Berria.info

Igandea, 2013ko maiatzak 26 - 01:18

2012-03-25

Larrepetit

Kuadrillan

Arantxa Iturbe

Bosteko kuadrilla. Elkartu dira arratsalde-pasa. Batek zinera nahi du. Beste batek nahiago zerbait hartu eta bueltaxka bat eman. Gainontzeko hirurei igual zaie. Gehiengoak zer, harekintxe konforme. Zinera nahi duenak filmaz hitz egingo die. Zergatik den ikusi beharreko, zenbat gozatuko duten. Gogoraraziko die aspaldian ez dutela pelikularik ikusi, eta herriko tabernak biharamunean ere hor egongo direla; ikusi nahi duen istorioak, berriz, ihes egingo diela. Zerbait hartu nahiago duenak eguraldiaren amua erabiliko du, aparta, gutxitan ez bezalakoa, biharamunean errepikatuko ez dena. Bakoitzak bana konbentzituko du. Bik zinera nahi; beste bik zerbait hartzera. Bosgarrenari, bost. Eta aurrekoren batean izandako istilua gogoan, ez batzuen alde, ez besteen alde. Musean jokatzeko aukera mahai gainera.

Azkenean, ez zine, ez bueltaxka, ez mus partida. Eztabaidan arratsalde-pasa. Elkarri leporatuz amore eman ez izana eta beste arratsalde bat ezer egin gabe galdu izana. Eta hurrengoan ez da hobea izango: hurrengoan, bueltaxka emateko prest agertu zenak proposatzen duen edozeri —munduko ideiarik zoragarriena, erakargarriena eta gustagarriena izanda ere— ezezkoa esango dio automatikoki zinerako babesik gabe sentitu zenak. Eta saiatuko da, gainera, zinerako konforme agertu zenarekin aurrez bi hitz egiten, hark ere kontrako jarrera ager dezan, alferrik galdutako arratsaldea gogoan.

Ez da garrantzitsua. Ez du mundua aldatuko bosteko kuadrilla beste arratsalde batez planik gabe geratzeak. Baina kuadrillaz osatutako makinaria bat besterik ez da mundua. Hala doakigu. Makinariak behar bezala funtzionatuko badu, ideia zoragarriak izan, negoziatu, amore eman eta adostasunetara iristeko gaitasuna duen jende premia izugarria antzematen da.

Beste irtenbidea kuadrilla uztea, jakina. Errazena. Baina ezin munduari bakarka tira.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia