Berria.info

Asteazkena, 2013ko maiatzak 22 - 15:22

KIROLA;2008-11-20;Cabo da Cruzek uko egingo dio San Miguel ligako bere tokiari . Diru faltagatik eta egin beharreko bidaia luzeengatik hartu du erabaki hori Galiziako taldeak

Cabo da Cruzek uko egingo dio San Miguel ligako bere tokiari

Diru faltagatik eta egin beharreko bidaia luzeengatik hartu du erabaki hori Galiziako taldeak

Igor Susaeta

Donostia

Cabo da Cruzek ez du arraun egingo hurrengo urtean San Miguel ligan. Bai, joan den irailean bukatutako denboraldian bederatzigarren izan zen sailkapen nagusian, eta ondo eutsi zion mailari -aurreko bost ekitaldietan bezalaxe-, baina Galiziako traineruak bere tokiari uko egingo dio. «Ia-ia ziur-ziur esan dezaket 2009ko udan ez dugula San Miguel ligan arraun egingo. Hori erabaki dugu arraunlariekin hitz egin ondoren», jakinarazi zion atzo BERRIAri, Boiroko (Coruña) taldearen presidente Mario Vidalek. Klubaren diru eta arraunlari gabeziagatik zein udan egin beharreko bidaia luzeengatik erabaki dute beren tokiari uko egitea. Hurrengo urteko urtarrilean 11 ontzi egongo dira San Miguel ligan, eta 12 behar dira. Hortaz, hurrengo hilabeteetan toki hori betetzeko lehia eta saltsa handia espero da bulegoetan.

TKE (Traineru Kluben Elkartea) ligako bazkidea izango da Cabo da Cruz urtea amaitu bitartean, baina babesleren batek diru «mordoa» jarri ezean hurrengo urtean Ipar Mendebaldeko ligan lehiatuko direla esan zuen Vidalek. «Zaila, oso zaila da babesle on bat aurkitzea». Arrraunlari kopuruari dagokionez ere, estu dabiltza, larri samar ez esatearren. 14 baino ez dituzte une honetan.

Egia esan, tirabiratsuak izan dira azkeneko hilabeteak Boiroko klubean. Zuzendaritza ere aldatu dute, baina aldaketa ez da, ez, natural-naturala izan. «Traumatiko samarra izan zen. Gaizkiulertuak ere izan ziren gure artean, eta, tira...», esan zion BERRIAri Benigno Silva presidenteorde eta entrenatzaile ohiak. Tristura nabaria zen haren hitzetan. «Gezurra izan arren, zuzendaritzako norbaitek diru bat emango zitzaiela esan zion, ezkutuan, arraunlari bati. Den-dena nahastu zen orduan». Gaizkiulertu horien ondorioz arraunlari dezentek taldea utzi zuten eta zuzendaritzak dimisioa eman behar izan zuen.

Lekukoa hartu zutenek, hortaz, zer egin ez zekitela pasatu dute azkeneko hilabetea; batarekin eta bestareakin hitz egiten. Arraunlari askok, gainera, baldintza bat jarri zieten. «Berriek zein lehendik zeudenetako batzuk, San Miguel ligan ez aritzekotan soilik arraun egingo zutela esan ziguten». Chapela taldetik, adibidez, lau arraunlari etorri dira, baina 14 arraunlari ez dira nahikoa. San Miguel ligako arautegiaren arabera, 18 da gutxieneko kopurua.

Kopuru horrek badu, bai, bere garrantzia uko egiterakoan, baina arraunlarien nahiak eta diru gabeziak gehiago. «Ez dago dirurik, eta, gainera, jendea nekatuta zegoen hainbeste bidaiarekin». Alegia, egin beharreko ahaleginaren truke jasotzen zuten dirua «hutsaren hurrengo» zela, ia-ia. Egin kontu: Cabo da Cruzeko arraunlariek zazpi joan-etorri egin behar izan zituzten iragan udan Euskal Herrira -12.700 bat kilometro bi hilabete pasatxotan-, eta beste joan-etorri bat Zaragozara. Aurreko sei denboraldietan hori ahalegin hori egiteko prest egon ziren Cabo da Cruzeko arraunlariak, baina nahikoa dela uste dute, eta uko egin diote San Miguel ligari.

TKEren sortzaileetako bat

TKE ligaren sortzaileetako bat izan zen Cabo da Cruz, eta azkeneko sei denboraldiak goi mailan osatu ditu. Txukun aritu izan da beti, sailkapenaren erdialdean gehienetan, eta 2004ko uztailaren 24an Hondarribiko Ikurriña ere irabazi zuen. Kontxan ere urtero lehiatu zen, 2003tik 2006ra. Cabo da Cruzek egindakoak badu meritua, eta beste klubetako arraunlari, kide zein zaleen aitortza jaso izan du azken urteotan. Araceli Fernandez diruzain ohia, esaterako, TKE ligako presidentea izan zen 2004ko denboraldian.

 


Ia-ia ziur-ziur esan dezaket hurrengo urtean ez garela ariko maila nagusian»

«Arraunlari askok esan zuten San Miguel ligan ez aritzekotan soilik arraun egingo zutela»

MARIO VIDAL

Cabo da Cruzeko presidentea





 

San Miguel ligan



SAILKAPENA

2003. 6. postua. 110 puntu.

2004. 6. postua. 99 puntu eta Hondarribiko ikurriña.

2005. 7. postua. 101 puntu.

2006. 5. postua. 114 puntu.

2007. 9. postua. 70 puntu.

2008. 9. postua. 79 puntu.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia