Zuzendariari
Hondarrik ez erre
Hernanin atez ateko bilketa jarri denetik konturatu naiz papera, beira, plastikoa eta organikoa bereizi eta gero zein zabor gutxi geratzen den. Eta, errefus apur hori erretzeko, ez dago 400 milioi euroko errauste planta erraldoirik egin beharrik. Badago diru hori zertan erabili.
Merezi du ahaleginak. Oso erraza da. Etxean lau ontzi jarri eta bakoitzean dagokion gaia botatzea besterik ez da. Gipuzkoar guztiok hori eginda, ez da zaborrik erre beharrik izango. Alternatiba hor dago.
Edukiontzietan bil daiteke edo atez ate. 5. edukiontzia jartzea ez dago gaizki, baina une honetan ez da nahikoa. Atez ateko sistema jarri den hiru herrietan %80 birziklatzera erraz irits daitekeela frogatu dute. 5. edukiontziarekin hori lortuko balitz, ondo legoke, baina oso urruti dago, borondatez oraindik, hainbat kanpaina egin badira ere, herritar gehienek ez dute bereizten eta.
Beraz, ez dago besterik. Papera, beira eta plastikoa birziklatu eta berriro erabili baldin badaitezke, eta organikoa konpostegian lurrarentzat ongarri bihurtu baldin badaiteke, gaur egun ez du zentzurik zaborra poltsan bereizi gabe atera eta zabortegira eramateak, eta are gutxiago hondakin guztiak elkarrekin erretzeak.
Erraustegia egiten bada, tximiniatik aterako den kea eta labean geratuko diren errautsak, azken finean, toxikoak dira, kutsadura. Probatu nahi duenak zabor poltsa batzuk pilatu eta eman sua, plastiko eta beste hondakinek sortutako ke eta hondarrak zein desatseginak eta osasunarentzat arriskutsuak diren eta ingurua zenbat kutsatzen duten ikusteko.
Atez ateko bilketaren inguruko zalantzak dituena etor dadila Hernanira, Usurbilera edo Oiartzunera. Espero dut hiru herri hauetako esperientzia mugimendu zabal eta emankor baten hasiera besterik ez izatea. Ahalegina Gipuzkoa osora zabaltzeak onura besterik ez digu ekarriko. Horregatik nago luzapenaren alde, erraustegiaren proiektua sei urte gelditzearen alde. Etxean norberak sortzen duen hondakina bereizi eta ez da erre beharrik izango. Organikoa berriro lurrari itzuliko zaio ongarri moduan.
Jon Altuna.
Hernani.Katolikook eta ordena politikoa
Roman Garmendia.
Donostia.Araban berreskura dezagun euskara
Jose Inazio Lopez de Luzuriaga.
Donostia.Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
