Gipuzkoaren apustua eduki kulturalen alde
Maria Jesus Aranburu
Gipuzkoako Kultura eta Euskarako foru diputatua
Azken hamarkadan, globalizazioaren aurrerapena eta teknologia berrien garapen azkarra tarteko, sormenerako eta berrikuntzarako baldintza bereziki egokiak eskaintzen dituzten lurraldeak indartzen ari dira. Benetako «komunitate sortzaile» bezala antolatzen ari dira horrelako lurralde batzuk, kultura industriek Barne Produktu Gordinaren (BPG) zati funtsezko bat ekartzen diotela, eta tokian ondo sustraitutako enplegu kualifikatua sortzen dutela.
Mundu mailako finantza krisiaren garaian, Europako gizarteen ondare baliotsua eta kultura aniztasuna aktibo bikainak dira sormenean oinarritutako jarduera ekonomikoak bultzatzeko. Europar Batzordeak oraindik orain Sormen eta Kultura Industrien Liburu Berdea argitaratu du, sektore estrategiko horren hazkunde ahalmen guztia garatzeko helburuarekin. Europar Batzordearen 2006ko datuetatik dakigunez, orduan Europako BPGren %2,6 ekartzen zuten kultura enpresek eta bost milioi laguni kalitatezko enplegua ematen zioten Europar Batasunean.
Inguru hurbilean, 2007ko datuak oinarritzat hartuta Kulturaren Euskal Behatokiak dioenez, kultura industriek dagoeneko 25.200 laguni lana ematen diote Euskal Autonomia Erkidegoan, esan nahi baita, enplegu guztien %4,5. Eta Gipuzkoa dago sektore horren buruan, EAEko hiru lurraldeetako kultura industrien %50,6 bertan baitu.
Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetan apustu garbia egin du kultura edukiak eta kultura euskaraz sortzearen eta zabaltzearen alde, eta horretan dihardu. Diputazioaren 2007-2011 aldiko Kudeaketa Estrategikoko Planean lehentasuna aitortzen zaio kultura edukiak sortzen, digitalizatzen eta gizartearentzat eskuragarri jartzen laguntzeari. Herritarren kulturarako eskubide unibertsala errealitate bihurtu nahi dugu, eduki digitalen bitartez.
Helburu horiekin ari gara bultzatzen Gipuzkoa 2.0 programa, arreta berezia jartzeko eduki digitalen irisgarritasun teknologikoan eta legezkoan, eta horrelakoak sortuko eta banatuko dituen kultura industriaren garapenean.
Ikuspegi horren haritik, Tabakalera honela konfiguratu dugu: kultura garaikidea sortzeko zentro, ikus-entzunezkoen esparruan espezializatua; sormen eremu desberdinen arteko elkarreraginean eta sortzaileen, industrien eta herritarren arteko elkarlanean, jakintza eta berrikuntza sortzen saiatuko dena; ekoizpenera bideratutako sorkuntzari lehentasuna emanik ere, dokumentazio zerbitzu oso bat eskainiko duena nola produkziorako eta erakusketetarako, hala eztabaidarako, prestakuntzarako eta aisialdirako; sorkuntzaren pizgarri eta ideien ongarri izango diren dinamikak bultzatuko dituena; eta Euskadiko kultur sorkuntza nazioarteko elkarrizketan txertatuko duena.
Gaur egungo egoerak eta, batez ere, geure erantzukizun eta jasangarritasun irizpideek, ordea, Tabakaleraren proiektuari beste neurri bat ematera bultzatzen gaituzte, «Gipuzkoa kulturalaren» bidean proiektu estrategiko bat delakoan. Izan ere, pantailen garaian bizi gara; gizartea gero eta ikus-entzunezkoetara jarriagoa dago, eta, horregatik, apustu hau kultura arloko edukietara, formatu berrietara, sortzaileengana eta enpresetara begira dago, baina, oro har, ikus-entzunezkoen kulturara begira.
Bide horretan aurrera egiteko, bateratu egin ditugu Artelekuko sorkuntza eta esperimentazioko tailerren programazioa eta Koldo Mitxelena Kulturuneko Erakustaretoarena, eta Ikus Arteen Zerbitzua sortu dugu; horrela indartu egingo da arte esperimentazioaren eta arte zabalkundearen arteko elkarrizketa, baliabideak hobeki aprobetxatuz.
Artelekuk izan behar du Tabakalerako ikus-entzunezko sorkuntza zentroaren abiapuntua. Artelekuren proiektuak ia 25 urtean egin duen bidea behar adinako eta gehiagoko bermea da; apala, baina bere eredu berezian era askotako praktikak elkartzen dituena: kontzeptualak, performatiboak eta sozialak, grafikagintzako tailerrak, argazkigintzako, zientziako eta teknologiako praktikak eta, nola ez, ikus-entzunezkoak.
Edukien zabalkunderako giltzarri den beste aktibo bat ere badugu Gipuzkoan: Zinemaldia. Kultura edukien eta industrien aldeko gure apustua arrakastatsua izan dadin, indartu egin behar da haien nazioarteko proiekzioari Zinemaldiak egiten dion ekarria. Baita 2016ko Kultura Hiriburu izatearen xede kolektibo erakargarria aprobetxatu ere.
Erakunde publikoak elkartuta aitzindari direla, eta sortzaileekin eta industriarekin elkarlan estuan, lor genezake Gipuzkoa kultur edukien esparruan erreferentzia izatea. Konfiantza, ahalegina eta elkarlana oinarritzat hartuta. Merezi du.
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
