Berria.info

Larunbata, 2013ko maiatzak 25 - 20:35

2012-05-29

Bira

Zergatia

Onintza Enbeita

Nonbait entzun nuenez, kopa irabaziz gero, Athleticek maiatzaren 27an atera nahi zuen gabarra, eta, orduan, Ibilaldiaren data aldatu egin zuten. Ez dago ezer talde zuri-gorriari gerizperik egingo dionik Gernikako Arbolaren eta BBKren lurraldean. Finaletarako bakarrik zaletu diren futbolzaleak baretuta daudenez, gertaerak hausnartu nahi nituzke ezer ez dudala ulertu aurpegiratu didatenekin. Jokalariek sekulako denboraldia egin dute: haien aurrean txapela kentzea baino ez zait gelditzen. Baina jokalarien aldean asko aberastu dira Bukarestera eta Madrilera joateko kreditu bereziak eman zituztenak. Kreditua ordaindu behar dutenen krisiak, ostera, lehengoan dirau. Gainera, nahiz eta tituluak usaindu ere ez dituzten egin, ez diete bueltatuko xahututako dirurik. Pantaila erraldoietan, oihaletan, musika ekipoetan… gastatu denak ez dirudi zale berririk erakarri duenik: datorren urtean Athletic ondo ez badoa, ea zenbat balkoitan dagoen bandera zuri-gorria. Eztabaidatu dut, denetarik esan didate, bideoak bidali dizkidate postaz, baina oraindik ere pentsatzen dut probintzia osoa paralizatze hau Ibaiganetik urrun diseinatu dutela. Zergatik aprobetxatu zuten bestela Europako Ligako finaleko eguna Bateraguneren auziaren sententzia argitaratzeko?



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia