Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 17:37

IRITZIA;2010-06-12;XXI. mendeko barbaroak?

XXI. mendeko barbaroak?

Roberto Manjon

Hizkuntz normalizaziorako teknikaria

Gustukoa ez dugun zibilizazio honi begiratzen diogunean, etsipenak jotzen gaitu. Amaierarik gabeko gau bat dirudi. Natura maite badugu, badakigu ez dela erasoa besterik egongo; euskaldun iraun nahi badugu, kapitalismoak ez digu aukerarik emango. Zibilizazioak akabatuko gaituela dugu zirrara. Globalizazioa betiko?

Ez, jakina. Kapitalismo oligopolikoa (dirua esku gutxitan) ez da eternoa. Hipotesi bat: amaierara hurbiltzen ari da; berez, arau kosmikoek bide hori agintzen baitiote bizi den orori. Amaieraren kausa guztiak antzinako hitz batez labur daitezke: hybris, alegia, gehiegikeria, harrokeria, muga eza. Hybris, antzinatean jainko kosmikoek (fisikoek) gogorren zigortzen zuten (nemesis) jokabidea. Gure Olinpoko jainkoek -Marik, Sugaarrek eta Basajaunak- larrutik ordainaraziko digute.

Lehenengo globalizazioa aspaldi gertatu zen, garai helenistiko erromatarrean. Orduan, orain bezala, oinarrizko arazo batzuk izan zituzten aurrez aurre: etengabeko hazkundea, botere ekonomikoaren kontzentrazio jasanezina, metropolizazioa, herritarren urruntze politiko-soziala, indibidualismo eta ideal nahiz xede kolektiboen galera, kohesio sozialik eza, eszeptizismoa, kontsumismoa, autoritarismo politikoa, baina, finean, kontrol-mekanismoen eta errepresioaren eskasia. Kontzentrazio-puntu batera helduta, boterezko egiturak euskarri gabe geratzen dira. Orduan, fluxu soziopolitikoek eta sozioekonomikoek bermedun egitura berriak bilatzen dituzte, eskualde edo tokian tokikoak, ezinbesteko oreka berrezartzeagatik.

Faktore horiek guztiek kolapsora eraman zuten erromatar mundu globalizatua, gaurkoa daramaten bezala. Alexandro Handiaren inperioarekin hasi zen globalizazio hura. Herriak (hiri-estatuak) menderatuak izan ziren, eta metropoliak sortu. Boterea metropolietara urrundu zen; herritarrek partaide izateko aukera galdu. Ideal zibikoa aienatu zen. Gizabanakoa agertu zen, eta gizakia problema bihurtu. Inperioaren aldean, gizabanakoa xumea zen, ezereza, mundu hartan galdua. Gatazka, herri eta, gehienez, estamentu sozialen artetik, pertsonen artera eta pertsonen barrura lerratu zen. Bizitza gatazkatsuagoa, larriagoa, ezegonkorragoa, ondasun gehiago eta teknika zoliagoen artean. Egun bezalatsu.

Filosofiak gizabanakoaren salbamendua izango zuen xede. Arima asmatu zuen. Indibidualismoa sortu zen. Parte hartze politikoaren xedea alde batera utzita, idealismoz eta mistikaz egin zioten aurre indibidualismoari. Lehen, gizarte edo estatu on bat nola sortu zen galdera; ondoren, mundu doilor batean norbera nola bizi. Egitasmo kolektiboetan ilusiorik ez. Gizabanakoaz batera, bakartasuna eta larridura. Gaitzetik bertute atera zuten, orain bezala: gizabanakoak arima indibiduala du, berezia, errepika ezina... eskerrak! Eta orain telebistan poltergeist eta reality piloa... Hau mundu arrano hau!

Metropolietan aniztasuna zen nagusi, bai kulturan bai hizkuntzan. Oso heterogeneoak ziren. Bereziki handia izan zen Asiako herritar eta kulturekiko nahasketa. Kultur aniztasunak indibidualismoari arnasa eman zion: talde-erreferentziak, identitate kolektiboak ahuldu ziren. Ohitura, erritu, kultur balio, hizkuntza..., desberdin askoren talkak erlatibismora eta eszeptizismora eraman zituen herritarrak. Dena zen egia eta gezurra, dena konbentzionala, dena ondo eta txarto, ikuspegiaren arabera. Funtsik ez zegoen, ez bermerik.

Inor ez zen bertakoa, ez inongoa. Indibidualismoarekin batera munduko herritarra azaldu zen. Kosmopolita. Faltsukeria horrek ez zion jendeari identitatearen galera konpondu, abstrakzioak ez baitu benetako erreferentziarik eskaintzen, baina tresna aparta izan zen Inperioarentzat. Izan ere, herritartasun global bat behar zuen asmo inperialista zuritzeko, hots, ideologia globalizatzaile bat. Kosmopolitismoa eta kultur aniztasuna boterearen konsigna izan ziren, orain bezalatsu. Hirietako goi-klaseak globalizazioaren aldekoak ziren, behe-klaseak aurkakoak.

Alexandro Handiaren Mazedoniar inperioa Erromak ordezkatu zuen. Erromak bazuen Greziak galdutako kohesio soziala. Baina, inperioa eratzeaz batera, barrutik hustuz eta endekatuz joan zen. Botere metropolitar-inperialek tresna batzuk baliatu zituzten kohesioa indartu eta botereari eusteko: etengabeko hazkuntza inperiala, metropolietako kontsumoari eutsi edo gehitzeko; erlijio asiarrak, kristaua barne; autoritarismoa eta errepresio militarra. Enperadorea (estatua) sakralizatu zuten. Herritarrak kontsumismo hedonistara lerratu eta harekin narkotizatu ziren. Dena alferrik. Aberastasunaren erdian, erromatarrak erlijiotsu, eszeptiko, ezkor, hedonista, indibidualista eta eskapistak bihurtu ziren. Mundu globalak ez zeukan euskarri ideologikorik, ez atxikimendurik, ez herririk. Diruak eta errepresioak ez dute herria sortzen ez iraunarazten.

Inperioak barrutik desegiten dira, indar zentrifugoen ondorioz, ezarian, hamaika borroken artean, kolapsatuta. Orduan, kohesio handiko taldeak nagusitzen dira, agintariekiko mendekotasun kultural eta ideologikotik ere askeagoak. Germaniar herriak Erroman eta partoak Mesopotamian... Egongo ote gara euskaldunak globalizazioaz osteko barbaroen artean? Ezinbestekoa: euskaldunok trinkotu egin behar dugu geure herri xumea. Are gehiago: autonomia kulturala ez ezik, ideologikoa ere sustatu behar.

Bizirik helduko ote da Euskal Herria une horretara? Ez dakigu zibilizazioaren azken maldak zenbat iraungo duen. Batetik, mendeak hamarkada bihurtu zaizkigu denbora azeleratu honetan, baina, alderantziz, sareak askoz trinkoagoak dira aro helenistiko erromatarrean baino. Kontrolak ere handiagoak eta sofistikatuagoak. Burbuila baten gainean bizi gara, ordea, ingurumen-hondamendiaren atarian, eta petrolioaz elikatuta, agortzeko zantzuak dituela.

Batzuek zibilizazioak norabidea aldatzea itxaron dute. Badago horretarako arrazoi-izpirik? Ez dirudi. Historiak ez du erakusten gainbehera ekidin duen zibilizaziorik. Zergatik? Gure adimena, animalia guztiena bezala, instrumentala delako, ez estrategikoa. Aurrean daukagun probetxuari begiratzen diogu, ez etorkizunak dakarkigunari. Animalien aldean, ergelak gara, eurek adimen instrumentala egokiro baliatzen baitute, hybrisik gabe. Muga jakinen artean bizi dira. Ez dute bere burua suntsitzen, ez eta ondokoak ere; geu, ordea, suntsitzailetasunak ezaugarritzen gaitu.

Beraz, prestatu gaitezen talde kohesionatu eta aske bat izateko. Euskal nazioaren eraikuntzak euskarri sozial, ekonomiko eta ideologiko berriak beharko ditu, ohiko bideak, iraultza burgesa eta sozialismo klasikoa, iraungita daude eta. Pentsa dezagun nola, ideologia nagusien zama arinduta. Eratu dezagun euskal intelligentsia bat, ausartagoa. Agian gutxika eta zatika jorratu beharko ditugu bideok, baina hurbil dagokeen kaosa aukera bat izan daiteke zamak arintzeko. Baikorrak izan gaitezke.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia