Berria.info

Osteguna, 2014ko apirilak 24 - 18:08

2012-04-14

Eromena

Oleguer Presas

Bartzelonako jokalari ohia

Edukiontziak erreta, hiri altzariak hondatuta, erakusleihoak hautsita, negar gasak, gomazko pilotak, begiak zartatuta, bareak txikituta, hezurrak hautsita. Kolpeak eta are kolpe gehiago. «Katalan hauek eroak baino eroagoak dira», harako hark esango lukeenez. Baina inork eromenaz harago jotzen baldin badu haren arrazoiak bilatu nahian, konturatzen da hein handi batean egoera sozialaren errua dela gertatzen ari dena.

Erabat kritikatzeko modukoa da edukiontziak eta establezimenduak erretzea eta hiri altzariak apurtzea. Baina horretan bakarrik geratzen baldin bagara eta ez baldin badugu ikusten zer tentsio dakarkien gero eta familia gehiagori hain egoera muturrekora iritsi izanak geratu direlako lanik gabe, etxerik gabe, baliabiderik gabe eta egoera iraultzeko aukerarik gabe, horren diagnosi bakarra egin ahal izango dugu: miopia borondatezkoa eta borondate difamatzailea.

Askoz ere korapilatsuagoa da egoera. Gerrikoa estutzeko agintzen digute, krisi garaia dela-eta, beste erremediorik ez dagoela, salbuespenezkoa dela egoera… Eta horrek dena justifikatzen du. Diskurtso itxuraz neutroak baina ideologiaz zama handikoak. Ez dago beste aukerarik: bide bakarra da. Eta, hala, onartzen ari dira hainbat politika eta murrizketa, neutrotik ezer ere ez dutenak.

Salbuespenaren eta larrialdiaren aterpean arituta, langileen klasearekin negoziatu gabe, onartua dute eta ari dira ezartzen lan erreforma. Eta, hala ere, PPk berak onartua du erreforma horrek ez duela lanposturik sortuko luze gabe. Orduan, zer dela-eta halako presa erreforma onartzeko? Argi eta garbi sumatzen da helburu nagusia ez dela enplegua sortzea, baizik eta enpresaburuei mesede egitea gizon eta emakume langileen baldintzen kaltetan.

Egoera horretan deitu dute greba orokorrera, eta, halatan, erantzun zabala eman diogu, eta mobilizazio jendetsuak izan ditugu Kataluniako hainbat hiritan —Sabadellen, nik gogoan dudan handiena—. Badirudi, ordea, aurrez badela borondate halako bat liskarretan jartzekoa arreta eta ezkutatzekoa herritarren ondoez sakona, hainbeste murrizketak itota beren arbuioa adierazi baitute.

Hori ulertuta, litekeena da hura bandalismotzat daukan azterketa hutsetik harago joatea eta ezintasun eta amorru zantzuak ikustea pobrezia orokortzen, desberdintasunak betikotzen eta itxaropena zapuzten duen sistema baten kontra. Hala eta guztiz ere, horrelako egintzak kritikatzeko modukoak dira, eta argi eta garbi ikusarazten digute Felip Puigek iragarritako «erasoaldi polizial eta judiziala» ez dela arazoa konpontzeko, baizik eta herritarrak otzantzeko, beldurraren bitartez.

Arriskutsua eta kezkagarria da beldurraren kultura eta zapalkuntza ezartzea, batere bereizi gabe, gobernuaren neurriengatik protesta egiten duten pertsonen kontra. Bazirudien iraganeko metodoa zela errepresalia mehatxuak baliatzea disidente politikoen manifestazioak amaitzeko. Baina ez. Hizpide izatea biltzeko eta manifestatzeko eskubidea arautzea, salbuespen legeak ezartzea eta jendea modu prebentiboan kartzelatzea, oraingo honetan egin den bezala, atzerakada izugarria da eskubide eta askatasunei dagokienez. Estalkirik gabe eta handiki. Haiekin edo gurekin. Horixe ondorioztatzen da Felip Puigen adierazpen honetatik: «Dagoeneko ez du balio esateak handik zehar nenbilela». Dagoeneko kontua ez da delitu bat egitea edo ez egitea, baizik eta delitu bat egiten den manifestazio batean parte hartzea. Ez zaio egintza jakin bati jazartzen. Baizik eta ideiei.

Berriro ere, alarmismoaz eta salbuespenaz baliatu dira eskubideak murrizteko; oraingo honetan, eskubide politiko eta sozialak. Jakinekoa da: krisi garaian gaude, eta gerrikoa estutzea dagokigu… Edo, hobeto esanda, batzuen batzuek gerrikoa eranztea besteok motzean lotzeko. Lepotik, eta estu-estu eginda.

Directa mugimendu sozialen astekaritik jasotako artikulua: www.directa.cat Erredakzioan itzulia



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia