2012-06-10
Komisario politikoak, bufeteetatik
Rafa Caride, Kepa Pikabea, Joseba Urrosolo
Euskal presoak
Duela hilabete, Presoen Kolektiboa kaletik gidatzen duen komisario politikoen taldeak, agiri baten bidez, oraindik sarraila gehiago eransten zien presoen ziegetako ateei, Langraiz bidea damuketa-salaketa terminoekin deskalifikatuz. Kezkagarria da EPPKren izenean presaka idatziriko agiri hori, presoek barik, sarrailarik gabeko bulegoetan idatzia zela jakitea. Hau da, oso ondo bizi eta beren etxeetan gauero lo egiten duten komisario politikoek egina izatea.
Komisario politiko taldetxo horrek ondo ezagutzen du Italian izan zen damuketa politikoaren eta disoziazioaren arteko ezberdintasuna. Ondo dakien bezala gure artean ez dela egon inongo salaketa zantzurik. Badakite zer pentsatzen dugun, baita zelako pausoak eman ditugun ere, baina bost axola zaie. Nahiz eta egia jakin, manipulatu egiten dute beraiek inposatutako bidetik beste preso batzuk irten ez daitezen. ETAren 2006.eko su-etenaren ondoren, kalean jendea pozak zoratzen zegoenean, espetxeetako lokutorioetara joaten ziren itxaropena zapuztera. Batere gorritu gabe, presoei hauxe adierazten ausartzen ziren: Loiolako prozesuak borroka armatuaren amaiera ekarriko zuela pentsatzen zuenak jai zuela, borroka armaturik gabe ezin zela jarraitu eta. Loiolako prozesua zapuztu ondoren, presoak nahasteko asmoz, Zutik Euskal Herria txostena baztertu eta Mugarri txostena espetxeetan sartzen saiatu ziren berberak dira.
Hain zuzen, beste batzuen artean, beraiek dira ETAk sufrimenduaren luzapena besterik lortu ez izanaren arduradunak. Eta hori, 700 preso espetxeetan 30 urteko zigorra osorik betetzen ari direnean. Hala eta guztiz ere, eta jendeak horrela dela jakin, begirunez jokatzen ari da beraiekin. ETAren amaiera, ahidura eta porrotera eramatearen ardura leporatzea ekidinez. Beraiek, ordea, mentalitate berdinarekin diraute: bat ez datorren oro irainez egurtzeko eskubidea dutela pentsatzen jarraituz.
Irlandan ere, duela 15 urte, arazoak izan zituzten sektore txiki batekin (IRA Verity eta Continnuity), zeinak Gerry Adams eta Martin McGuinneess salataritzat jotzen zituzten. Gurean, arazoa besterik izan da: sektore txiki horrek dena kontrolatu izan baitu, Batasunak bere bide propioa egiteari ekin eta ETAri aurre egitea erabaki duen arte. Ordutik, komisario politikoen sektore txiki horrek presoen kolektiboa soilik kontrolatzen jarraitzen du, inolako gizatasunik gabe eta presoak eta haien familiak engainatuz. Hauek, berriz, benetan jakingo balute nola dabiltzan eta zenbat aukera galtzen utzi dituzten urte hauetan guztietan, ez liekete inoiz barkatuko.
EPPKren izenean argitaratutako azken agiriarekin, berriz, oraindik eta gehiago nahastu dute egoera. Ez gara presoez ari, hauek urriaren 20an onartu baitzuten borroka armatua betirako amaitu zela. Agiri hori idatzi zuten komisario politikoen taldetxoaz ari gara, zeinak, hain sinplea eta hain nabaria den «eragindako kaltea onartzen dugu» esan beharrean, kontzeptuekin jolasten jarraituz «gatazkak kaltetuak eta biktimak eragin ditu» dioen. Oso kontziente dira era horretako adierazpenek ez dutela presoen arazoa konpontzen laguntzen eta zapuzketa besterik ez duela eragiten, baina hala ere ez dira kikiltzen.
1977ko Amnistiatik gaur egunera arte (salbu 1982.ean ETApm-ko presoak, likitzat, damututzat, salataritzat… jo genituenak), preso guztiak bakoitzaren egoera pertsonalaren arabera atera dira espetxetik. Hau da, bakoitzari jarritako zigorraren arabera edo bakoitzak bere fidantza ordainduta, hain zuzen. Inor, bat bakarra ere ez da atera kolektiboki.
Beraz, 35 urte beranduago hainbeste sufrimendu jasan eta eragin ondoren, zentzu handiagoz jokatu beharko litzateke presoen egoera zailari konponbidea emateko orduan. Eta hau ez da hauteskunde emaitzekin samurtzen, zeren 87-89 urteetako hauteskunde emaitzak egungoak baino hobeak baitziren, ezkerreko burujabetzaren aldeko metaketaren ikuspegitik. Beraz, 25 urte beranduago, HBtik baino EAtik hurbilago dagoen politika eginez gauzatzea ondo bada ere, ez da espetxe barrutik suziriak botatzeko modukoa.
Auzia da duela bi urte Gobernuak preso guztiei pausoak eman eta legalitatearen barruan konponbidea bilakatzeko aukera eskaini ziela, betiere borroka armatutik aldendu eta eragindako kaltearen onarpena oinarri hartuta. Egungo gobernuak bi fasetan planteatu du: lehen fasean, hurbilketa egite aldera, preso bakoitzak borroka armatua baztertu beharko luke, eta, bigarren fasean, legalitatearen barruan pausoak eman.
Ez gara gu izango baldintzak bigundu edo gogortu egin diren esango dugunak, ondo badakigu ere panorama nola dagoen. Ez da txantxetarako gaia, eta are gutxiago egunkari jakin batek «Langraiz bidearen porrotaz» titulua egiteko. Ondo baitakite presoen egoera gero eta gehiago korapilatu dela eta katilukada bat nahi izan ez duenari katilu eta erdi eskaini zaizkiola, bi fasetan. Eta horrek preso guztien kartzelaldia luzatzea ekarri du.
Argi duguna da duela bi urte komisario politikoek beste era batera jokatu izan balute preso ugari EHko espetxeetan egongo zirela jada. Asko, etxean; eta beste batzuk, baimenekin espetxetik ateratzen. Eta gizartean askoz ere giro hobea arnastuko zela egoera konplikatuenei aurre egiteko orduan.
Langraiz bidea edo nahi den bezala bataiatu, guk bidezkoa deritzogun planteamendua onartu dugu presoei dagokien irtenbidean. Ordea, onartzeko prest ez gaudena zera da: behin eta berriz, beraiek asmatutako porrotei bizirauteko meritua besterik izan ez duten komisario politikoek gu ezbaian jartzea. Hau da, 30 urtean baino gehiagoan besteen sufrimenduari esker, zapuzketa eta porrotak metatu edo aukerak galtzen utzi eta presoentzat kartzelaldi luzeagoa ekarri besterik egin ez dutenek irain gaitzaten, gezurretan eta manipulazioan oinarrituta.
Are gehiago, ondo dakigunean zergatik estatuak tratu ezberdina izan duen komisario politikoekin edo Bateragunekoekin. Hauei kartzela zigorra ezarriz eta komisario politikoei soka luzea emanez, kalean bazterrak nahastu eta zapuzketa handiagoa eragin dezaten presoengan eta gizartean.






