Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 05:32

2012-02-05

Bira

Meritua

Onintza Enbeita

Ortuellakoak eta euskaldunak? Zuena bai dela meritua. Zergatik harritzen gaitu hainbeste ortuellarrek edo tafallarrek euskaraz jakiteak? Hori baino esperpentikoagoa da herri euskaldunetan bizi diren euskaldun zaharrek gaztelaniazko zenbait egunkari erostea eskela gehiago dituztelako euskarazkoek baino. Ez da Ortuella euskaraz bizitzeko herririk errazena izango, baina muxikarrek, bilbotarrek, tolosarrek, hendaiarrek edo gasteiztarrek ere ahalegina egin behar dugu euskaraz bizitzeko. Nire auzotik atera gabe biziko banintz, ez nuke arazorik izango: goizero jasotzen dut BERRIA etxean, Euskadi Irratia entzuten dut eta auzokideek euskaraz dakite. Baina nire auzoa txikia da, eta Karrantzatik Maulerako bidean, herri eta hiri asko daude, zorionez. Meritua ez da erdalduntzat ditugun herrietako jendeak euskara ikastea; meritua da euskaldun zaharron komentarioak jasatea. Euskara ikasi eta berrogei urtera ere, euskaldun berri deitzen diegu. Ez zaizkigu euren herriak interesatzen: zer dago, bada, Barakaldon guk ikusteko modukorik? Eta pentsatzen dugu haiek gure herrietara etorri eta flipatu egin behar dutela gure kulturarekin, euskararekin, bizimoduarekin… aber, gure alboko herrietan bizi dira, e? Ez dira euskara ikasi duten japoniarrak, euskal herritarrak dira, geure modu-moduan.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia