Berria.info

Asteazkena, 2013ko maiatzak 22 - 00:16

2012-04-24

Bira

Isilean

Onintza Enbeita

Ospakizunen erdian esan zidan Txikik gernikarrek ez dakitela ia ezer 1937an gertatutakoaz: «Gernika isiltasunaren gainean berreraikita dago», esan zidan. Arrazoi du. Orain 75 urte Gernikan egondakoetatik bizirik daudenak ume ziren orduan. Berandu hasi gara gertatuez hitz egiten, eta anekdota asko batu ditugun arren burdinazko gerrikoan edo Bilbo nazionalek hartu zutenean, edo Intxortan gertatutakotik ez dakigu askorik. Frentera joan zirenak hilda daude. Garaile atera zirenek kontatu ziguten bertsio ofiziala, eta galtzaile asko isilik geratu ziren. Berrogei urte iraun zuen beldurraren aroak, eta batzuek zerotik hasi nahi izan zuten Franco hil ondoren. Espainiako bandera balkoitik kendu, eta ikurrinak jarri zituzten. Eta ez zuten ezer esan. Baina berrogei urtean haien nagusitasuna jasan behar izan zutenek ere, ez zuten ezer esan. Ez publikoki behintzat. Isilean esan ziguten nortzuk izan ziren txaketa aldatu zutenak, ahapeka entzun genuen nortzuk izan ziren txibatoak, ia ez entzuteko legez esan zuen norbaitek Gernikako Andra Mari elizan errepublikaren aldeko familietako neskak bortxatzen zituztela… eta zenbait alderdi politikok euren barruan onartu zituen hori guztia ahalbidetu zutenak. Inoiz ezer gertatu ez balitz bezala. Baina gertatu, gauza asko gertatu ziren.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia