Biktimen aitorpen zuzena eta plurala
Joana Abrisketa. Andres Krakenberger. Jon Landa. Argituz Giza Eskubideen Aldeko Elkarteko kideak
Eusko Legebiltzarrak 2009ko abenduaren 22an emandako aginduaren indarrez, joan den ekainaren amaiera aldera aurkeztua beharko zukeen Politika arrazoiengatiko indarkeria dela bitarteko giza eskubideak urratu dizkieten biktimei buruzko txostena izenekoari dagokion jarraipena. Txosten hori 2008ko ekainean landu zuten, eta lehenbiziko saio zintzoa izan zen aintzat hartu ahal izateko polizia agenteek, talde parapolizialek, ultrek, kontrolpetik kanpokoek, eta abarrek egindako atentatuetan, bahiketetan, nagusikeriaz baliatuta, edo sexu bortxaketak, torturak zirela bitarteko erail edo larri zauritu zituzten pertsona haiek guztiak. Errealitate erabat ezezaguna da guretzat -politikan eragin dituen ika-mikez harago dagoena-, erregistro ofizialik gabekoa, eta zenbaitzuek urteetan ukatu ere egindakoa; halako egintzen biktimak ahanzturan atzendu dituzte erakundeek, inolako aitorpen agerikorik egin gabe edota politika manipulazioen esku utzita.
Biktima horiek urteak eta urteak itxaron dituzte, esperoan, pairarazi zizkieten giza eskubideen urraketak noiz aintzat hartuko. Bitarte honetan guztian, larrutik ordaindu behar izan dute gizarteak inolaz ere ez aitortu izana ez egintza haiek, ez Estatuaren erantzukizuna, ez eta haren hurrengo zigorgabetasuna ere.
Aitorpen ofizialik ez izateaz gainera, egintza horiek ez zuten izan ikerketa judizialik, zegokien larritasunak eskatuko zukeen bezala. Ustezko hipotesi gehienetan, Justizia Administrazioak ez zuen inolako jardunbiderik hasi; edo, hasi bazuen, alderdikoia eta zeharo eskasa izan zen. Gaur egun arte, kasu horietako askotan ez da egin bestelako ikerketa independenterik. Dena eginkizun dago oraindik ere: zer gertatu zen argitzea, erantzukizunak zehaztea eta ordainak sustatzea. Horretarako, ezinbestekoa da diskurtso publiko bat, batetik, bere gain hartuko duena, lehenik eta behin, Estatuaren erantzukizuna; eta bestetik, sinesgarria eta eraginkorra izango dena biktimentzat, diskurtso sinbolikoari eta hedarazi beharreko politika publikoei dagokienez. Badugu bertatik bertarako adibide bat, Britainia Handiak oraindik orain emandako ebazpena, Ipar Irlandan Bloody Sunday izenekoan gertaturiko zapalkuntzari buruzkoa, eta horrek argi utzi du ezinago osasuntsua dela demokraziarentzat halako aitorpen bat. Aitorpena egiteak, ordea, ez du esan nahi parekatu egin behar direnik pertsona bat biktima bihurtu arterainoko bidea eta pertsona hori biktima bihurtu duten eragileak; are gutxiago, edozein egintza bortitz zuritu behar denik ere.
Orain arte, Euskadin, biktimen inguruko politikek ez dute zuzentasun irizpide bat hartu oinarritzat: maila bereko urraketari maila bereko ordaina edo aitorpena dagokio. ETAren biktimek badute lege esparru bat, Estatuan nahiz Autonomia Erkidegoan, eta hor dituzte jasota beren eskubideak, eta zer aitorpen eta ordain dagozkien. ETArenaz bestelako «terrorismo baten biktima» direnek, ordea, ez dute tratu bera izan. Kasu askotan, interpretazio murriztaileak egin dituzte epaitegiek, biktima izaera dutenik ere ukatzeraino, edo auzi borroka amaigabe baten ostean bakarrik onartuta halakotzat: esate baterako, Normi Mentxaka santurtziarraren kasuan -tiroka erail zuten manifestazio batean, 1976an-; horrek bidegabe areagotu zuen haren bereizkeria eta sufrimendua. Beste hainbatek eta hainbatek ez dute izan ez horretarako indar nahikorik, ez beste inoren laguntzarik, baina egoera berberean daude. Diskurtso publikoak, gainera, baztertu egin ditu memoriatik, aitorpen ekitaldietatik eta omenaldi ofizialetatik.
Giza eskubideen urraketak zehazteko erabiltzen dituzten kontzeptuak berak ere murriztaileak eta aitorpenik gabekoak izan ohi dira. Hala nola kasu askotan hainbat ezaugarriren mende dago terrorismoaren biktima izaera: terrorismoaren eragileek modu klandestinoan edo uniforme jantzian jardun zuten, horren arabera. Halako kategorien arazoa ez da, hain zuzen, nornahik edonolako azterketa bat egin ahal izatea, edo ideologia bakoitzekoek beren epai historikoa ematea, baizik eta ondorio kaltegarriak eta bereizleak dakarzkietela biktima askori. Biktimei eskubide batzuk zor zaizkie, giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak ezarritakoaren arabera, baina gaur egungo legeetan ez dute behar bezalako islarik; aitzitik, bahetuta daude, kategoria onak eta txarrak bereizteraino, ordainezko zerbitzu eta diskurtso eta guzti -egintzak aitortu ordez, kategoria horietan sailkatzea bera dute helburu-. Biktima zuzenentzat eta haien senitartekoentzat, bidegabea da asimetria halakoa; taldean, berriz, hainbat ondorio eragiten ditu, betikotu egiten baititu zauriak, eta horrek ez digu uzten gure gizarte egitura berregiten.
Politika publiko batek, eta biktimak aintzat hartzen dituenak, erantzun egin behar dio biktima batzuen aitorpen eskabideari -betiere geroko gerokotan atzeratuari-, behingoz utz diezaioten «beste biktima horiek» izateari; horrez gainera, ordea, ekarpen bat egin behar du giza eskubideak errespetarazteari eta gizartea berregiteari dagokionez.
Biktimen bazterkeria egoera berritu egingo luke, besteak beste, atzera bereizkeriara jo eta aitorpen gabeziara itzultzeak, eskema baztertzaile batzuei atxikitzeak, edo ebazpen judizial bat duten kasuetara bakarrik mugatzeak. Ikerketa judizial eraginkor bat izan duten edo banakoen erantzukizunak zehaztea lortu duten tortura kasu bakanetan gertatu izan den bezala, zirkulazio istripuei dagozkien baremoak baliatu ohi dituzte ordainak ezartzeko, eta ez giza eskubideei dagozkien estandarrak. Ez dezagun baliatu halako bidegabekeriarik gure historia ondarea osatzeko. Esperoan dauzkagu giza eskubideak urratu zizkieten ehunka biktima, eta erantzun duina ematea merezi dute, biktimak berak izan daitezen ardatz nagusi -andre zein gizon-, eta ez edozein alderdi politikoren kezka politiko jakin batzuk.
Argituz Giza Eskubideen Aldeko Elkarteko kide hauek ere izenpetu dute artikulu hau: Pedro Larraia, Iñaki Lekuona, Carlos Martin, Benito Morentin eta Sabino Ormazabal.
(Erredakzioan itzulia)
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
