35. 000 ikusle San Mamesen.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia