Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 17:35

IRITZIA;2010-05-27;Zuzendariari. Bi «artista» Isaac Torrijos, 'Torri', gogoan Usurbildik: animo, Hernani!

Zuzendariari

Bi «artista»

Bat: Tabakaleran obrak egiten hasi aurretik (orain ez omen dira hasiko puska batean. Bide batez, chapeau, Joxean Muñoz!) La Fura dels Baus konpainiak Degustación deTitus Andronicus antzeztu zuen bertan. Shakespeare hilda dagoela aprobetxatuz eta donostiarrok snob hutsak garela jakinik, aspaldi honetan ikusi dudan emankizun aspergarri eta garestiena eskaini ziguten. Hona nire galdera: Zein da antzezlan hori kontratatzea erabaki duen «artista»?

Bi: Eman dute ezagutzera Donostiako Antzerki Feriaren egitaraua. Oraingoan ez dute lanik hartu dFeria izenburuaren euskarazko ordaina asmatzen. Eskertzekoa da. Espainiara begira pentsatutako jaialdia da eta ez dago lotsatzeko motiborik. Egingo nuke, egitaraua diseinatu duen «artista» La Fura dels Baus kontratatu zuen berbera dela edo haren lehengusu propioa. Hau ere, euskal antzerkiaren etorkizunaz arduratuta bizi den «artista».

Ramon Agirre Lasarte.

Aktorea (Donostia).

Isaac Torrijos, 'Torri', gogoan



Maiatzaren 17an, azken agurra eman genion Torri-ri, Otxarkoagako Senideen Elkarteko presidenteari. Bere heriotzak ustekabez harrapatu gintuen. Lehendik ere gaixo egon zen, baina beti aurre egiten zion egoera gaitz horri, borrokarako mamia bereizgarri baitzuen.

Bizitzan zehar, jende asko ezagutzen dugu, gehienek gure bizitzan eragin barik. Torriri dagokionez, aurkakoa gertatzen zen. Gogorarazten dudanean elkartekoek Otxarkoagako historiari buruz liburu bat idazteko proposatu zidatela, egia esateko, nirekin izan zuten harremana ikaragarri ona izan zela adierazi behar dut. Gure lan osoa altruista izateaz gain, auzoak Bilboko historian leku propioa edukitzea zuen helburu.

Atseginez gogora datorkit Torrik liburuaren aurkezpenean hitza hartu zuenean nola lotsarazi zuen Julia Madrazo hirigintza zinegotzia, luzatu zizkion esker hitzengatik.

Hamaikak txartzat hartzen zituzten Torriren hitzak; beste askok ez, ordea, eskertzen zutelako halako pertsona bat egotea, ahoan bilorik gabe mintzatzen zena, estalkirik gabe, zintzo jokatzen zuena. Bestalde, balio erantsia zeukan gizarte honetan, gezurra, manipulazioa, itxurakeria eta iruzurra eguneroko kontu direnean. Torriren ezaugarri nagusia zen bere egiazaletasuna, erraietatik ateratakoa.

Gizon honek ez zuen inor axolagabe uzten. Auzokide honek berrogei urte eman zituen Otxarkoagaren alde zein Bilboren alde lan egiten. Goraipatzeko jarrera, benetan. Niri pertsonen jokamoldeak asko esaten dit; batez ere, Otxarkoagaren alde izan zuen jokabidea, jo eta su lanean hainbat urte emana beste elkarkide batzuekin, Kristobal eta Pablorekin besteak beste. Torrigatik izan ez balitz, Otxarkoaga ez litzateke izango ezagutzen dugun auzoa.

Burura datorkit jazoera bat, Otxarkoagari buruzko dokumental bat grabatu genuenekoa. Makina bat gorabehera kontatzen zigun eta askok zirrara eragiten zioten. Batik bat, guda zibilaren ostean gertatutakoek. Frankistek egin zizkieten zitalkeriak, Kordoban, bere senideak komunistak zirelako, edota bere anaiarengandik aldendu behar izan zuenean, edota gorriak ikusi zituztenean, behin baino gehiagotan. Baita Bilbora etorri berritan, bidaia gorabeheratsua egin ondoren, frankismoaren errepresioa pairatu zuenean, Bandas lantokian langileen borroketan parte hartu zuenean, edota egin zituzten hirigintza aldarrikapenak auzoko zentzugabekeriak konpontzeko. Geroago etorri ziren, manifestazioak, itxialdiak... hots, borroka, etengabea, auzoari duintasuna emateko. Hori guztia zela-eta, Otxarkoagaren aiurria sortu zuen, Torrik berak zeukana.

Agurraren eguna, atxikimendu handia erakutsiz, askok mahai-gaineratu zuten Udalari eskatzea plaza edo kale bati Torriren izena eman diezaion, merezi duelako.

Ekainaren 10ean Torriri omenaldia egingo diogu, auzoan bertan. Euskarak leku berezia izango omen du, Torrik egindako lanagatik. Gogoratu nahi dizuet bere egitasmo nagusia izan zela Otxarkoagako auzokide guztiek euskaraz bizitzeko aukera izatea. Otxarkoaga da euskara ikasteko aukera musu-truk eskaintzen duen Bilboko auzo bakarra. Torriren azkeneko lorpena. Apika, ohartu barik, azken gatazka sortu zuen: euskara ikasteko aukera izatea ezer ordaindu gabe eta negozioa egiteari uko egitea, eskubide unibertsal bihurtuz gero. Torri bezalako pertsonek handi egiten dute gure gizarte koxkorra.

Torri, arima arimatik, zauden tokian, sekula guztian, agur eta ohore.

Luis Bilbao Larrondo.

Bilbo.

Usurbildik: animo, Hernani!



Usurbilgo esperientzia baliatuz, Hernanira ere iritsi da atez ateko zabor bilketa martxan jarri den eguna. Usurbilen bezain indartsu, edo indartsuago, hasi omen da, gainera, entzuten ari garen informazioaren arabera. Zorionak, beraz, Usurbildik.

Badakigu horrelako aldaketak ezartzeak zer kezka sortzen diguten herritarroi; baina eguna iristen da, eta, orduan, ohartzen gara konpromiso eta borondate apur batekin aurrera egitea ez dela oso zaila. Badakigu, gainera, zuek eta guk, sistema hau hautatu orduko, zenbat presio jasan behar izan dugun hainbat alderdi politikotatik eta, nola ez, errauste plantaren alde nabarmen aritzen den eta, oraindik, Gipuzkoan gehien saltzen den egunkari horretatik. Eguna joan eta eguna etorri, argi ikusten dugu zer kanpaina gogorra egiten ari den egunkari hori aukera berri honen aurka. Hala ere, beti entzun izan dugu hernaniarrak kastakoak zaretela, eta horrela ari zarete erakusten.

Orain, oiartzuarren txanda izango dugu. Eta, ondoren, Debagoieneko herriren bat ere etorriko dela ikusten hasiak gara. Gure lurralde honetan horrelako aldaketak posible direla ikusi arren, Foru Aldundiak, tamalez, itsututa jarraitzen du.

Idatzi hau animoak emateko idatzia dago. Animoak Hernaniko herritar guztioi. Aldi berean, animoak bidali nahi dizkiet nire alderdiko (Aralarreko zinegotzia naiz Usurbilen) militante eta jarraitzaileei. Atez ateko sistemaren alde ager daitezen konplexurik gabe. Nahiz eta nire alderdiko kideren batzuk gai honetan jokoz kanpo dauden, ziur nago Aralar hor egongo dela atez ateko sistemaren alde eginez, erabakigarriak garen herrietan eta erakundeetan.

Lontxo Zubiria Kamino.

Aralarreko zinegotzia (Usurbil).

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia