Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 17:46

IRITZIA;2010-07-30;Bizkaian... 'otsuak'

Bizkaian... 'otsuak'

Andoni Esparza Leibar

Heraldikan aditua

Bai, otsuak -edo otsoak, euskara batuan esaten dugun bezala- benetan garrantzitsuak dira Bizkaiko heraldikan.

1528. urtean argitaratutako Foruen liburuen azalean, adibidez, agertzen dira lurraldearen armak: haritza bi otsorekin eta bazterretan bost lehoi. Beste lehoi batek eusten dio bere atzaparrekin ezkutuari. Bestalde, XVII. mendean gaineratu zioten gurutzea zuhaitzari.

Urteak pasatu ziren, eta Bizkaiko blasoi ederra toki pila batean marraztua, margotua, grabatua edo zizelkatua izan zen.

Baina 1894. urtean Sabino Aranak artikulu bat argitaratu zuen Bizkaitarra aldizkarian. Bertan azaldu zuen otsoak kendu beharko zirela, haren ustez, antzinako Bizkaiko jaunekin lotura adierazten zutelako. Urte batzuk beranduago, 1899an, diputatua zenean, arrakastarik gabeko saio berri bat egin zuen zentzu horretan.

Orduan, Foru Aldundiak txostenak eskatu zizkien historialari ezagunei: Estanislao Labairuri eta Carmelo Etxegarairi. Gaia aztertu ondoren, betiko sinboloarekin jarraitu behar zela adierazi zuten biek. Baina, hurrengo urteetan, talde abertzaleek Aranaren ideiak zabaldu zituzten.

Horregatik, 1936an, Euzkadiko Jaurlaritzak bere blasoia onartu zuenean, haritza otsorik gabe utzi zuen -lehendabiziko aldiz gertatu zen ezabapen hori sinbolo ofizial batean-. Hala ere, uste dut, Bizkaiko Foru Aldundiak -orduan abertzale eta errepublikarren esku zegoena- ez zituela bere armak aldatu.

1986. urtean izen zen, lurraldeko Batzar Nagusiek aldaketa egitea erabaki zutenean. Baina, hala ere, ez zuten guztiz jarraitu Aranak proposatutako eredua. Harentzat, ezkutuaren hondoa gorria izan behar zen -eta ez zuria, orain ezarrita dagoen bezala-. Kontuan hartu behar da, Sabinok ikurrinaren eta Bizkaiko blasoiaren arteko paralelotasuna ikusten zuela. Horregatik, elementu berak jarri zituen bi sinboloetan: gurutze zuria (kristau fedea), berdea -Gernikako haritzaren adarrak, Foruak aldarrikatzeko- eta hondo gorria (herria). Berez, Jaungoikoa eta Lege Zaharra, bizkaitarren gida.

Heraldikari dagokionez, Euskal Herria aberatsa da, eta arlo horrek gure kultur ondarearen zati esanguratsu bat osatzen du.

Zorionez, Bizkaiko herriek ez zuten jarraitu, esparru honetan, Aranaren teorien bidetik.

Gaur egunean, eta oker ez banago, hamabi udalek erabiltzen dituzte bere blasoietan bi otsoak, haritzaren enborrean gurutzatuak. Hauek dira, hain zuzen ere: Arrigorriaga, Barakaldo, Busturia, Ermua, Garai, Iurreta, Karrantza, Lanestosa, Markina-Xemein, Orozko, Sopuerta eta Ubide. Horretaz aparte, beste herri askok ere, pizti hori erakusten dute bere armarrietan. Guztira, eta nire kalkuluaren arabera, otsoak Bizkaiko udal ezkutuen %35 baino gehiagotan agertzen dira. Horien artean, noski, Bilbokoan.

Baina, gainera, ñabardura bat gehiago kontuan hartu behar da: udal arma batzuk nahiko berriak dira -XX. mendekoak-, eta horietan jarrera gutxiago izan zuten elementu hori sartzeko. Bestela, eta antzinako garaiari mugatuz, aipatutako portzentajea oraindik handiagoa izango litzateke.

Eta ez dira bakarrik herriak. Bizkaitar sustraia duten familia askok ere erabiltzen zituzten -edo dituzte- otsoak bere blasoietan.

Lurraldeko armetara bueltatuz, gaur egunean hiru bertsio daude:

-Antzinakoa.

-Sabino Aranak bultzatutakoa.

-Ofiziala, indarrean dagoena.

Argi eta garbi utzi behar baita, azken hori ez datorrela bat Aranak proposatutakoarekin. Hondoa zuria du, eta Sabinorentzat -aurrez azaldu den arrazoiarengatik- oso garrantzitsua zen gorria izatea.

Kontraesan horiek direla medio, gaur Bizkaiko Foru Aldundiak ia ez du ezkutua erabiltzen. Haren ordez eta publikoaren aurrean, haritzaren hostoaren logotipoa agertzen da.

Horrela, zazpi lurraldeetatik den blasoi ederrena -nire uste apalean-, ia ahaztua dugu.

Gipuzkoan, aldiz, pixka bat hobe egin dituzte gauzak. 2007. urtean hango Batzar Nagusiak eta Foru Aldundiak batera argitaratu zuten Rosa Aierbe Iribarrek, Azterketa historiko-juridikoa Gipuzkoako Armarriari eta Blasoriari buruz izenburuarekin idatzitako 141 orriko liburua.

Hau da bide egokia: historia aztertzea. Bizkaian ere -otsoen lurralde honetan, bereziki-, horrelako zerbait egin beharko litzateke.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia