Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 19:59

KIROLA;2008-11-22;Pixka bat mugitu da . San Miguel ligako klubak entrenatzen hasi dira jada, eta ia-ia osatu dituzte hurrengo urterako taldeak. Arraunlarien mugimendua ez da handia izan aurten.

San Miguel ligako klubak entrenatzen hasi dira jada, eta ia-ia osatu dituzte hurrengo urterako taldeak. Arraunlarien mugimendua ez da handia izan aurten.

Pixka bat mugitu da

Igor Susaeta

Donostia

Bi hilabete ere ez dira bete arraun denboraldia bukatu zenetik, baina San Miguel ligako talde guztiak entrenatzen hasi dira jada. Aurrena, baina, koadrilak osatu behar izan dituzte klubetako kideek. Mugitu da, bai, azoka, baina pixka bat baino ez. Aurreko urteetako udazken batzuetan arraunlari saldoak mugitu izan dira, eta klub batzuek, Castrok eta Urdaibaik batez ere, ez dute inolako erreparorik eduki udazken bakarrean koadrilaren erdia aldatzeko. Hurrengo sasoian, baina, ez da aldaketa gehiegi izango San Miguel ligako ontzien tostetan; batzuk bai, baina gehiegi ere ez.

Bermeon, esaterako, aldatuko dira gauza batzuk. San Miguel ligaren azken bi urteetako garaile Urdaibaik entrenatzaile berria dauka, adibidez. Patxi Bilbaok kargua utzi du, bere buruari presio handiegia jartzen diolako, eta Fran Gonzalez etorriko da ordezkatzera, Tirandik. Gainera, bost arraunlari titular ere galdu ditu Bou Bizkaia ontziak. Patroiak ere berriak dira: Fran Gonzalez bera eta Izortz Zabala jarriko dira ontziaren popan, Asier Zurinagaren eta Asier Aregoren partez.

Castrok, berriz, bi arraunlari eta bi patroi galduko ditu 2008ko koadrilarekin alderatuta, baina Santiago Lopez Bikuña patroi beteranoa eta Iurgi Iruretagoiena zumaiarra -Zumaian, Urdaibain eta Orion ibilitakoa- fitxatu ditu. Hain emaitza onak eman zizkion taldearen bizkarrezurrari eutsiko dio, hartara, Luis Mari Etxabe entrenatzaileak.

Arraunlari beterano dezentek utzi dute, berriz, Orioren trainerua. Horiek ordezkatzeko, Iñigo Arruti Txabola arraunean hasiko da berriro, eta Alain Colunga dator Ondarroatik. Hala, Joxean Olaskoaga Aizperro-k pare bat fitxaketa lotu nahi du.

San Pedro aldean, berriz, saltsa. Oraindik ere ez dago argi zer gertatuko den. Gaizka Garmendiak izan behar zuen entrenatzailea 2009an, baina uko egin zion horri, kargua hartu eta egun batzuetara. San Pedroren zuzendaritzak beste pertsona bat dauka begiz jota, baina oraindik ere ez du erabakirik hartu. Halere, hurrengo egunetan emango dute entrenatzaile berriaren izena.

Zarautzen, Kike Lopez izango da entrenatzailea, eta Jose Mari Mendizabalen lekukoa hartu du. Gabi Larrinaga eta Jose Mari Intxaustik, aldiz, kluba utzi dute. Enbata ontziari bere gustuko arraunketa eman nahi dio Lopezek, eta oraingoz lau dira arraunlari berriak; tartean Alain Osanbela, Zumaia utzitakoa. Hondarribira, berriz, arraunlari eskarmentudunak itzuli dira eta Ibon Etxeberria oriotarrak ere berea emango dio Mikel Orbañanosek zuzentzen duen ontziari. Zumaiaren taldea antzekoa izango da, baina gazte asko bildu ditu. Kaikuk, berriz, bost arraunlari fitxatu ditu -Aitzol Arrizabalaga ondarroarra, adibidez-, joandako beste bosten tokia betetzeko. Mugitu da azoka, baina pixka bat baino ez, beste urte batzuekin konparatuta.

 

San Miguel ligako klubak



URDAIBAI

Entrenatzailea: Fran Gonzalez (berria).

Joandakoak: Asier Arego eta Asier Zurinaga patroiak, Aitzol Arrizabalaga, Egoitz Gallo, Carlos Rodriguez, Gaizka Olazar eta Gorka Olazar.

Etorritakoak: Fran Gonzalez, Izortz Zabala eta Lur Iribarren patroiak, Julio Cascante, Gotzon Unanue, Jose Carlos Meno, Borja Carasa eta Victor Argento.

CASTRO

Entrenatzailea: Juan Mari Etxabe.

Joandakoak: Cristian Garma eta Juan Mari Lujanbio patroiak, Aitor Mendizabal eta Pablo Casas.

Etorritakoak: Iurgi Iruretagoiena eta Santiago Lopez Bikuña (patroia).

ORIO

Entrenatzailea: Joxean Olaskoaga, Aizperro.

Joandakoak: Ibon Gaztañazpi, Ibon Etxeberria, Endika Uranga, Mikel Arostegi eta Jon Albizu.

Dudan: Agustin Mujika.

Etorritakoak: Alain Colunga eta Iñigo Arruti Txabola.

SAN PEDRO

Oraindik ere ez dute taldea zehaztu.

ZARAUTZ

Entrenatzailea: Kike Lopez (berria).

Joandakoak: Igor Palenzuela, Xabier Peña, Jose Mari Intxautsi eta Gabi Larrinaga.

Dudan: Felipe Eizagirre.

Etorritakoak: Kike Lopez, Alain Osanbela, Ugaitz Agirregomezkorta eta Aitor Alkorta.

PEDREÑA

Entrenatzailea: Angel Gomez .

Joandakoak: Alberto Losada eta Alejandro Mantilla.

Etorritakoak: Carlos Rodriguez, Roberto Perez, Unai Martin, Antonio Portilla eta Jose Ramon Andres.

HONDARRIBIA

Entrenatzailea: Mikel Orbañanos.

Joandakoak: Elias Kerejeta eta Eñaut Labaien.

Etorritakoak: Karlos Mendizabal, Aitor Mendizabal, Aritz Gallego, Aner Etxart eta Ibon Etxeberria.

ZUMAIA

Entrenatzailea: Luis Mari Olasagasti, Luxia.

Joandakoak: Jokin Urkidi eta Jon Agirrezabala.

Etorritakoak: Ibon Basterretxea, Joseba Aristi, Iker Peña, Erik Mendizabal, Beñat Luluaga, Igor Lopez, Mikel Azkarate eta Iban Iriondo.

TIRAN

Entrenatzailea: Dani Perez (berria).

Joandakoak: Jose Costa, Jose Ramon Meno, Jose Rodriguez eta Fran Gonzalez.

Etorritakoak: Ramon Duran, Pablo Miranda, Victor Rodriguez eta Jose Lobera.

KAIKU

Entrenatzailea: Jose Luis Korta.

Joandakoak: Fran Blanco, Borja Viadero, Jose Ramon Carasa, Guillermo Zubillaga (patroia) eta Juanan Ilarza.

Etorritakoak: Asier Zurinaga (patroia), Aitzol Arrizabalaga, Miguel Ruiz, Leandro Salvagno eta Ramon Perez.

MEIRA

Entrenatzailea: Jose Ferral.

Joandakoak: Daniel Rua, Fran Fernandez eta Marco Valladares.

Etorritakoak: David Alfaya, Jose Maria Alvarez, Francisco Costa, David Gonzalez, Juan Roman, Alejandro Rodriguez, Manuel Gomez eta Vicente Costa.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia