Berria.info

Osteguna, 2014ko apirilak 17 - 20:30

2012-05-08

Bologna: ez genuen arrazoi izan nahi

Galder Gonzalez, Oihana Etxebarrieta, Igor Zulaika

Ikasle Abertzaleak taldeko kide ohiak

Duela 11 urte, IAko ordezkari bat ESIBk deituriko topaketa batean izan zen, Goteborgen, eta bertatik bueltan hezkuntzan izango ziren aldaketa handi batzuei buruz hitz egin zigun. Europako Goi Hezkuntza Esparruan gertatuko zen homogeneizazioaz, unibertsitate hezkuntza merkantilizaziorantz ematen ari zen lehen pausoez… Bologna Prozesuaz, hain zuzen. Gutariko askok ez genuen horretan sinetsi nahi izan. Munduko Merkataritza Elkartea hezkuntza zerbitzuak liberaliza zitezen negoziatzen ari al zen? Eskulanaren zirkulazio askea eta titulazioen salerosketa ahalbidetuko zuen gobernuen arteko akordiorik sinatu al zen? Horrek ezin zuen egia izan. Ez genuen egia izaterik nahi.

Zoritxarrez, berehala konturatu ginen amesgaizto hura oso erreala zela, eta hura indarrean jartzeko prozesua hezkuntza komunitatearen gehiengoaren bizkar garatzen ari zela Parisen eta Madrilen. Ikasleok elkarri informatu, elkarrekin eztabaidatu, eta berriz ere informatu genion elkarri. Harremanetan jarri ginen Euskal Herriko hezkuntza komunitatearekin eta baita beste hainbat herrialdetako ikasle mugimenduekin. Herrialde Katalanetako ikasleei dagokienez, adibidez, ikusi genuen arras parekoak zirela gure irakurketak. Prozesu horren inguruan asko ikasi genuen: postgraduen bidezko titulazioen degradazio eta espezializazioa, iraultza pedagogiko legez saldu nahi izan zitzaigun ECTS kreditu sistema berria, finantzaketa konpetitiboa delakoa eta enpresa pribatuen esku-hartzea unibertsitatean babesle gisa, etorkizuneko tasen igoera…

Unibertsitateko arduradun eta ikasle askok gogoratuko duten moduan, Zer da Bologna liburuxka gorri bat publikatu genuen. Bertan, hori dena salatu genuen puntuz puntu. Unibertsitateak ahal izan zuten bezala saiatu ziren liburuxkari erantzuna ematen. Batek, UPVk, prozesua defendatzen zuen libreto urdin bat kaleratu zuen, banan-banan erantzunez IAk publiko egindako liburuxkako eskema osoari. Dozenaka hitzaldi, eztabaida eta mahai-inguru antolatu genituen; ikaskide, dekano eta errektoreekin eztabaidatu genuen. Gainera, azken garaietako ikasle mobilizaziorik handienetakoak egin genituen, eta ez genuen inongo zalantzarik izan Bologna ahal bezala baldintzatzen eta eteten saiatzeko orduan.

Goi hezkuntzaren garapenari dagokionez, bere horizontaltasuna eta herritar izaera bultzatzearen aldekoak ginen. Horretan sinesten genuen. Hezkuntza herriaren mesederako eta eskura egon behar zuela uste genuen, ez merkatuen mesederako! Batzuek utopikotzat jo gintuzten, beste batzuek are gauza okerragoak esan zituzten guri buruz. Beste askok, berriz, prozesuaren borondate onaz konbentzitu nahi izan gintuzten; alegia, sistema pedagogikoa aldatu beharraz eta gure higikortasunari egingo zion onuraz.

Guk, prozesua etetea eta hari buruz hausnartzea proposatu genuen. Beharrezkoa al zen hura guztia? Kanpoan hotz handia egiten zuela esan ziguten, hotz handiegia, eta batzuek erabaki zuten Parisi eta Madrili lotuta jarraitzea hobe genuela. Ondoriok nabarmenak dira.

Hala eta guztiz ere, ezinbesteko ziruditen neurri batzuen aplikazio irrazionala ebitatzea lortu genuen, jende asko hausnartzera bultzatu genuen, eta uste dugu gazte andana baten iritzi kritikoa garatzen lagundu genuela. Neurri asko indarrean jarri zituzten, bai, baina beste batzuk atzera botatzea eta askori aldaketak egin behar izatea lortu genuen. Nabarmena da, beraz, IAk gidatutako ikasle mugimenduak era positiboan baldintzatu zuela Bologna Prozesua. Euskal Herriko unibertsitateetan izandako garapena atzerrikoekin konparatzea besterik ez dago.

Joan diren urteetan ikusi dugu zoritxarrez gure aurreikuspenak betetzen joan direla. Deigarrienak, akaso, full-time ikasle perfil berriaren sorrerarekin lotuak. Ikasketak eta lana bateraezin egiten dituen ikaslea dugu hau, klase eta praktiketara soilik joan daitekeena. Bestelako jarduerarik egin ezin dezakeen ikaslea, akritikoa, infantilizatua, DBHn balego legez tratatua dena, klase magistraletara joateko derrigorrezko betekizuna duena eta, nahiz eta lan mordoa entregatu, azken azterketak egitera behartua kasu askotan.

Aurreko guztia nahikoa ez, eta orain espainiar gobernuak, kapitalaren metaketa krisiaren aitzakiarekin, aurreikusi eta salatzen genuen planifikazioarekin bete-betean bat egiten duten hainbat neurri iragarri ditu: tasen igoerak eta murrizketak hezkuntzan zein ikerketan. Merkantilizazio eta pribatizazio prozesua arindu besterik egingo ez duten neurriak, goi mailako hezkuntzaren elitizazioa ekarriko dutenak, full-time ikasle profilarekin batera.

Guk ez genuen arrazoirik izan nahi. Espero genuen hezkuntza komunitateak prozesua gelditu egingo zuela ondorioak jasan aurretik. Oker egotea nahi genuen, baina, zoritzarrez, ez da horrela izan. Hori bai, ez da oraindik beranduegi gauzak zuzentzeko. Esperantza handia dugu jarria egun hezkuntza sistema nazional baten alde lanean eta murrizketen kontra borrokan dabiltzan ikasleengan; jarrera pasibo eta akritikoak salatzen dituen ikasleengan. Haiek lor dezakete hezkuntza komunitateak bere jarrera zuzentzea eta bestelako hezkuntza eredu bat defendatzeari ekitea, jendartearen beharrizanetara egokitua eta ez merkatuen mesedeei men egitea helburu duena.

Horregatik, datorren maiatzaren 10ean IAk antolaturiko #ikaslealtxamendua-n, mobilizazio egunean, parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Guk parte hartuko dugu, jakina. Ikasle-mugimenduaren parte izan ginelako, eta oso harro gaudelako mugimendu horretaz, bera izan delako Euskal Herriak behar duen euskal eskolaren eraikuntza lanean borroka eredugarriak bultzatu dituena. Eta jarraitzen duena halakoak bultzatzen. Horregatik hartuko dugu parte. Ez garelako ohiko ikasle



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia