Berria.info

Asteazkena, 2014ko apirilak 23 - 12:36

2012-05-11

Kapitalaren diktadura

Garazi Irureta

Euskal Herriko Komunistak

Gaur egun, metaketa-tasa kosta ahala kosta mantendu nahi duen kapitalismoaren azpijoko izugarri baten aurrean gaude. Nahaspilaren gakoa egitura ekonomikoa desarautzea da, eta «merkatua bere kabuz erregulatzen dela» dioen printzipio gezurrezkoan oinarritzen da. Egun, batzuek tematuta jarraitzen dute ekonomiaren erregularizaziorik onena existitzen ez den hura dela esaten. Egoera horren ondorioak, ordea, negargarriak dira.

Gero eta gehiagok diote ekonomia «erregulatzera» itzuli behar dugula, baina, jada, sozialdemokraziaren ametsa ezinezkoa da. Ez dago atzera bueltarik:

Lehenik eta behin, 1980ko hamarkadan neoliberalismoaren bidea abian jarri zuten haiek aginte-eserlekuetan jarraitzen dute. Oraindik ere, kaudimen-indizeak esleituz poltsikoa diruz bete zuten rating agentzien balorazioak onartzen jarraitzen dugu, modu eskandalagarrian, gainera. Moody´s agentziaren izena, esaterako, egunero entzuten dugu, behin eta berriz, komunikabideetan. Eta jakin badakigu balorazioak nahiz txostenak ez dituztela debalde egiten. Nor ote dira agentzia horiek diruz laguntzen dituztenak? Bada, espekulazioaren bidez aberasten direnak.

Bestalde, estatuak ez dira gai gehiegikeria ekonomiko eta finantzario horiek gelditzeko; edo, hobeto esanda, ez dute nahi. Desarautzea garatu eta sustatu zutenek bazekiten, zabor-finantzen aferak eztanda egin aurretik, estatuen «erreskatea» ahalbidetuko zuela bidegabekeria hark, eta, horretarako, diru publikoa aprobetxatuko zela. Horrela izan ez balitz, egitura ekonomiko osoa eroriko zen, eta gure inguruko egitura kapitalista osoa suntsituko zuen, ezinbestean. Hau da, neoliberalismoak hainbestetan kritikatu duen estatuaren irudia egunerokotasunean langile-klasea zapaltzen duten lapurren mesedetan jarduteko ezinbesteko pieza bilakatzen da.

Azkenik, desarautzea ongizate estatuaren aurkako lurrikara ikaragarri bat bilakatzen da. Deslokalizaziorako mehatxuak tarteko, estatuek ez dute nahi, edota ezin dute, enpresa industrialen eta finantzarioen tamaina fiskalizatu. Horren ondorioa da enpresa transnazionalen jarduera arautzeko eta kontrolatzeko estatuek duten ezintasuna.

Esparru sozialistaren erorketak proiektu neoliberala azeleratu zuen. Eskuineko ideologoek «marxismoaren desagertzea» ospatzen jarraitzen dute, eta, une honetan, unibertso neoliberal kapitalista moduan ikusten dute amaiera. Zein dira mundu mailako aldaketa historiko horren arrazoiak? Ameskeria hutsa izan al da politika iraultzailea?

Mundu mailako ezker iraultzailearen gainbehera bi perspektiba orokorretatik aztertu ohi da: lehenengoak egitura ekonomikoaren garrantzian kokatzen du gainbeheraren errua; bigarrenak, berriz, eragile iraultzaileek eta borroka soziopolitikoek sozialismoaren bidean egindako akatsetan.

Guk, EHKn, bi auziek lotura dutela uste dugu:

Estrukturalista legez ezagunak diren horiek diote kapitalismoa oso indar dinamikoa dela: harreman sozial anakronikoak ahuldu, eta produkzio-indarrak garatzen ditu, errentagarria ez den oro alboratuz. Haien ustez, merkatuaren eta demokrazia burgesaren konbinazioak, sistema produktibo horren gailentasuna dela-eta, bere nagusitasun ekonomikoa eta politikoa ezarri du. Ezinbestean, ekonomia nazionalak dituzten gainontzeko herrialdeek teknologikoki aurreratuagoa den sistema produktibo baterantz bideratu behar dituzte beren produkzio-indarrak, mundu-mailako erregimen inperialistaren arauak onartzen eta obeditzen badituzte.

Modu honetan, sozialismoaren porrota predeterminatzen dute mundu-mailako ekonomiaren erritmoa ezartzen duten egitura ekonomiko kapitalistek. Hortaz, sozialismoaren krisiak jarrera defentsiboan du jatorria, produkzio-indarraren garapenaren geldialdiak menderaturik gelditzen denean. Izan ere, lehiatu ahal izateko merkatu baten faltak eta egitura soziopolitiko dinamiko bat ez izateak osotasunean garatzea eragozten zuten. Sozialismoak kontraesan horiek saihesten dituen bitartean, kapitalismoak ez du modernizazioari aurre egiteko beldurrik.

Bestalde, ikuspegi alternatiboaren arabera, ezker iraultzailearen gainbehera ez da prozesu estruktural globaletan oinarritzen, baizik eta klase-borrokaren ondorioetan. Toki eta une historiko jakinetan garatutako borroka soziopolitikoak izan omen dira goibelaldiaren erantzule.

Ikusmolde horren arabera, historia ez du zehazten produkzio-indarren garapenak. Aitzitik, historia egitura ekonomikoak eraldatzeko esku hartzen duten borroka sozial, klase-borroka eta borroka nazionalek osatzen dute. Hortaz, gaur egungo kapitalismoaren nagusitasuna ez da bere gailentasun ekonomiko eta politikoaren ondorioa, baizik eta bere nagusitasunerako baldintzak sortu dituen borroka militar eta ideologiko baten emaitza.

Mendebaldeko ekonomia neoliberalen egungo beherakada eta geldialdia esparru sozialistako herrialdeen gainbeherarekin gertatu zenaren modukoa izan da. Halaber, ondorio soziopolitikoak oso ezberdinak izan dira. Zergatik ekarri dituzte hain baldintza berdinek hain ondorio ezberdinak? Esparru sozialistan, harreman soziopolitikoak kapitalismoa berrezartzeko erabakigarriak izan dira: inor ez zen sistema defendatzeko gai izan. Mendebaldean, berriz, langileriaren haserrea eta ezinegona nabariak izan arren ere, hegemoniari eusteko gai izan da burgesia.

Hausnarketa saihestezina da; iraganetik ikastea, berriz, derrigorrezkoa.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia