Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 19:52

KIROLA;2005-11-05;KAYAK-SURFA . Munduko Txapelketa, Bakion . 2007ko Munduko Txapelketa Euskal Herrian jokatuko da; Euskadi zazpigarren izan da aurtengoan

KAYAK-SURFA

Munduko Txapelketa, Bakion

2007ko Munduko Txapelketa Euskal Herrian jokatuko da; Euskadi zazpigarren izan da aurtengoan



ERREDAKZIOA -

DONOSTIA

2007ko Munduko Kayak-Surf Txapelketa Euskal Herrian jokatuko da; Bakion, hain zuzen ere (Bizkaia). Nazioarteko Federazioak (WSKA) baiezkoa eman dio Euskadiko Federazioak eta Bakioko Itxas-Ondo klubak egindako eskaintzari. Kayak-surfak Euskal Herrian izan duen gorakada saritu nahi izan du WSKAk. Hala, Euskal Herriak Eskoziaren (1997), Brasilen (1999), AEBen (2001), Irlandaren (2003) eta Costa Ricaren (aurten) lekukoa hartuko du. Euskadiko Federazioa WSKAko kide da, eta selekzio propioa du aspalditik.

Costa Ricako Munduko Txapelketa joan zen urriaren 22tik 31ra jokatu zen. Eta Euskadiko selekzioak lan txukuna egin zuen: zazpigarren izan zen taldeka, eta Edu Etxeberria bosgarren sailkatu zen Open mailan. Hamabost selekzio aritu ziren Costa Rican, 130 piraguista inguru.

Euskadiko selekzioak lan hobea egin zezakeen, baina oztopo handia izan zuen. Izan ere, zortzi piraguista bakarrik eraman zituen Costa Ricara, eta beste selekzioek hamasei piraguista zituzten. Taldekako proban piraguista guztien lana kontuan hartzen zenez, Euskadiko selekzioak nahikoa egin zuen zazpigarren postua lortzen. Mendebaldeko Ameriketako Estatu Batuetako selekzioa izan zen txapelduna, Irlandaren, Ekialdeko Ameriketako Estatu Batuen eta Jerseyren aurretik. Euskadiko selekzioa, hala ere, ez zen esku-hutsik itzuli, selekzio alaienaren saria jaso baitzuen. Helburua lehen sei sailkatuen artean geratzea zen, baina izandako arazoak kontuan hartuta, pozik itzuli dira Euskadiko selekzioko kideak. Zortzi piraguistek osatu zuten Euskadiko selekzioa: Edu Etxeberria, Urko Otxoa, Txema Caballero, Luis Abando, Tito Fernandez, Ainhoa Rementeria, Oskar Martinez eta Txabi Caballerok. Hurrengoan etxean ariko dira, eta ez zaie animorik faltako.





© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia