Aukeraren leihoa
Luistxo Fernandez
Kazetari ohia
Independentista sentitzen naiz, Euskal Herriaren independentzia nahi dut. 2003an Euskaldunon Egunkaria ixten ikusi nuenean iritsi nintzen konklusio honetara, Espainiari lotuta bizitzen jarraitzea kalamidadea dela euskaldunontzat. Baina etsita sentitzen naiz, ez baitut inon ikusten independentziarako plan sinesgarririk. Eta kezkatua nago, unea iristen ari delako. Kataluniak markatuko du une hori: haiek badoaz, eta gu hemen, kieto.
Historiara begiratuta, independentzia gauzatzeko prozesuetan, herri-borondatearen gauzatze legala baino gehiago, istripu historikoak daudela uste dut. Sobiet Batasuna desagertu zelako gehitu ziren 20 bat estatu berri mapara. Jugoslaviaren inplosioak (nazionalismo serbiar itsuak lagundua), beste estatu batzuen sorrera ekarri zuen, gerra odoltsuak tarteko. Estatu nagusien trauma eta krisitik sortzen dira estatu txikiagoak. Eta horregatik, uste dut Espainiaren haustura izan daitekeela gakoa. Hautsi? Nondik? Kataluniatik.
Katalanak badoaz. Gehienek ez dute Espainian gehiago nahi, hori erakutsi du Estatut-aren krisiak, eta gogo hori politikoki egituratzeko hikamikak daude, baina zabaldua dago susmoa, gurutzebide historiko bat zeharkatu dela.
Bada negozioetan erabiltzen den termino bat, Aukeraren leihoa, Window of opportunity, bereziki inportantea abiadura handiko Interneteko garai hauetan. Produktu edo ideia bat merkaturatu edo garatzeko, aukera leiho zehatz bat irekitzen da, epe jakin bat, non zirt edo zart egin behar den, egin behar dena egin, edo aukera pasatzen utzi. Ez dago epe-luzapenik, orain edo sekula ere ez.
Euskal independentziaren Aukeraren leihoa Kataluniak irekiko du. Katalanek hautsiko dute Espainia, eta zirrikitu hori irekitzen dena, horixe izango da Window of opportunity hori. Leihoa noiz irekiko den ez dakit, baina ireki ondoren, izan seguru, itxi ere egingo da.
Une horretarako, zer dugu hemen? zer dute indar abertzaleek? Ezer ere ez. Aralarrek argi esan du (Jon Abrili elkarrizketa, BERRIA, bit.ly/inde-abril), ez dela euskal estatuaz hitz egiteko unea. Eusko Alkartasunak dokumentu garrantzitsu bat kaleratu zuen iaz (bit.ly/inde-ea); epe labur eta ertaineko politikaz da mamia, baina independentziarako urratsen aipamenik ez dago batere. EAJ ez dirudi independetziaz berba egiteko gogoz dabilenik: beren gazteriak, EGIk, Euskal Estatua Eraikitzen izeneko kanpaina bat jarri zuen martxan aurten, baina egiazki, euskalestatua.eu webgunean, ez dago eraikuntza horren aztarrenik.
Argiagoa izan da, alderdi horiekin alderatuta, Ezker Abertzalea, etorkizun politikorako ibilbide orri bat marrazten saiatu delako, behinik behin. Bada zerbait. Baina, Zutik Euskal Herria dokumentua irakurrita (bit.ly/inde-zutik), susmoa dut bere funtzio nagusia dela ETAri desegiten laguntzea, independentziarako bide bat marraztea baino.
Bereziki analizatuko ditut dokumentuko hiru esaldi, inportanteak direlako, erakusten dutelako ez bakarrik Ezker Abertzalearen pentsamendua, baizik eta abertzaletasun osoaren sintomatika, ezinezko independentismoaren drama. Hasieran, ematen du gauzak argi samar daudela:
«Orain dela 50 urte Euskal Herria hilzorian zegoen eta denbora tarte honetan, borrokari esker, Euskal Estatua eratzeko aukera irekitzeraino ibilbidea egin dugu».
Baina aurrerago, gauza korapilatu egiten da apur bat, Maltzagan edo, hortxe bertan zegoena, puf, Saturnoren orbitan gutxienez! Arretaz irakurri mesedez:
«Fase politiko honen helburua Euskal Estatuaren sorrerako bidea egiteko oinarri nahikorik eskainiko duen eremu demokratikoa erdiestea da».
Aho korapiloa da, bai; baina dokumentuan aurreratu eta eremu demokratiko hori ere deskribatzen zaigu:
«Erabakitzeko eskubidea jasoko lukeen lau herrialdeetako autonomia lortzeko ahalegina, Anaitasuneko proposamenaren bidetik Hego Euskal Herrian, eta Uztaritzeko proposamenaren haritik hiru herrialdeetarako autonomia erdiestearen helburua Ipar Euskal Herrian».
Ibilbide orriaren helburua da autonomismo bikoitz bat. Iparraldekoa ahal bezalakoa, eta Hegoaldekoa erabakitzeko eskubidea barne hartuko lukeena. Bai. Horixe da koxka. Autonomismoa. Independentzia? Halakorik balego ibilbide horren amaieran, esan ere ez zaigu esaten zeren independentzia den: 7 probintziena? ala Hegoaldeko 4ena soilik? Estatuaren egituraz, Aralarrek duen posizio indefinitu berbera, finean.
Horixe da panorama. Indenpendentziaz mozorrotutako egitasmo horien atzean, autonomismoa besterik ez, lurraldetasunaren dogma astunak ez baitu besterik permititzen geure errealitate demografiko-politikoarekin. Klaro, ez da polita egiak esatea. Ez da erraza Kataluniara begiratu eta independentismo katalanaren egia geurearekin alderatzea. Katalanek badakite zeren independentzia aldarrikatu: Bartzelonan biltzen den Parlament-aren lurraldea estatu bihurtzera doaz. Herri Katalanen partizioa asumituta dute, badakite-eta Estatu katalan bat dela lehentasuna, baita haren mugetatik harantzago identitatea eta hizkuntza defenditzeko aukera egon behar bada.
Partizioa, horixe da koxka. Estatua lehentasun bihurtu, lurraldetasunaren gainetik. Hemen tabu larria da hori. Lurraldetasuna sakrosantua da, dogma ortodoxoa. Baina lurraldetasuna da, noski, independentzia per saecula atzeratuko duen kontzeptua (bide batez, Loiolako negoziazioa zapuztu zuena, Nafarroako sozialisten gogoa behartzeko Ezker Abertzaleak ezarritako baldintza ezinezkoa tarteko).
Ibilbide orri ezin luzeagoak amestera garamatza lurraldetasunak. Lau probintzia hemen, eta hori, ba auskalo, bi edo hiru belaunalditan? (nola?!) eta Iparraldea gero, beste hiru belaunalditan? (re-nola?!!) Gero denok batera, zazpiak ala inor ez? Politika-fikzio sinestezina: inork uste du demografiak eta soziolinguistikak zazpi probintzia nagusiki abertzaletara garamatzala? Egia balitz ere, berandu izango da, abertzaleen autonomismo berrien gauzatze aukerak posible bihurtu baino dexente lehenago izango da Kataluniakoa, Window of Opportunity horren irekiera, eta itxiera.
Aukeraren leihorako prestatu behar dugu. Independentismoa behar dugu orain hausnartu, serioski. Epe labur eta ertaineko planak behar dira, ez du balio Jon Abrilek sine die atzeratutako estatuaren eztabaida. Independentismo benetakoa behar dugu, lurraldetasun eredu desberdinez eta partizioaz hitz egingo duena. Ez dut esaten denen artean adostu, baina hasteko, gutxienik, norbaitek aipatu, gaur hori tabu baita.
Independetismo erradikala behar dugu urgentziaz, katalanak badoazelako. Alferrik zaizkigu 2040. urterako plan autonomista txepelak.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
