Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 17:44

IRITZIA;2010-07-11;Animalien eskubideak

Animalien eskubideak

Jon Sudupe

Saiakera egilea

Katalunian zezenketen debekua dela eta, berriz zabaldu da animalien eskubideen inguruko eztabaida. Giza eskubideak gure espezietik harago ere aplikagarri ote dira? Animaliek ere eskubideak ote dituzte?

Azken urteotan, iraultza biotiko delakoak auzitan jarri du gizakiaren eta beste animalien arteko desberdintasuna. Hona hemen, bada, gaur egungo arazo filosofikorik eztabaidatuenetakoa: ba al dago mugarri zehatz argirik gizakien eta gainerako animalien artean? Zertan datza giza berezitasuna? Ba al dago, Kanten moduan hitz egiteko, gizakia transzendentalki bereizten duen ezaugarririk?

Darwinismoak ondorio iraultzaileak izan ditu. Eboluzioaren teoriak senidetu egin gaitu guztiok, landareak, animaliak zein gizakiak. Gainerako animalia eta izaki bizidunekin parekatu gaitu. Eboluzioaren ikuspegitik, izaki bizidun guztiok gara berdinak. Guztioi, animalia zein gizakioi, zor zaigu, beraz, trataera edo «justizia» berdina. Ez dago, beraz, animaliak gaizki tratatzeko eskubiderik.

XVIII. mendetik aurrera, filosofo eta zientzialari naturalistek -D. Humetik Ch. Darwinera, J. Mackietik R. Dawkinsera, D. Dennettetik P. Singerrera-, argi azaldu digute, geure izaera autonomoaz jakitun bihurtzen garenean, giza jendearen zein animali espeziearen sufrimenduaren kontzientzia hartzen dugula. Zientziak erakusten digu gizakiak bere egoismoa murriztuz eta bere enpatia hedatuz egiten duela aurrera. Neurozientzialari kognitiboak enpatiaren neuronak aurkitzen ari dira. Badirudi animaliarik gizartekoienak garela eta hurbileko kideekin harreman adiskidetsuak bilatzen ditugula.

Jeremy Bentham filosofo utilitaristak zioen bezala, «sufritzen duenak ditu eskubideak, ez pentsatzen duenak». Animaliak gozamena eta oinazea sentitzeko gai dira. Izaki sentikor guztien ongizatea bilatu behar dugu. Ezaguna da haren esanetako bat: «zaldi edo txakur heldu bat egun, aste edo hil bateko haurra baino animalia arrazionalagoa da». Horregatik, jateko hiltzen ditugunean, heriotza gozoa zor diegu abereei. Guk bezalaxe sufritzen baitute.

Peter Singer australiar filosofoa da, gaurko pentsalarien artean, animalien eskubideen alde gehien ahalegindu dena. Espezie bizi guztien berdintasuna aldarrikatzen du. Mugimendu animalistaren biblia bihurtu den Animalien askapena liburuaren egilea da. Gizakiok izaki ez-gizatiarrei ezartzen diegun tiraniaz dihardu bertan. Animaliei konta ezin ahala oinaze eta sufrimendu eragiten dien giza ankerkeria salatzen du.

Tximu Handia proiektua-ren sortzaileetako bat da P. Singer. Orain arte gizakiei aitortu zaizkien eskubide moral eta legalak txinpantzeei, gorilei, bonoboei eta orangutanei ere aitortu behar zaizkiela dio (jakina denez, gure ADNaren %98 konpartitzen dugu txinpantzeekin). Gizakien antzera, haiek ere «eskubidedun subjektuak» omen dira.

Animaliek ere «eskubideak» dituzte, hortaz? Baiezkoan daude animalistak. Halako arrazionaltasun maila bateko gizakiek asmatu zituzten giza eskubideak. Baina behin asmatu ondoren, espeziearen gizakide guztiei aplikatu zitzaizkien, jaioberriak eta pertsona intelektualki gaitasun gabeak barne. Koherenteak izateko, beraz, pertsona horiek adinako arrazionaltasun maila duten beste espezietako izakiei ere aplikatu beharko genizkieke.

Animalien eskubideen gaia etika ilustratuaren ikuspuntutik aztertu du Adela Cortina filosofo valentziarrak, eta ez dator bat «animalismoarekin» (Pertsonaren mugak, Taurus, 2009). Eginbehar zuzenak ditugu gizakiekiko, zeharkako eginbeharrak, berriz, animaliekiko. Duintasunaren ideia ez da berdina kasu bietan, ezta batzuen eta besteen garrantzia morala ere. Gizakiei soilik dagozkie giza eskubideak. Animaliekin arduraz eta erantzukizunez jokatzea dagokigu, kalterik ez egiteko obligazioa daukagu.

«Gizakiaren bihotza animaliekiko tratuarengatik neur daitekeela» adierazi zuen Kantek. Animaliei ere errespetua zor diegu. Ez diegu alferrikako sufrimendurik eragin behar. Zezenketak, oilar eta ahari jokoak, idi demak eta bestelako jolas edo «kirol» basatiak debekatu beharreko ikuskizunak dira. Tradizioaren aurretik dago tratu etikoa (zentzu horretan, adierazpen desegokiak egin ditu gure Lehendakariak).

Zenbat eta ikasiagoa izan gizartea, orduan eta bihoztunagoa izango da bizidun guztiekin.Gero eta jende gehiagok uste du animalien kontrako tratu txarrak eragotzi egin behar direla. Europar Batasunak debekatu egin du txinpantze eta gorilekin esperimentuak egitea. Zeren zain dago Eusko Legebiltzarra? Noizko Animaliak Babesteko Legea?

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia