Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 05:27

2012-01-08

Bira

Ama

Onintza Enbeita

Ama izatea mitifikatuta dagoela iruditzen zait. Obsesio baten antzera bizi ditut amari egindako kantuak, ipuinak, bertsoak… Batzutan ematen dugun amaren irudia sakrifizioarena da, eta benetan esaten dizuet, hainbesterako sakrifizioa bada ama izatea, nik ez dut ama izan nahi. Bestetan, badirudi umeak derrigor behar duela ama bizitzeko. Bizitzak ematen dituen palukadekin badakigu asko hazi eta hezi direla amarik gabe. Ama izatea eta ama bat izatea gauza ederra dira, dudarik gabe. Gogorra egiten zait ama izan nahian dabiltzan lagunen etsipena entzutea, eta oraindik gogorragoa, ama behar baino lehen galdu zutenekin gure amaz hitz egitea. Erditzea emakumeoi tokatu zaigun pribilegioa da, eta pozik nago; nahi badut, neuk ere ama izateko aukera izango dut. Amak eman zidan bularra, eta haren zilbor hesteari lotuta jaio nintzen; baina horrek ez du esan gura bizitza guztian amak aitak baino hobeto ulertuko gaituenik. Nik gauzak okertzen direnean behar dudan altzoa aitarena da. Kontsolatzen nauen presentzia isila aitarena da, eta askotan amari, maitasun handiz, zelloa jarriko nioke ezpain itxien gainean. Eta ez naiz horregatik gaizki sentitzen, eta badakit hori hala izanda ere biak maite ditudala. Ez bat bestea baino gehiago: biak berdin, biak asko.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia