Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 17:50

IRITZIA;2010-09-05;Espazioaren arazoa euskal literaturan

Espazioaren arazoa euskal literaturan

Pako Aristi

Idazlea

Josu Jon Imazek zabaldu zuen «Espainia liluratu» edo erakartze horretatik oso urrun ez dabil hamarkada honetan euskal literaturazko liburuak espainierara itzultzeko hainbat argitaletxek burutu duten eginahala. Liburu asko itzuli dira, eta gure literaturaren presentzia espainol hizkuntzan aski bermatua geratu da. Baina salmentei dagokionez porrot itzela jaso dugu, eta porrot hori aitortu ezean nekez etorriko da konponbidea. Zentzu horretan, Patxi Lopezen aitzakia hartatik ere ez dago urrun euskal liburugintzaren itzulpen espainiarra: «Ez dugu komunikatzen jakin».

Medikuak gaixo bati aplikatzen dizkion hiru pausoak ezartzearen aldekoa naiz ni edozein arazoren aurrean: lehenengo diagnosi zuzena egin behar da, gero tratamendu bat proposatu, eta azkenik sendabidean izango den iragarpena edo pronostikoa eman. Gure kultur industria eta erakundeek egindako diagnosia erabat erratua dela iruditzen zait, eta hori zuzentzera mugatuko naiz lerro hauetan.

Ikerketak eta plangintzak bulego epeletan egiten dira, baina kalearen gorrian egiaztatzen da gero zuzenak ziren edo ez, eta kalea oso hotz dago espainolez dauden euskal liburuentzat. Jelatuta dago.

Horrela uzten naute, izoztuta, karroinduta, gaia ateratzen duten lagun erdaldunek. Oraintsu aurkitu dut bat. Eta urteak genituenez elkar ikusi gabe, betiko gaia atera zen, ea idazten jarraitzen dudan, ea zerbait itzuli didaten espainolera. «Bai -esan nion-, urte gutxitan ipuin liburu bat, nobela bat eta testuen antologia bat». Euskal Herriko biztanleen %99,7ak bezala, ez zekien ezer.

Arazoa non dago, hedabideetan? Ez. Liburuen kalitatean? Ez. Politizazioan? Ez; bestela, gure espainierazko testuak eredugarri lirateke Euskal Gobernuak daraman espainolizazio kanpaina sozio-kulturalean.

Arazoa antropologian dago. Edo Darwinen baitan, zehatzagoa izanda. Gizateriaren eboluzioa kate luze baten moduan irudikatzen badugu, euskara oso atzean geratzen da. Geroztik sortu dira hizkuntza berriak, zehatzak, modernoak eta garatuak, eta hizkuntza horiek agintzen dute Europa aldean behintzat. Esan dezake norbaitek, Darwinen parametroetan, espezie bakoitzeko onenak irauten duela, eta euskarak iraun badu indartsuak garelako dela. Baina ez; hizkuntzaren iraupena paradigmatikoa izango da atzean botere politikoa eta ekonomikoa baldin badauzka; hori ken iezaiozu, eta hizkuntza zahar baten iraupena paradoxikoa izango da beti gaurko munduan.

Hizkuntzen eboluzioaren katebegian gure hizkuntza atzean dago. Espainola, aldiz, aurrean. Aberatsak pobreari begiratzen dion bezala begiratzen digute; break dantzariak pasodobleari bezala; gazte informatizatuak TAOko papera ateratzen asmatu ezin duen zaharrari bezala; edo zibilizatuok Amazoniako tribu atzeratuei bezala.

Joaten gara tuaregak edo kubatarrak nola bizi diren ikustera, baina inork ez du horrela bizi nahi. Hamabost egun dirauen abentura antropologiko bat da, gero bideotan erakusten duguna, baina etxeratzen garenean amaitzen da identifikazio oro. Aurrerapena lehen mundua deituriko horrekin identifikaturik, kanariarrek ez dute, geografiak dioen legez, afrikar izan nahi; haien psikologiak dio espainiar izan behar dutela.

Espainol hiztunak ere aurrera begira bizi dira, eta gu atzean gaude. Ez gaituzte ikusten. Nola begiratuko diote oraindik ere garai modernoetara moldatu ezinik dabilen hizkuntza bati? Aspaldi gainditu zituen espainierak oztopo horiek. Haiek ingelesari begiratzen diote, eta literatur zaleek berdintsu, Estatu Batuei eta Europako hizkuntza indartsuei. Ez dute alferrik salatu idazle hego-amerikarrek Espainian aurkitzen duten salmenten porrota!

Inkontzienteki bada ere, irakurle espainiarrentzat euskaraz idatzitako guztia zaku berean dago. Dena zaborra da. Badakit hitz gogorra dela, baina hitzak aldatzeagatik ez da errealitatea aldatzen. Eta inork ez du nahi izaten zaborretan ezeren bila hastea. Edukazioz bakarrik saihesten dute begiradan antzematen diedan galdera: «Oraindik ere jarraitzen duzu hizkuntza inutil horretan idazten? Uste nuen gaztetako beroaldia izanen zela, baina heldua zara jadanik. Apustu kaxkarra egin duzu. Niri ez eskatu horretan konplize izaterik!». Xelebrekeria antigoal bat gara eboluzioaren historian!

Baina tarteka miraria gertatzen da: zaborretan diamante bat aurkitzen dute! Zeinek? Espainiako literatur adituek, hemengoek pista batzuk eman ondoren. Espainiako Sari Nazionalak erreskatatzen du zaborretatik galtzera zihoan bitxia, medizina tradizionalak herri jakinduriatik ukendu edo erremedio baliagarri bat berreskuratzen duen bezala. Diamanteak itsutu egiten du, ordea, eta gure idazle sarituen errurik gabe, obra hori bitxidendarik dotoreenetan paseatuko dute. Baina zaborrak zabor izaten jarraitzen du.

Itzulitako liburu bat irakurtzea inportazioko pieza bat erostea baita irakurlearen inkontzientean. Gure makina-erreminta sektoreak nondik inportatzen du, Kalkutatik? Ez, Alemaniatik, Ingalaterratik. Berdin pentsatzen du irakurle espainolak. Nondik inportatuko dut udan irakurtzeko liburua, Usurbildik? Ez, New Yorketik, Minessotatik, Paristik. Baina irakurle euskaldunak ere berdin jokatzen du: zenbat liburu irakurtzen ditu galizieratik, kurdueratik edo aimaratik itzulita? Batez. Ingelesa, errusiera, alemaniera ederresten ditugu geuk ere.

Gizakia beti ari da eboluzionatzen lagunduko dioten tresnen bila, materia berriak, ideia berriak, jangai berriak, bonbilla mota berriak.

Eta gu gaindituta gaudela uste dute. Hizkuntza komunitateen arteko arrakala oso sakona da, uste ez badugu ere. Gure literatura Euskal Herri arkaiko batekin lotzen dute. Sentimendu nazionalistez oparotuegia da haientzat; hil nahi ez duen baten borrokak erakarpen eskasa dauka bizitzan ondo sustraitua eta aurrera begira dagoenarentzat. Ez gaituzte ikusten, espazioan haien atzean kokatuta gaudelako. Bizkarra ematen digute, ez gaituzte aintzat hartzen. Eta guk, atzetik joan eta kax-kax ukitzen diegu bizkarra.

Hau ulertzen ez badugu, egoera honen ondorio latz guztiak pairatzen jarraituko dugu.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia