Berria.info

Osteguna, 2014ko apirilak 24 - 09:22

2012-04-25

Jira

Itxita

Xabier Gantzarain

Paperik ez daukalako dabil Mili poliziarengandik ihesi Lisboan. Angolatik, Mozambiketik, Portugalen kolonia izandakoren batetik etorriko zen, metropolira. Ahaztu egiten zaigu historia. Etorkizuna Futuroscopen ikusi uste izan du, haraino joan da, itxita dago. Ameskeria hutsa izan da. Trena hartuta Lisboara itzuli denean, lagunek galderak egin dizkiote: nolakoa da Frantzia, nolakoa da Europa? Mili mundua ikusi duenaren harrotasunaz mintzo zaie: han dena ederra da; Europa, benetako Europa, ez da hau. Esaten ez duena bestea da: etorkizuna itxita dago.

Papergabetuentzat, langabetuentzat, itxita dago etorkizuna gabetuentzat, itxita daude ospitaleetako ateak, itxita daude elkartasunaren besoak eta zabal-zabalik errukiaren irribarreak, itxita daude bizimodu duin eta eroso samar baterako aukerak, itxita dago etorkizuna. Ireki egin behar da. Indarrez ireki behar bada ere.

Etorkizuna itxita dago, eta irekita segitzen du iraganak, zauri zikin horrek. Orain 75 urteko maniobrak berrituz bezala aritu zen atzo Espainiako ejertzitoa Elgetan, Intxorta inguruetan. Ez dio Espainiako gobernuak enkargurik egingo Picassori atzoko laidoa mihisera eraman dezan udaran Parisen erakusteko, benetako Europan.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia