Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 05:31

2012-01-22

Bira

Dioguna

Onintza Enbeita

Gauetan etxera noanean niri ere gustatzen zait, mandoa eskuan hartuta, zapping egitea: gustatzen ez zaidana kendu, eta gustatzen zaidana ikusi. Euskaraz kate gutxi daude, eta gaztelaniaz dozena bitik gora, beraz, ez da kalkulu matematiko handirik egin behar telebista batez ere gaztelaniaz ikusten dugula jakiteko. Gainera, niri gustatu egiten zait Espainiako telebista. Bai, litekeena da gaixorik egotea, baina egia da. Txutxu-mutxuak amaitzen zaizkienean kolaboratzaileei buruz kristorenak esaten dituzten programa horiek izugarri gustatzen zaizkit. Lotsa ere ematen dit aitortzeak, baina ez zait telebista aurrean gehiegi pentsatzea gustatzen, eta Goenkalen tragedia handiegiak dituzte. Egia esango dut: niri Salvame, Vuelveme Loca, Enemigos Intimos, La Noria, Corazon… eta antzerako programak gustatu egiten zaizkit. Ulertuko nuke hau izatea irakurtzen didazuen azken zutabea, baina begiratu zuen ingurura ni gurutziltzatu baino lehen. Ratioek diotena egia bada, Hego Euskal Herrian halako programak asko ikusten dira. Politikoki zuzenak izateko, badakigu zer esan; baina diogunetik egiten dugunera alde handiegia dago. Egia aitortzeak ez nau besteak baino hobe egiten, baina nire patologiak zeintzuk diren badakit behintzat; inoiz sendatzea bururatuko balitzait ere.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia