Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 05:05

2011-06-28

Tokiko erakundeetatik egiten den garapenerako lankidetza

Natalia Rodriguez

Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundea

Lankidetza deszentralizatua da autonomia erkidegoetako, foru aldundietako eta udaletako gobernuetatik herrialde pobretuetara bideratzen den Garapenerako Laguntza Ofiziala (GLO). Lankidetza modalitate hori 90eko hamarkadan sortu zen Espainian, gizarte zibilak jokatutako paper garrantzitsuari esker, zeinak gobernuari eskatu baitzion bere Barne Produktu Gordinaren %0,7 bidera zezala nazioarteko elkartasunera. Une horretatik aurrera hasi ziren hiritarrak tokiko gobernuei eta gobernu autonomikoei elkartasun eta erantzukizun maila handiagoa eskatzen.

Tokiko elkartasun politikek abantaila ugari dituzte: hiritarrengandik hurbil daude, beren interesak kontuan hartzen dituzte, politika publikoen sorkuntzan parte hartzen laguntzen dute, gobernu zentralak egiten dituen garapenerako lankidetzak baino autonomoagoak dira, tokiko beste eragile batzuekin edo sareekin koordinatzeko espazioak sortzen dituzte eta, gainera, elkartasuna erantzukizun partekatu bezala ikusten duten hiritar aktiboak, kontzientziatuak eta mobilizatuak sortzen dituzte. Baina, gure ikuspuntutik, beren balio erantsia beste bat da, alegia, gizarte zibilak funtsezko papera jokatzen duela lankidetzaren aldarrikapenean, definizioan eta kudeaketan. Hausnarketa hori inoiz baino beharrezkoagoa da orain, krisi ekonomikoan murgilduta gauden honetan. Autonomia erkidegoetako GLO aurrekontuek jasan duten beherakada kezkagarria izan da, bi kasu hauetan izan ezik: Euskadik aurrekontuari eutsi dio eta Gaztela-Mantxak handitu egin du. Autonomia osoko guztizko GLO %12 jaitsi da, nahiz eta aurrekontu autonomikoen beherakada %4koa izan den. Tokiko erakundeek diru-laguntzetako deialdien bidez aurrekontuetan sartzen duten laguntza nagusiki Garapenerako GKEek (GGKEek) bideratzen dute, zeintzuek Hegoaldeko herrialdeetako tokiko erakundeekin lan egiten baitute pobrezia desagerrarazteko. Hala, laguntza toki askotara eta gobernu ekintzen bidez soilik iritsiko ez litzatekeen herrietara iristen da.

Administrazio publikoek beste modalitate bat ere garatu dute, zuzeneko lankidetza deitzen dena. Lankidetza horren bidez erakundeek zuzenean bideratzen dute laguntza Hegoaldeko erakunde edo udalerrietara, nagusiki transferentzia ekonomikoen edo zuzeneko tekniken bidez. Era honetan, tokiko erakundeek beren esperientzia transmititzen diete garatze bidean diren herrialdeei berebiziko garrantzia duten zenbait alderditan, hala nola deszentralizazio prozesuetan, tokiko agintean, hirigintzan edo ingurumenean. Modalitate hori gero eta gehiago bultzatzen ari da, eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak uste du joera baikorra dela, baldin eta ongi aprobetxatzen badira kudeaketa eremu espezifikoetan metatutako ezagutza eta sortutako gaitasunak. Hala eta guztiz ere, zuzeneko lankidetzak arrisku handi batzuk dauzka, hala nola Estatuko lankidetza eredua eskala txikian errepikatzeko tentazioa, independenteki jokatzeko arriskua, hau da, Iparraldeko politiken lehentasunetara orientatuta egotea GGKEek kudeatzen duten gainerako lankidetzarekin loturarik izan gabe edota gardentasun eta kontrol falta. Hori gutxi balitz bezala, asko aztertua eta ikertua izan da GGKEek garatutako lankidetza, eta batzuetan kritikatua ere bai, baina zuzeneko lankidetzak ibilbide laburra du oraindik tokiko erakundeetan, eta ez dago kontuak emateko kulturarik; ez da argi esaten zer, nola, zenbat eta non lan egiten den. Horregatik, gure ustez, garrantzitsua da garapenerako lankidetza modu horretarako kopuru txikiak bideratzea, eta kudeaketa ahalik eta gardenena izatea, nahierara eslei ez dadin. Horren harira, 2007ko Lankidetzarako Euskal Legeak berak 9.3. artikuluan dioenez, lankidetzarako aurrekontuaren %10 bakarrik kudea dezake Eusko Jaurlaritzak zuzenean.

Gainera, krisi testuinguru honetan, baliteke zuzeneko lankidetza gehiago sustatzea eta GGKEek koordinatzen dutena baztertzea. Horren aurrean, ez dugu ahaztu behar lankidetza deszentralizatuak hainbat eragile biltzen dituen garapen kontzeptu bati jarraitzen diola eta garrantzi berezia dutela Hegoaldeko tokiko gobernuek eta Iparraldeko homologoekiko elkarrizketak. Bestalde, aukera ematen du laguntza emaileen eta hartzaileen arteko elkarrizketa horizontalerako prozedurak ezartzeko, betiere Hegoaldeko GGKEak errespetatuz, hau da, herrialde hartzaileak izan daitezela garapen prozesuaren jabeak.

Gure ustez, oraindik asko dago egiteko, aurrera egin nahi bada esparru deszentralizatutik kalitatezko lankidetza politiketaranzko bidean. Esaterako, laguntza ez da geografikoki edo sektoreka barreiatu behar, erakunde deszentralizatuek eta gobernu zentralak garatutako lankidetza politikek elkarrekiko osagarriak eta koherenteak izan behar dute, eta gizarte zibilak eraginkortasunez parte hartu behar du politika horiek eraikitzeko prozesuan, edozein dela ere laguntza kudeatzen duen erakundea: GGKEak edo instituzio publikoak. Azkenik, espero dugu laster eratuko diren tokiko korporazioek aintzat hartuko dituztela gogoeta hauek guztiak.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia