Berria.info

Larunbata, 2014ko apirilak 19 - 19:01

2011-07-23

Bira

Auria

Itxaro Borda

Nafarroa ekialdeko mugako euskaradun galduek euriari auria deitzen zietela kontatzen zigun Kasedako Rafa adiskideak, Bedaroan behera Talara oinez jaisten ginen bitartean. Auri egunak beraz herrokaz dabilzkigu inguratzen gaituzten kideen kezka ekonomikoak emendatuz: gaixo udatiarrak diote, xantzarik ez daukate aurten, bakantza leku heze hau abandonatzen dute eguzkia segurtatuagoa den guneetara lehiatzeko. Eta guk —nik— lanera garaiz heltzeko Santizpiritu zubia zeharkatzen dut uhar ezkelez zipatua. Marmar nabil: oporretan banintza edozein denbora mota hartuko nuke...

Goiz honetan ere zerua beltz-inflau dago. Eroriko da, eroriko denez oraino! Irratietako erreportaietan jendeen haserrea hautematen da, funtsean engainatuak izan balira bezala mintzo direla, ekia dute ordaindu eta ez etengabeko aroarekiko zalantza merke hau. Itsas bazterrak ondorioz kasik hutsik daude eta barnealdeko bideak lokatz. Alta, auripean baino, nehoiz ez da herri hau hain eder, hala nola Iratiko xendretan, lainoen grisa pago azalenarekin ezkontzen denean. Euskal Herria, egurraldi aldetik bederen, Kalifornia bailitzan saltzen dutenek publizitate gezurtia egiten dute argiki.

Euria. Ebia. Uria. Auria.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia