Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 19:51

KIROLA;2005-10-22;KAYAK-SURFA. Ofizialak olatu gainean. Euskadiko selekzioa Munduko Txapelketan ariko da gaurtik Costa Rican



kayak-surfa

Ofizialak olatu gainean

Euskadiko selekzioa Munduko Txapelketan ariko da gaurtik Costa Rican



JULEN ETXEBERRIA -

DONOSTIA

Ez da piraguismoa, ezta surfa ere. Kayak-surfa da, kostaldetan gero eta indar handiagoa hartzen ari den kirola. Izenak dion bezala, piraguismoaren eta surfaren arteko nahasketa da, suzko nahasketa. Piragua batekin olatuak hartzea da eginbeharrekoa, eta surfean bezala, olatu gainean lan onena egiten duenak irabazten du. Hain erraz, hain zail.

Kayak-surfak, nola ez, badu Munduko Txapelketa. Gaur hasiko da, Playa Jacon (Costa Rican). Hamahiru selekzio ariko dira: Eskozia, Gales, Irlanda, Ipar Irlanda, Ingalaterra, Brasil, Japonia, Argentina, AEBak (Ekialdea), AEBak (Mendebaldea), Jersey, Herbehereak eta Costa Rica. Euskadiko selekzioa ere han izango da. Izan ere, Euskadi Munduko Kayak-Surf Elkarteko (WSKA) kide da, eta selekzio propioa du. Bederatzi izango dira Itsaso Barean ariko diren euskal ordezkariak: Txema Carreto, Luis Abando, Txabi Caballero, Edu Etxeberria, Urko Otxoa, Ainhoa Rementeria, Tito Fernandez, Oskar Martinez eta Joseba Fernandez. Taldeka eta banaka ariko dira. Zaila izango dute dominak irabazteko lehian sartzea, kayak-surfean ohitura handia duten herrialde asko ariko baitira, espezialista onenak tartean. Munduko zerrenda aintzat hartuta, AEBetako Mendebaldeko parte-hartzaileak dira podiumeko mailak betetzeko faboritoak (zerrendako lehen hiru postuetan hango kirolariak daude). Lehen euskalduna Txabi Caballero da, 49. postuan. Gauzak horrela, euskal ordezkariek helburu zehatza izango dute: txapelketaz gozatzea eta ahal duten lan onena egitea. Txapelketara joan aurretik parte hartu duten probetan argi geratu da gorantz doazela, eta egun maila polita dutela. Kontuan hartu behar da kayak-surfa kirol erabat amateurra dela eta, adibidez, Munduko Txapelketara joateko gastu guztiak euren poltsikotik ordaindu behar izan dituztela.

2007ko Munduko Txapelketa, Bakion?

Costa Ricako Munduko Txapelketak, halaber, albiste onak ekar ditzake. WSKAk interesa du 2007ko Munduko Txapelketa Euskal Herrian joka dadin. Aukerak egon badaude, Bakioko (Bizkaia) Itxas-Ondo klubak proposamen bat eramango baitu Costa Ricara, Munduko Txapelketa Euskal Herriko hondartzetara ekartzeko. Eskoziak (1997), Brasilek (1999), AEBek (2001) eta Irlandak (2003) hartu dituzte lehen lau ekitaldiak.





© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia