Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 17:47

IRITZIA;2010-08-28;Zuzendariari. Zaldiero Iruņa-Veleiarekin ero Bertsoak eta 'bilbainada'-k

Zuzendariari

Zaldiero Iruña-Veleiarekin ero

Berria irakurriz zaila da Zaldieroak egiten dituen komikiei arreta ez eskaintzea. Gai asko jorratzen ditu, eta gai bakoitzean, pertsonaia bat ipintzen du ardatz, baina ez beti. Aspaldiko partez, Taliban ikusten genuen, euskararen kalitatearen zaindaria. Bere leitmotiv euskaldunek egiten dituzten (ditugun) ohiko akatsak zuzentzea izaten zen. Urtean gutxienez hamabost aldiz agertzen zitzaigun Taliban BERRIA egunkarian. Baina kezkatuta nengoen, azken hileotan agertu gabe egon da eta.

Orain aste batzuk Talibanen agurra izan zitekeen komikia agertu zen: Iruñako ostrakak faltsuak zirela zioen Talibanek. Orduan ulertu nuen aspaldi agertu ez izana.

Hara! Ezin sinetsi! Urteak zeramatzan Talibanek euskara berdaderoa kritikatzen -k ez jartzeagatik eta orain, arrazoi berberagatik, alegia, -k ez idazteagatik, testuak faltsuak direla diosku? Zertan geratzen gara, ergatiborik ez ipintzea akatsa ala faltsutasun proba da? Pena eman dit Talibanek, bere egileak erabili egin duelako, diskurtsoa hankaz gora jarri diolako. Hain zuzen ere, Iruña-Veleiako zenbait ostrakatan ergatiboa ez agertzeagatik idazkunak faltsuak direla esatea barre egitekoa da, barregura berdaderoa.

Egunero leku guztietan ikusten dugu, eskoletan, irratian, lagunen artean, zenbat aldiz desagertzen den -k miragarri hori. Beraz, orain 1.700 urte, neska-mutil elebidunengan -latina ama hizkuntza izango zuten horiek nahiz eta euskara ere jakin- gauza bera gertatzea normala baino, normalagoa da. Izan ere, Patxi Huarte maitea, latinean, gaztelanian bezala, ez zegoen ergatiborik.

Orain txisteak egiten hasi zara Guardia Zibilak ostrakak aztertuko dituelako. Egin daitezke bai, baina nik beste era batekoak egingo nituzke, orain arte Lorena Lopez de la Calle eta Xabier Agirre agintariek, eta Aldundiko Batzordeko EHUko irakasleek, ezin zirela egin esaten zutelako. A zer ziria sartu digutena!

Miren Goti Larrondo. - Bilbo.



Bertsoak eta 'bilbainada'-k



Lehenak gure herri izaeraren adierazpen bizia diren bitartean, bigarrenak hiriko aspaldi hildako tarte motzeko anekdota dira. Bertsoek egunero dute hitzordua, ordu batetan, jai egitarauan. Santio plazan txabola eta ehun bat aulki daude. Bilbainada zaleek ostera, aukera bikoitza dute; hamabietan Kasilda parkean eta ordu batetan Zazpikaleetan. Ahateen parkean, jesarlekuz ondo hornitutako karpa erraldoi eta eroso batek babesten ditu entzuleak. Zazpi kaleetan, berriz, tabernek. Min egiten dit bertsozaleak tente edo lurrean eserita ikusteak. Eta eguzki galdatan, horrela tokatzen bada. Herenegun, bozgorailu zerbitzu bikainari esker, bilbainada kantariek ez ziguten bertsozaleei traba handirik egin, egia esan, baina gero, telebistan, non ikusten dugun Azkuna, harro, kantari.

Irakurle bat.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia