KIROLA;2006-03-16;PILOTA. ESKUZ BINAKAKO TXAPELKETAREN FINALA. Iruņazarretik finalera. IRUJOREKIN ETA EULATEREKIN EUSKALTEGIAN. Igandeko finalistek hiru urte daramatzate elkarrekin euskara ikasten Iruņeko Iruņazar euskaltegian. Ikastea pilotan aritzea baino zailagoa egiten zaien arren, ez dute ilusiorik galdu. Berriarekin aritu dira biak lehen aldiz euskara hutsean
Pilota Eskuz Binakako Txapelketaren finala
Iruñazarretik finalera
IRUJOREKIN ETA EULATEREKIN EUSKALTEGIAN. Igandeko finalistek hiru urte daramatzate elkarrekin euskara ikasten Iruñeko Iruñazar euskaltegian. Ikastea pilotan aritzea baino zailagoa egiten zaien arren, ez dute ilusiorik galdu. Berriarekin aritu dira biak lehen aldiz euskara hutsean
IMANOL MAGRO -
IRUÑEA
Juan Martinez Irujo eta Pedro Martinez Eulaterena, euskaltegiko lagunentzat Peio, milaka euskaldun berriren testigantza da. Egunero ordu pare bat ateratzen dituzte euskaltegiko itzalpean sartu eta euskara ikasten buru-belarri jarduteko. Aurrerapenak oso geldiro iristen direla ikusi arren, ez dira atsekabetzen. Lau egun astean, eta eta bi ordu eta erdi egunero, guztira hamar ordu astean AEK-k Iruñeko alde zaharrean duen euskaltegian sartuta. Biak, gainera, ikasle onak dira, eta ez dute piper askorik egiten, klaseko paretan duten asistentzia neurgailuak hala dio. «Astean hiru egunez etortzen gara gutxienez, begira bestela Top Ranking-ari» dio Pedrok, eta harro seinalatzen du sailkapena. %70en inguruan dabiltza, lau egunetik hirutan, «ez dago gaizki!» pentsatuko du irakasleren batek baino gehiagok.
Hiru urte dira Juan eta Pedro elkarrekin euskara ikasten hasi zirela, eta tarte horretan bilakaera nabarmena izan dute. Biek ondo ulertzen dute hizkuntza, telebista eta irratia arazorik gabe aditu ditzakete, hitz egitea, ordea, gehiago kostatzen zaie. Euskaraz mintzatzean esaldi luzeak lotzea kostatzen zaie, motzekin primeran moldatzen badira ere. «Hirugarren urratsean ia dena ulertzen dugu, hitz egitea, baina, zailagoa da», azaltzen du Juanek. «Hitz egiteko erraztasun gutxi dugu, eta lotsak ere bere eragina du». Alboan eserita, Pedrok buruarekin baieztatzen ditu ikaskidearen hitzak. Zailtasunak hizpide hartuta, ikastearen komeriez mintzatu dira. Pedroren iritziz erraztasuna hartzea da zailena, hitzez hitz pentsatu gabe mintzatzea, alegia. Juan, aldiz, pragmatikoagoa da: «Zailena nor-nori-nork eta baldintzak dira! Ah! Eta lotsa kentzea». Juanek lotsa du ezpainetan etengabe, eta harritzekoa da pilotazaleen artean lotsagabe fama handia baitu. Horren harira bere iruzkina egiten du: «Kantxatik kanpo ni lotsatia naiz, kazetariek merezi ez dudan ospea jarri didate».
«Gure hizkuntza delako!»
Juan eta Pedro giro erdaldunean jaiotakoak dira, eta euren sendietan inor gutxik hitz egiten du euskaraz. Irujorenean inork ez omen du euskaraz hitz egiten, eta Eulatek lehengusina pare bat izendatzen ditu. Ikasketak ere txiki-txikitatik gaztelaniaz egin zituzten, Juanek azaltzen duen legez. «Hona etorri aurretik ez genekien ezer, ikastolan dena gaztelaniaz erakutsi ziguten. Euskaraz 'zorionak' eta 'eskerrik asko' baino ez genekien esaten». Zerk bultzatzen ditu orduan hogei urte pasatxoko bi kirolari profesional euskaltegian sartzera? Eulatek txikitatik zuen grina nabarmentzen du. «Gure hizkuntza delako! Jakin beharrekoa. Nik txikitatik nuen euskaraz hitz egiten ikasteko gogoa».
Euskara ikasteari ekiten dioten ikasle askok titulu edo agiri zehatz bat lortzea dute helburu, ez da Juanen eta Pedroren kasua. Klasean ez dute etxeko lanik jasotzen, eta pilotari bikoteak euskaraz txukun hitz egin ahal izatea baino ez du nahi. «Niri hemen eta kalean arazorik gabe hitz egin ahal izatea gustatuko litzaidake, guk ez dugu besterik nahi. Halere ondo dakigu asko falta zaigula», dio Pedrok. Urte gutxi pasatzen direnean hainbat ikasle atsekabetu egiten dira, eta bertan behera uzten dituzte klaseak. Irujo hasieran aurrerapenak errazago iristen zirenaren iritzikoa da, halere ez du ilusiorik galdu eta harro dio egunero klasera joateak merezi duela. «Eguneroko ahaleginak merezi du, zalantzarik gabe. Hasi berritan aurrerapenak gehiago sumatzen dira, perfekzioa bilatzea beti da zailagoa, baina ez dugu presarik, hitz egiten ondo jakin arte jarraituko dugu hemen». Juanek hitz potoloak bota berri duitela antzeman dio, eta irakasleari, irribarre bihurriarekin, konplizitate keinu bat egin dio. Aldarte serioan jardun arren, ez da umorerik falta euskaltegiko gela txikian.
Pilota profesionala erdalduna ote?
Juanek eta Pedrok ez dute ezagutzen euskaltegian ari den beste pilotari profesionalik. Pilota munduan euskal hiztun ugari dago, halere, Aspeko nafarren artean bakan batzuk baino ez dira euskaldunak. Entrenamendu eta partidetan gaztelaniaz solasten dira. «Ohitura da» dio Irujok, «hori zaila da aldatzen». Kirol profesionala eta euskara ikasketak arazorik gabe uztartzen dituzte, euskaltegian kale egiten duten aldi gutxietan normalean ez da lan kontuengatik izaten. «Entrenamenduak goizez egiten ditugu, eta klaseak lauretan hasten dira, alde horretatik ez dugu inolako arazorik» azaltzen du Eulatek. Berriari eskainitako azken elkarrizketan Fernando Goñik berriz ere euskara ikasteko gogoa zuela esan zuen, Irujok eta Eulatek lagun mina dute Zubirikoa, eta zail ikusten dute egitasmo hori gauzatzea. «Fernandok orain kontu asko ditu esku artean, polita litzateke baina zaila da», dio Irujok.
Ikasten hiru urte daramatzaten arren, komunikabideen aurrean, aukeraketa eta partidetan, beti gaztelaniaz mintzatzen dira. Eulatek, behin Euskadi Irratian euskaraz jardun zela gogoratzen du, baina galdera-erantzunak aurrez idatzita zituela onartuta. Komunikabide batekin euskaraz jardun diren aurreneko aldia honako hauxe izan da, eta hurrengoaren aurretik denbora puska bat pasatu beharko dela diote, hala uste du behintzat Pedrok: «Oso zaila da, berez gaztelaniaz ez bada erraza, pentsa euskaraz. Urduritasunak ez dizu hitz egiten uzten. Noizbait euskaraz egingo dugu, ziur, baina oraindik goizegi da». Irujo iritzi berekoa da, eta hanka sartu aurretik pazientziaz aritu nahiago du. «Ikasten ari bagara komunikabideekin ere mintzatu ahal izateko da, guk hori nahi dugu, baina denbora gehiago behar dugu. Hori bai ziur noizbait euskaraz egingo dugula». Badaezpada ere, eta euskaraz mintzatzea erabakitzen dutenerako klaseko paretetan bi kartel ageri dira, batean pilota munduko esamoldeak ageri dira, bestean berriz, birao eta juramentuak. «Biraoak gaur landu ditugu, pilotan aritzeko horiek ere jakin beharrekoak dira kar, kar, kar...», arraroa da Eulatek halakoa bota izana, bera ez baita madarikazio zalea. Binakako finalaren ateetan ezin pilota gaia elkarrizketatik kanpo utzi. Ikaskideak ere finalean izango dira, eta jada famatu egin den Gaur txapela, bihar EGA pankarta eurekin eramango dute oraingoan ere. Pankartaren harira galdera erraza da, zer iritsiko da lehenago EGA ala txapela? Irujok bertsolari iaioenak baino hobeto erantzun dio puntuari: «Nik txapela lortu dut jada, orain EGA falta zait». Eulatek, ostera, umilago erantzun du: «Nik txapela espero dut, partida bakarra falta delako. Galduz gero, baina, agian EGA lehenago, nork daki». Eurek esana da ez dela euskaraz egingo duten azken elkarrizketa, igandean finalaren ostean aukera ona litzateke beste saio bat egiteko. Hitza eman dute, euren aurrerapenak gertutik jarraitu beharko dira, hala pilotalekuan, nola Iruñazarren.
«Bi hauek ez dute hutsik egingo»
Ikaskideek diote Juan eta 'Peio' ikasle finak direla, langileak, eta igandeko finalerako ez dute zalantzarik: eurek irabaziko dute txapela
I. MAGRO - IRUÑEA
Euskaltegiko gelan giro majoa dute, txantxarik ez da falta eta pilota hitzetik hortzera dabil egunotan. Bi ikaslek kazetaria iritsi aurretik ihes egin dute, eta klasean Ana, Felix, Leire, Ruli eta Mikel irakaslea geratu dira. Klasean bi pilotari entzutetsu dauden arren, denek aho batez bera gauza diote: «Jendeak Irujo eta Eulate ikusten ditu, guretzat Juan eta Peio (Pedro), beste bi ikaskide gehiago dira». Ana urrunago doa: «Ni iaz alboko klasean nengoen, eta hemen Irujo zegoela esan zidaten, eta nik hori nor zen galdetu nien. Nik biak garaiak zirela ikusten nuen baina ez nekien pilotariak zirenik». Irujori eta Eulateri buruz galdetuta langileak direla diote, klasera maiz agertzen direnetakoak. Euskaraz paretsu egiten dutela diote, Leireren iritziz agian Pedrok pittin bat hobeto hitz egiten badu ere: «Peio gehiagotan agertzen da eta agian horregatik apur bat hobeto hitz egiten du, Juan, aldiz, askoz urduriago jartzen da».
Zoritxarrez ez da ohikoa kirolari profesionalak euskara ikasten aritzea. Kirolariak oihartzun publiko handiko pertsonaiak dira, eta alde horretatik Irujok eta Eulatek euskara ikasteko eginiko saioak garrantzia duela diote ikaskideek, euren ekinarekin jende gehiago animatu dezaketelako. Leirek ikaskideak goraipatzen ditu. «Polita da, hala jende apala dela erakusten dute, eta eurak ikusita norbait ikasten animatzen bada, hobe». Irakasleak antzeko hitzak darabiltza, irakasle guztiek bezala, bere iruzkintxoa egin duen arren. «Eurek ez dute beste edozein ikaslek baino meritu gehiago, niretzat Rulik eta beste edozeinek meritu gehiago izan dezake, goizeko bostetan altxa ostean hona datozelako. Ukaezina dena zera da: Juanek eta Peiok, pertsonaia publiko diren heinean euren ereduarekin ekarpen handia egiten dutela». Nabaritzen da irakaslea dela. Finalari begira jarrita, denak Ogetan egongo direla aurreratzen dute, txartelak garestiak eta lortzeko zailak direla dioten arren. Leire eta Ruli Irujoren final guztietan egon dira, eta dagoeneko halako hitzorduetara ohitu egin dira. Pronostikoren bat eskatzean denek ikaskideek irabaziko dutela diote, emaitza eskatzen hasita ardura Ruliren esku utzi dute. Aspalditik da pilotazalea, kideek aditutzat dute, eta berak serio-serio pronostikoa bota du: «Juanek eta Peiok irabaziko dute, 22-15, hori bai Aimarren aurka lan asko egin beharko dute» . Asmatzen badu zail izango da astelehenean Juan eta Peio klasean agertzea, eta litekeena da ez izatea kale egiten duten ikasle bakarrak, Leirek «parrandika» egon daitekeela iragarri baitu.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak