Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 17:45

IRITZIA;2010-07-29;Ondarea birrintzen Iruņa-Veleian

Ondarea birrintzen Iruña-Veleian

Idoia Filloy Nieva

Arkeologoa

Haserrearen eta tristuraren artean dantzan dabil nire adorea azken aldian. Nire arazoa dela esango duzue ziurrenik, eta arrazoiarekin. Baina hori eragin duena ez da nire arazoa soilik. Azalduko dut.

Orain dela gutxi indusketa berri bati ekin diote Iruña-Veleian. Modu horretan, gauzatze bidean jarri da Julio Nuñez Marcenek landu eta gidatutako Zuzendaritza Planaren, Lorena Lopez de Lacalle Arabako Kultura diputatuaren babes leialarekin eta oraingo foru gobernuaren onarpenarekin.

Baina lanak hasteaz bat, proiektu zientifiko eta metodologiko txit garbitzat saldu zaiguna, salaketa publiko eta judizialerako gai bihurtu da. Hona hemen zergatik:

98. alorrean hasi dira lanak, eta 17.000 m2 induskatzeko asmoa dute. Geuk airetik ateratako argazkiei esker ezagutzen da inguru horretan egitura sare handia dagoela. Begetazioaren hazkuntza berezia dela eta, lurpean kontserbatzen den azpiegitura urbanoa nabaritzen da zerutik. Bestalde, gure taldeak 2006an -Eliseo Gilen eta azpian izenpetzen duenaren zuzendaritzapean- hamahiru zundaketa estratigrafiko burutu zituen eremu horretan, eta haiei esker dakigu erromatarren aurreko zein garaiko oso ondare arkeologiko aberatsa gordetzen dela azpian. Konprobatu ahal izan genuen 30 cm baino lodiagoa ez den laborantza lurraren azpian ukitu gabeko arrasto arkeologiko erromatarrak agertzen direla, bere baitan era guztietako materiala gordetzen duten estratu eta egiturak. Zundaketa horietako askok bi metrotik gorako sakonera dute, eta beren osaera guztiz arkeologikoa da.

Hala eta guztiz ere, Nuñezen Zuzendaritza Planean iragartzen da tona kopuru handiko makinariaz 50 cm-ko sakonera arte hustuko dela 14.000 m2-ko eremuan, eta denera 7.000 m3 lur kenduko dela. Planak berak esaten du oso arriskutsua dela jarduera hori, arkeologia intereseko geruzak kaltetu daitezkeelako, kontu handiz ibili ezean.

Horregatik, datuak ezagututa eta arriskuaren jakitun, geure buruari galdetzen diogu nola arraio plantea zitekeen esku-hartze mekaniko bat Planaren barruan, guk aurrez egindako lanetatik erraz asko ondoriozta baitzitekeen horrelako jarduera batek ezinbestean eragin behar ziela erromatar garaiko unitate estratigrafiko ukitu gabeei. Zer gertatu da orduan? Nuñezek derrigor ezagutu behar zituen-eta gure lan horiek, Aldundian, Eusko Jaurlaritzan eta Iruña-Okako udalean entregatuak baitaude. Existituko ez balira bezala jokatzea arduragabekeria izugarria da, eta erakutsiko luke gizon horrek, dokumentazioari jaramonik egin gabe, ondare arkeologiko ukitu gabea desegiteko asmo garbia izan duela.

Baina landa-lanak hasi direnean gertatu da okerrena, hau da, lurrak bitarteko mekanikoz kentzen hasi direnean. Ez dira bakarrik kendu aurrez iragarritako 50 cm-ak, baizik eta leku askotan metrotik gorako sakoneran induskatu da makinaria astuna erabiliz. Izututa ikusi ditugu SOS Iruña-Veleia Plataformak egun hauetan egindako jarraipenean ateratako argazkiak (ikus www.sos-irunaveleia.org), horietan garbi agertzen baita indusketa mekanikoak, egiturei eragiteaz gain, estratu arkeologiko aberatsak deuseztatu dituela, horrela arkeologia informazio txit inportantea galdu delarik, eta haiekin batera material ugari, denak ezinbestekoak aztarnategiaren sekuentzia kronologia ezagutzeko,

Honek zera pentsatzera garamatza: egitura arkeologikoetaraino iritsi nahi izan da (berdin dio zein sakoneratan agertu), helburu nagusia ahalik eta azkarren eremu zabal bat garbitu eta eraikuntzak agerian uztea delako. Baina mediatikoki hain errentagarria izan daitekeena, ondarearentzat oso kaltegarria da, estratu eta materialak galtzearen truke egiten delako, hots, arkeologian dataziorako oinarrizkoak diren elementuen truke. Inolako erreparorik gabe, egiturek gainean zuten lur guztia kendu da, kontuan izan gabe horietatik 30 cm zirela soilik laborantzak nahastutako lurra, eta, beraz, gailu mekanikoz kendu zitezkeen bakarrak. Gainetikoa, arkeologia metodo egoki batez induskatu beharko zen.

Gainera, gogora dezagun eremu honetan hainbat ezohiko grafito aurkitu genuela, bai lurrazalean eta baita egindako hamahiru zundaketa estratigrafikoetarik hirutan. Garbi dago, beraz, indusketa mekanikoak frogen ezabatzea suposatzen duela prozesu judizial bati begira.

Honen guztiaren jakitun, esperientzia luzeko arkeologo gisa, zein-nahi lekutan ozen esango dut Iruña-Veleiako aztarnategian ukitu gabeko ondare arkeologikoa suntsitzen ari direla denon begien aurrean. Eta suntsipena askoz ere handiagoa izango dela norbaitek ez badu sarraski hau geldiarazten. Ez dezagun ahaztu horrela induskatzeak lurrazpiko ondarea betiko hondatzea esan nahi duela.

Horregatik, idatzi honen bidez publikoki salatu nahi dut gure Ondarearen aurkako atentatu izugarri hau, eta honetan ardura duten erakunde publikoei eskatzen diet berehala geldiaraz dezatela.

Azkenik, esan Iruña-Veleia Plataformak epaitegietan jarri duen salaketari beste bat gehitu zaiola, geurea.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia