Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 17:39

IRITZIA;2010-06-27;Zuzendariari. Hau eta bestea Abortatzeko eskubidea Jon Redondo, Orioko alkate jauna!

Zuzendariari

Hau eta bestea

Katalunian tiro bat bera bota gabe, baina jo eta fuego autodeterminazioaren aldeko erreferendumekin dihardute, eta badirudi gurean ere, azkenean, gauzak ganoraz bideratzen ari garela eta etorkizunera itxaropentsu begiratu dezakegula. Batzuk erakusten ari diren urduritasuna ikusita -eta ez Madrilen bakarrik-, hori dirudi. Ea zenbat kareta erortzen diren ondorengo asteotan!

Ez ote dituzte ondorioak Udalbiltzako auzipetuen lepoetan ordaindu beharko! Hemengo todo a cien-eko demokraziarekin batek daki. Ez litzateke lehen aldia izango hori egiten dena.

Hasi dira presoen argazkiak ez kentzeagatik zigortzeko antolatu dituzten lehenengo auziak. Tabernak erabilera publikoa duten arren, esparru pribatua dira nolabait, eta argazkietako asko, epaitu arte behintzat, errubakoak lirateke. Bost axola zaie! Makina bat plaka, kale, plaza, arrano inperial eta monumentu daude oraindik Francoren eta bere gaizkideen oroimena ospatzen estatuko eremu publikoetan. Hainbat erakundetan diktadorearen eta bere subalternoen argazki eta erretratuak geratzen direla. Azken finean biktimak eta victima-k daude. Iraindu daitezkeenak eta besteak.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua, bitartean, «estilista» sartu zaigu, eta ertzainak dotore-dotore kaleratu nahi ditu. Nire amak beti esan du azpiko arropa dela garbitu behar dena lehendabizi!

Koldo Leniz.

Lekeitio.

Abortatzeko eskubidea



Emakume askok eta askok nahi gabeko haurdunaldiak izaten dituzte. Gehienek abortatu nahi izaten dute, baina beren erlijioak, familiak, gobernuak... oztopoak jartzen dizkiete, zenbaitetan baita beren ideologiak ere. Jakina oztopoak daudela, baina, hala ere, ezin daiteke inor haur bat izatera behartu.

Emakumeek abortatzeko eskubidea izan behar dute, haurdun gelditzea emakumearen errua den arren, ezin daitekeelako inor haur batek sortzen dituen lan, buruko min eta ardurak jasatera behartu. Beraiek jasango dituzte haurdunaldiaren sintomak; adibidez, hileroko falta, zorabioak, goragalea, okadak. Horrez gain, ziur egon haurdun gelditu den emakumeak badakiela haurra izateko egoeran dagoen edo ez; adibidez, langabezian, ikasten, lanean, bikotekidea duen ala ez... Eta horren arabera hartu behar du umea izateko erabakia.

Aurrera egin edo ez, emakumeek abortua hautatzeko aukera izan behar dute, nahigabeko egoera horretan jaiotzeak haurraren eta emakumearen bizitza baldintzatuko duelako.

Bakoitza bere gorputzaren jabe da, eta bere gorputzari buruzko erabakiak hartzeko ahalmen osoa du. Kasu honetan, haurra izango duen ala ez erabakitzeko.

June Balentziaga.

Markina-Xemein.

Jon Redondo, Orioko alkate jauna!



Ardura gabe jokatzen ari zara Ingurumen Batzorde informatzaileetara deitua izan eta etortzen ez zarenean. Kontua ez da zeinek zein konbentzitzen duen. Orioko alkate zaren aldetik eta hilean 4.000 euro udaletik jasotzen dituzun horrek egiten diren deialdietan parte hartzeko ardura handiena duzu.

Batzorde informatzailearen bilerak informazioa mahai gainean jarri eta denon artean aztertzeko egiten ditugu.

Ardura gabe jokatzen ari zara, Udaleko gehiengoak herriko hondakinak ez erretzea erabaki baitugu. Orion ere gehiengoak moratoria -6 urteko geldiune bat- eskatu dugu erraustegiarentzat, birziklatzearen alde, ditugun ahalik eta baliabide gehien jartzeko.

Eta ardura Udalarena da, 10/98 hondakinen estatu legeak eta 1.481 errege dekretuak diotenez. Urola Kostako Udal Elkartea, besteak beste, osatzen dugun herriek hondakinen gestioan ahalik eta gehien birziklatzeko eta ingurumena zaintzeko ditugun baliabideak elkarrekin erabili eta aprobetxatu zitezen sortu zen. Horregatik jartzen ditugu urtean 500.000 euro. Besteak beste, hondakinen birziklatze maila altuenak eragiten dituzten sistemak udalekin bat aztertuz martxan jartzeko. Eta posible da, San Marko Udal Elkarteak erakutsi duen lez; lankidetza hitzarmenak, arduren berreskuratzeak, elkarlana egin daitezke. Ingurumen eta osasunaren aldeko borondatea besterik ez da behar.

Atez atekoak herritar guztiok birziklatzen jarri eta erraustegiaren beharra desagertuko lukeen moduan, 5. edukiontziak eta edukiontzien sistemak, orokorrean, birzikla daitezkeen hondakinak nahastuta isuri eta gaizki egiteko aukera ematen du -gure herriko %80-, erraustegiaren beharra indartuz. Erraustea sekula ez da birziklatzea baino hobea izango.

Eta noiz ikusi dugu gure herrian nahi duenak ongi aparkatzen eta nahi duenak gaizki, isunik jaso gabe? Noiztik dira udal zergak borondatezkoak?

Onartuko al zenuke Orioko Palotetan erraustegi bat jartzea, minbiziak, malformazioak, ernaltze zailtasunak, asmak, alergiak eta abar ekar ditzakeela, eta, gainera, atez atekoa jarriz gero beharrezkoa ez litzatekeela izango jakinda?

Nolatan jasan behar dute Zubietan, Orion birtziklatzen ez dutenen eta baliabide egokiak jartzen ez dituztenen arduragabeke-ria?Jakin, gainera, nahiz eta erraustegia Zubietan egin, Orio lehen aipatutako gaixotasunak pairatzeko arrisku altuko eremuan dagoela.

Hori dena dela eta, langileekiko bileretara ere deitu dut. Udaleko gehiengoak onartu ditugun irizpideak azaltzeko. Eta ez naiz hasiko zuk esan bezala bilera hauek lan orduz kanpo egiten, udal langileak zinegotzi eta herritar denon langileak baitira eta ez zureak bakarrik -EAJrenak-. Langileek eskubide osoa dute Udal honetako politikariok erabakitzen ditugun gaiak aztertu eta lantzeko. Eta horretara noa, oso gutxi birziklatzen duen Udal honetan Zero Zabor kontzeptua jakinaraztera, lantzera eta praktikan jartzera. Gonbidatuta zaude parte hartzera, nahiz eta ez etorri.

Ingurumena denon ardura da eta elkarrekin lor genezake Orio garbi, osasuntsu eta ekologikoago bat.

Zuk ikusi, herriari errausketaren ke toxikoa eskaini edo atez ate osasuna zabaldu.

Leire Zinkunegi (Turismo eta Ingurumen Batzordeko burua).

Orio.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia