Zuzendariari
Justiziaren izenean, berriz ere, Isabel Zelaa sailburuari
Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako jantokietan aplikatzen diren diru-bereizketen kontura gutun bat idatzi nuen iaz, egunkari honetan bertan, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Isabel Zelaak ez zidan kasurik egin. Ez dut etsi nahi.
Eskoletatik urrun bizi diren umeentzat (bi kilometro baino gehiagora bizi direnentzat) eskolako jantokia merkeagoa da. Aurten 1,20 euro gutxiago ordaintzen dute egunero jantokian bazkaltzeagatik. Beno, edo guk, herrian bizi garenok, 1,20 euro gehiago ordaintzen dugu gure umeen eguneroko menua. Sei euro gehiago astero. Ez da zilegi, ez da zuzena.
Bere garaian bazuen zentzua, bere zergatia; herritik urrun bizi ziren ia bakarrak baserritarrak zirelako. Familia umilak, gainera, kasu gehienetan. Eurek bertan zeuden, han zuten bizilekua. Gobernuarentzat garestia eta umeentzat nekagarria suertatzen zen autobusa eguerdian ere antolatzea. Handik dator jantokiko diru-bereizketa.
Nor bizi da egun, ehuneko handi batean, herritik kanpo? Txaletak, adosatuak edota -nekazaritzatik bizi ez badira ere- baserriak polito eraberritu dituztenak. Jende aberatsa da, ehuneko handi batean. Salbuespenak salbuespen, egongo dira eta, jende hori guztiori ez zegoen behartuta han bizitzera, nahita eta gustura joan baita urrun bizitzera, horrek guztiorrek dakarrena kontuan hartuta.
Ez da inbidia kontua. Justizia kontua dela deritzot. Gure kasuan -egun guraso andanarena ere badena-, gure umeek derrigorrez bazkaldu behar dute jantokian, bazkaria etxean eman beharko bagenie gurasoon lanpostuak kolokan egongo liratekeelako.
Araua goitik behera berraztertzea edo bertan behera uztea proposatu nizun iaz, Zelaa anderea, eta gauza bera eskatuko dizut aurten ere. Garaiak aldatu egin dira eta egoera hauek ere aldatzeko garaia dela uste baitut.
Nire proposamena aurrera aterako balitz, aurreztuko liratekeen sosekin jantokietan zaintzaile kopurua handitzea proposatuko nizuke. Gauza jakina baita eskoletako jantokietan dauden zaintzaileak estu eta larri ibiltzen direla umeak behar den moduan gobernatzeko.
Justiziaren izenean, oraingoan bai, kasu egingo didazulakoan.
Karlos Eriz Arando.
Gurasoa (Elorrio).Josu Gotzon Landetari erantzunez
Luis Astorkia Izagirre.
Santurtzi.Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
