Zuzendariari
Bizikleta, nondik?
Nahiz eta pixka bat berandu izan, komentatu nahi dut zenbat gustatu zitzaidan uztailaren 3ko gutuna, Mikel Intxaustik idatzia. Ni ere ohartu naiz berak adierazi duenaz: hainbat pertsona bizikletaz joaten dela espaloitik. Duda barik, edonora arinago eta esfortzu gutxiagorekin bizikletaz joan daiteke oinez baino; dena dela, onartezina da batzuen erosotasunagatik besteei eragozpenak eta arriskuak sortzea.
Gaur egun ikusi ohi da espaloietan nola jendea dabilen hormatik hurbil-hurbil, itsatsia egongo bailitzan, eta hau espazioa zabala izan arren. Eta parkeetan, zer? Ez da Londresen, Parisen, Chicagon edo New Yorken beste jende paseatzen; zergatik ote? Agian, horietan bizikletak oinezkoen esparruetatik ezin izaten direlako sartu. Baina gure herrietan, aipatuetan ez bezala, txirrindulariek eta patinatzaileek hemendik eta hortik gurutzatzen dute, batzuetan abiadura dezentez, erabat lasai edota musika entzuten, gune horietan indartsuenak beraiek baitira. Baliteke haietako batzuek pentsatzea gasolina ez erabiltzeagatik edonon ibil daitezkeela.
Entzun dudanez, behin baino gehiagotan istiluren bat gertatua izan da oinezkoen eta txirrindularien artean. Baina agian oinezko batzuek, istiluan ez sartzearren, beste irtenbide bat hartu dute: etxean geratzea. Oso tristea da hori, herri eta hirietako kaleek behar dituztelako oinezkoen joan-etorriak, segurtasunagatik eta baita negozio txiki asko horri esker bizi direlako ere.
Trafikoko legegintzak argi uzten du zein den oinezkoen espazioa eta zein den ibilgailuen gunea, eta bizikletak ibilgailuak dira. Gainera, bizikletek ez dute zaratarik egiten; beraz, oinezkoak ez daki hurbil dauden. Gogora dezagun, hain zuzen ere, nola auto elektrikoei apropos jarri zitzaien soinu artifiziala, berez zaratarik egiten ez baitzuten, arriskutsuak ziren txirrindularientzat eta oinezkoentzat beraien hurbiltasuna ez transmititzeagatik.
Batzuetan, bizikleta mugitzeko gomendatzen da modu ekologista bezala, baina era zuzenean erabilia, noski. Duda barik, onartezina da motorrek eta autoek erabili ezin dituzten espazioak, oinezkoari dagozkiolako, beraiek inbaditzea. Neuk ere atsegin dut txirrinduaz joatea, baina argi daukat oinez ibiltzearen jarduerak babes osoa merezi duela, pertsonak mugitzeko modu naturalena baita. Lanera oinez joaten naiz, nahiz eta etxetik goizago irten behar izan ibilgailu erabiliko banu baino.
Eta zer esan bizikletaren aulkitxoan umea eramaten dutenei buruz? Ba, erraza da: betiko umeentzako kotxea edo aulkia bultzatu; edo umeak ahal izanez gero, zapata on batzuk jantzi eta eskutik helduta, berarekin ibili eta hitz egin, horrela lotura afektiboak sendotzen direlako; horixe bai ederra! Baina egun, tamalez, lehen baino gutxiagotan praktikatuta, hain barneratua dugun, hala edo hola, abiadurako zaletasunarengatik.
Jon Landazabal Aiestaran.
Getxo.Euskararen egoera Pesa autobus konpainian
Aitzol Gandiaga Conget.
Bergara.Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
