Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 19:54

KIROLA;2008-11-21;Fin-fin pasatako galbahea . Aspe eta Asegarceko intendenteak eta pilota hautatzaileak normalean baino denbora gehiagoan aritu dira etziko pilotak bereizten Zainketa bereziak arrakasta izan du, Irujok eta Olaizolak ez baitute kexarik izan

Fin-fin pasatako galbahea

Aspe eta Asegarceko intendenteak eta pilota hautatzaileak normalean baino denbora gehiagoan aritu dira etziko pilotak bereizten

Zainketa bereziak arrakasta izan du, Irujok eta Olaizolak ez baitute kexarik izan

Imanol Magro

Gasteiz

Partida bereziek berezko burrunba sortzen dute. Berezko emozioa, berezko ikusmina... afixarik jarri gabe ere harmailak betetzen dituzte. Enpresentzat ere garrantzitsuak izaten dira, asko dagoelako jokoan edota izar nagusiek jokatzen dutelako, eta dena eduki behar delako kontrolpean. Atzo, Ogetan, Juan Mari Juaristik azaldu zuen egoera: «Etziko partida berezia da, eta sumatzen da». Pilota hautatzaileak zerbaitegatik zioen.

Pilotek hauts asko harrotu zuten iragan asteko aukeraketetan. Lehenbizi, Olaizolak eta Barriolak erabilitakoen arteko aldea izan zen hizpide, eta gero Irujoren gaztainak. Etzi Olaizolak eta Irujok jokatuko dute, eta enpresetako intendenteek ez zuten utzi xehetasun txikiena ere lotu gabe. Atzoko aukeraketa 11:30ean zen hastekoa, baina ia hamabietan hasi zen. Dena atzeratu zen, hasieratik. Aspe eta Asegarceko intendenteak goizeko hamarretan hasi ziren euren sortak bereizten, eta, hautatzaileak gero zehaztu zuenez, «euren pilotariei komeni zitzaizkien pilotak hautatzen ere». Lanak luze jo zien, nola Aspekoei hala Asegarcekoei. Ezin zuten hutsik egin. Lan jakina egin zuten, eta, horretarako, normalean baino denbora gehiago erabili zuten.

Intendenteen atzerapenak Juaristiren lana ere aztoratu zuen. Bigarren galbahea, enpresen nahiei muga jartzearena. Berak ere normalean baino denbora gehiago behar izan zuen, iragan asteko kritikek eragina izan balute bezala. Zehatz egin zuen lan, eta publikoa harmailetan sartzen ikusteak ez zion graziarik egin. Salomonikoa izan zen, Aspekoen bost eta Asegarcekoen beste bost, Cipri eta Punpa, kopuru berean. Juaristik garbi azaldu zuen hautua. «Intendenteek ondo egiten dute euren lana, euren pilotariek komeni zaien pilota izango dutela ziurtatuz. Halako egunetan sortak oso desberdinak izaten dira, eta gaur ere halakoak izan dira».

Lan jakinak bere fruitua eman zuen. Irujok eta Olaizolak gustuko pilotak aurkitu zituzten, eta ez zituzten kontrarioarenak kritikatu; hori bai, oso desberdinak hautatu zituzten, Olaizolak argitu zuen bezala. «Irujorenak biziak dira, bat bereziki, eta nireak, betikoak. Alde handia dago, baina ez dago arazorik». Olaizolak Punpa etxeko bi pilota aukeratu zituen: 104,7 eta 106,8 gramokoak. Motel antzekoak ziruditen kontrakantxatik, baina batek hots oso garbia zuen.

Azken astean asko hitz egin da pilotez, eta bereziki Olaizolak eta Barriolak erabili zituzten piloten arteko aldeaz. Goizuetakoak erakustaldia eman zuen berearekin, eta hainbesteko zalaparta sortu izanak pilotaria ezustean harrapatu du. «Harritu egin nau hainbeste kontu eragin izanak. Aukeraketan ez zen arazorik izan, eta behin irabazita hasi zen pilotari buruz hitz egiten. Badirudi hedabide batzuei ez zaiela gustatzen nik irabaztea, eta irabazten dudanean jokoari buruz hitz egin beharrean, beti dute konturen bat». Etzira begira, berriz, Olaizola ez dela tantoak zenbatzen ariko aurreratu zuen, xedea irabaztea delako, eta boleaz jotzean oraindik beldur pixka bat duela aitortu du.

Negarraren fruitua

Irujok ere nahi zituen pilotak aurkitu zituen, biziak eta Ciprik eginak: 106 eta 106,3 gramokoak. Logroñoko haserrea ez zen inondik ageri. «Badirudi hemen gustuko pilotak lortzeko negar egin behar dela. Logroñoko saskian zeudenak ez ziren gaurkoen erdia ere. Pilota onak dira, biziak, ez dut inolako kexarik».

Irujok ez du kalkulurik egin nahi. Berak argi du: irabazi eta Olaizolak ez ditzala 21 tanto egin. Iberokoak aurkaria dagoeneko finalean dagoela arrazoitu zuen. «Nik partida guztietan sei edo zazpi opari egiten ditut, eta horregatik diot Olaizola jada finalean dagoela, kar-kar». Biharko lehiak, Titin eta Barriolaren arteko partidak, erabat baldintzatuko du igandeko partida, eta Irujok zintzo aitortu zuen zer nahiko lukeen gertatzea Labriten. «Nik nahiago dut Ogetara lasai lo eginda bueltatzea, baina, tira, badakit zaila dela, Titinek irabazi behar du ez dakit zenbat tanto eginda».

Ogeta pilotalekua handia da, eta segur aski ez da beteko. Halere, jende dezente espero dute Aspen. Kantxako harmailako sarrera asko daude oraindik, eta igandean ere egongo dira salgai pilotalekuko txarteldegietan.

 


Intendenteek ondo egiten dute euren lana, euren pilotariek behar duten pilota ziurtatuz»

juan mari juaristi

EPELeko pilota hautatzailea



«Badirudi hedabide batzuei ez zaiela gustatzen nik irabaztea, beti dute zerbait»

aimar olaizola

Asegarceko pilotaria



«Olaizola finalean dago dagoeneko, nik partida guztietan sei edo zazpi opari egiten ditudalako»

Juan Martinez Irujo

Aspeko pilotaria



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia