Berria.info

Larunbata, 2013ko maiatzak 25 - 19:26

2012-06-17

Bira

Izua Grezian

Idurre Eskisabel

Umetan txundituta uzten ninduen amaren pasadizo batek: Burgosko prozesuaren kontrako protesta batean grisak oldartu, eta, beldurraren beldurrez, zegoen lekuan iltzatuta geratu omen zen, ez atzera ez aurrera, mugitu ezinik, egurra jasotzeko patutik libratzeko aukerarik ez balego bezala. Nire umetako buruan ez zen kabitzen amak egoera hartan lasterka egiteko gaitasunik ez izatea, atakatik irteteko zirkinik ez egitea.

Gerora, haztearekin sena galtzeaz batera, neure baitan sentituta jakin nuen zer zen beldurraren ondorioz zauden lekuan iltzatuta geratzea. Aurrera egin ezinik. Egurra jasotzeko zain. Eta ez mehatxu ukigarri eta zehatzen aurrean bakarrik, baizik eta, batik bat, bizitzaren eraso zehazgabeagoen pean: ohitura bihurtutako harremanetan, interesa galdutako lanetan...

Aldaketa eragozteko armarik indartsuena baita beldurra. Ongi dakite boteredunek. Horregatik, Europako Batasuneko buruzagiak gogor ari dira astintzen hondamendiaren profezia eta izuaren bandera gaur, Greziako hauteskundeak ez ditzan irabaz, hain zuzen, aldaketa gauza dezakeen indar politiko bakarrak, Siryza ezkerreko fronteak.

Izan dezatela greziarrek senik eta kemenik egurraren zain geratu ordez aurrera egiteko!



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia